Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura

Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarrbia, 2014) jaiotegunaren mendeurrena beteko da maiatzaren 6an. Wikipedia orojakileari jaramonik eginez gero, Basterretxea “eskultore, margolari eta zinemagile” izan zen. Hori ere bai, jakina, baina Auñamendin begiratuz gero, berriz, baita ere “diziplina anitzeko artista, arte plastikoak, eskultura, ilustrazioa, diseinua, arkitektura, paisajismoa, argazkilaritza, zinemagintza, arte eszenikoak, poesía eta publizitatea landu zituena”. 

Jakineko zehaztapenetan murgilduz gero, Basterretxearen ekoizpenik ezagunenak dira Eusko Legebiltzarreko “Izaro” eskultura, Donostiako “Bakearen usoa”, Arantzazuko kripta, “Euskal Kosmogonia” eskultura saila eta Larrukertekin batera, “Ama Lur”, "Pelotari” eta “Alquezar” film mitikoak. Eta, ezezagunenak, behar bada, 1950 eta 1960ko hamarkadetan aitzindari asko landu zituen diseinu industriala zein euskal interiorismo modernoa eta azaldutako arkitektura-proposamenak.

Eta, hain zuzen ere, bi arlo ezezagun samar hauek dira, Bermeoko artistaren mendeurrena dela-eta, Bilboko Arte Ederren Museoak oraingoan lehenetsi nahi izan dituena, lau ataletan barrena, alegia: “Basterretxea eta Juan Huarte. Mugako diseinua edo arteen integrazioa” (Pedro Reula); “Oteizak, Basterretxeak eta Valletek proiektatutako eta eraikitako tailer-etxeari buruzko txostena. Irun, 1955-1958” (Gilermo Zuaznabar); “Nestorren altzariak. Biok etxeko altzariak” (Pedro Feduchi); eta “Espresioaren eta funtzioaren artean. : Basterretxearen arkitekturak”.

Erraza da gero, orain, etxe minimalistez zein abangoardiako dekorazio berritzaileaz hitz egitea, eta diseinu industrialaren garrantzia aldarrikatzea. Baina ez zen batere arraza eta ohikoa duela sei hamarkada, frankismopeko autarkiaren hondarrean, helburua irautea baino ez zenean. Nestor Basterretxea dugu lehen urraspide haietako aitzindaria.

Arte Ederren Bilboko Museoan, otsailaren 28tik maiatzaren 26ra.

Euskal Kosmogonia, Jaizubiako Idurmendieta baserrian. 1977

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak