Harriet argitaletxeak argitaratutako komiki berri honek, Agustín Ferrer Casas-en Ihes plana-k alegia, Gerra Zibilaren testuinguruan kokatzen du fikziozko arte lapurreta bat, nik ezagutzen ez nuen Pradoko Giocondarena zehazki (antza, Leonardo da Vinciren tailerreko ikasleren batek Giocondaren aldi berean egindako antzeko koadroa da).
Intrigazko trama polita ondu du Casasek, bi denbora-planotan kontatzen dena. Bat 1936an kokatzen da. Madril inguratu aurretik Errepublikako Gobernua Valentziara lekualdatu da, eta berarekin eraman ditu Pradoko Museoko lanik garrantzitsuenak. Horren jakitun, familia aberats batek lapurtu eta kopia batengatik ordeztu nahi du, ateratako diruarekin ihes egiteko. Baina hori lortu beharko du bonbardaketa gogorren erdian eta lehenbailehen, Gobernua eta artelanak berriz ere laster beste norabait eramango direla ziurra baita. . .
Gaur egungo denbora-planoan, arte aditu batek eta artelanen lapur batek balizko lapurreta/ordezkapen haren berri izan dute, eta lapurtutako jatorrizkoaren pisten atzetik dabiltza hura aurkitu nahian, horrek emango dien ospearen bila. Baina hau ere lehenbailehen egin beharko dute, Museoan dagoena zaharberritu behar baitute eta ziurrenik konturatuko baitira ez dela egiazkoa, beraiei primizia kenduz. . . Eta lapurrak, jakina, bere agenda propioa du. . .
Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.