"Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko"

"Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

artium.eus

Non

Artium

Noiz

09/09/2020-etik 08/12/2020-era

Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko erakusketa aurkeztuko dute irailaren 9an. Abenduaren 8ra arte irekita egongo den erakusketa Donostia Zinemaldiaren 1977ko edizioan ardaztuko da, alegia, zinema-jaialdiaren kudeaketa Donostiako hiriari eskualdatu ondoren egin zen lehendabizikoan. Ekimena Artium Museoaren Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago eta Zinemaldiak eta EQZEk bultzatzen duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren parte da. Trantsizioaren lehen urte haietan, Donostia Zinemaldiaren eraldaketaren abiapuntua izan zen 25. edizioa, zinema- eta politika-esperimentazioko laborategi bihurtu baitzen, gizarte-borroka handiko garaia izanik. Zinemaldiaren artxiboko materialak egongo dira ikusgai, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, tartean, gutunak, agiriak, argazkiak eta aldizkariak. Pablo La Parra Pérez erakusketaren komisario eta Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikerketa-saileko arduradunaren hitzetan, «1977. urtean, Donostia Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina edizio hura urteurrena bainoago borrokarako gunea izan zen: hiriak aurrenekoz kudeatu zuen jaialdia, eta aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, zinema-jaialdi demokratiko berri bat sortzeko». Hala, «Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren harira topatutako artxibo-materialetatik abiatuta, erakusketak errotiko aldaketa ekarri zuen urte horri erreparatzen dio». Donostia Zinemaldiaren artxiboa
Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak, zinema-jaialdiaren artxibo bizi bat sortzeko asmoz, elkarlanean abian jarri duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren barnean sortu den egitasmo berria dugu erakusketa. Proiektuaren lehen fasea, Estatuko Loteria eta Apustuak erakundeak babesten duena, 2022an amaituko da, Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrenarekin bat. Z70 proiektuak agerian jartzen du 1953az geroztik Zinemaldiaren artxiboan gorde diren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta aipamenak egunkari eta aldizkarietan, liburuak, etab. ). Helburu nagusia da hausnarketa bat piztea Zinemaldiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere. Proiektu honetarako, Zinemaldiaren artxiboko material guztiak Tabakalerara eramango dira eta, bertan, aztertu, prestatu eta katalogatu egingo dituzte, Euskadiko Filmategiaren instalazioetan ondo kontserbatuko direla bermatzeko. 2022an, artxiboan kontsultak online nahiz aurrez aurre egiteko aukera eskainiko zaio publikoari, eduki digitalizatuen bilduma baten bidez. Funtsen kontsultaren parte izango dira foku tematiko batzuk, EQZEko graduondoko ikasle talde batek eginiko ikerketa batean oinarrituak. Lan hori Pablo La Parra Pérez ikertzaileak zuzendu du eta Zinemaldiko sail guztien laguntza izan dute ikasleek. Ikerketaren fokuetan arreta bereziz landuko dira Zinemaldiaren historiako pasarte ezezagun edo argitaratu gabeak. 2022ra arte, emaitzak ezagutzera emateko, aldibereko eta elkarrekin lotutako bi lan-ildo planteatu dira. Alde batetik, ikerketa espezializatuko materiala sortuko da (artikulu akademikoak, kongresuetarako aurkezpenak, argitaratzeko proiektu propioak, mintegiak, etab. ), zinema-ikasketen alor akademikoko azken garapenekiko elkarrizketa kritiko bat sustatzeko. Bestalde, ekitaldi publikoak egingo dira (hitzaldiak, erakusketak eta ikastaroak), publiko zabalagoetara bideratuak, esaterako, Artiumeko erakusketa, EQZEko ikerketa-taldeak 2018-2019 ikasturtean egindako ikerketaren emaitzetako batzuk biltzen dituena.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak