Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik I

Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea zabalik I
•  “Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean hasi da gaur Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. •  Ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. •  8. 000 lagun inguru mugitzen ditu egitasmoak bai aurrez aurre eta baita online ere.

Hiru hamarkaden langa gaindituta, indartsu jarraitzen du Mintzapraktika egitasmoak eta aurten, ikasturte berri bati ekingo diote milaka lagunek Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Egitasmoaren funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gaien inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da.

Baina hogeita hamar urte baino gehiago dituen egitasmo batek gaur egunean ere aukera erakargarria izaten jarraitzeko, eraldatzeko, moldatzeko eta eboluzionatzeko gaitasuna behar du izan. Pandemia garaietan onlinera egin zuen salto Mintzapraktikak eta horrek, mugak hautsi zituen munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzaleei ere euskara praktikatzeko aukera zabalduz.

Poliki-poliki, egitasmoak beste behar batzuk asetu eta eremu berriak konkistatu ditu, geroz eta hartzaile anitzagoengana iritsi asmoz. Informazioa Eman izena! Egin nahi duzun hori, egizu euskaraz

Bada Mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina zergatik ez uztartu Mintzapraktika beste zaletasun batzuekin? Izan ere, euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: Yogako esterila, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak…

Yoga taldeak, kakorratz taldeak, mendi taldeak, boxeo taldeak, bizikleta taldeak, mahai jolas taldeak, antzerkia elkarrekin ikusteko taldeak, abesteko taldeak, ortua lantzeko taldeak… benetako adibideak dira, errealitatea dira hainbat herritan eta ezin hobeto funtzionatzen dute.

Aisialdia antolatzerako orduan, parte-hartzaileek ez dituzte bere zaletasunak mintzapraktika egiteko alde batera utzi behar, dena uztartu dezaketelako. Eta ez hori bakarrik, bere interes berak dituzten pertsona berriak ezagutu ditzakete, harreman berriak euskaraz eraikiz. Egun beraz, talde adina modu daude mintzapraktika egiteko. Batzuek astero biltzen dira, besteak hilero, besteak astean bi aldiz… goiz osoa eman dezakete mendian edo pare bat ordu josten eta berriketan. Moldagarria, malgua, anitza eta ederra da mintzapraktika. Erabileraren mesedetan

Euskararen erabileran jauzi bat egin behar dugun momentu honetan, oso azpimarragarria da Mintzapraktikak alor honetan egiten duen ekarpena. Hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz.

Euskal hiztun berriak mingaina dantzan jartzera laguntzen ditu, ezagutza eta erabileraren arteko jauzi hori era progresiboan eta segurtasunez ematen lagunduz.

Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko interesa duen pertsona orok, bere herriko euskara elkarte edo euskaltegira jo dezake, dauden taldeak ezagutu edo, zergatik ez, talde berriak proposatzeko. Bestela, www. mintzalaguna. eus orrialdean ere badago izena emateko aukera.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak