"3 begirada zehatz: Félix Ortega, Jokin Manzanos eta Juan Moreno"

"3 begirada zehatz: Félix Ortega, Jokin Manzanos eta Juan Moreno"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

pamplonaescultura.es

Non

Ziudadela

Noiz

30/07/2024-etik 08/09/2024-era

‘3 begirada zehatz’ izeneko erakusketa aurkezten du Iruñeko Udalak gaurtik aurrera Mistoen Eraikineko lehen solairuan. Erakusketak Félix Ortega, Jokin Manzanos eta Juan Morenoren ehun lan biltzen ditu; besteak beste, pinturak, eskulturak, argazkiak eta marrazkiak. Erakusketa irailaren 8ra arte bisitatzen ahalko da. Udalaren proposamenak geometria lan-tresna konstruktibo eta zehatz gisa erabiltzeko lengoaia komunak ahaidetzen dituen hiru artistaren lanen bilduma bat aurkezten du. Iruñeari lotutako artistak dira, Nafarroan bizi dira, eta abstrakzioaren mundutik datoz. Formaren eta kolorearen arazketa, objektualak ez diren irudi abstraktu horiek lortzea eta isilune aktiboak bilatzea da erakusketa honetarako aukeratutako obren etengabeko asmo berariazkoa. Egileak
Félix Ortegak eta Juan Morenok Iruñeko Alde Zaharrean partekatzen dute lantokia. Félixen ‘Tokioko bihotza’ erakusketa –oinezkoen pasabideen geometriari buruzko azterlan bat– Arma Aretoan ikusgai egon zen 2008an, eta urte berean Pablo Sarasate konpositore eta biolin-jotzaile iruindarraren omenez Iruñeko Sarasate pasealekuan eginiko hamabost biolin erraldoiz osatutako instalazioan parte hartu zuen. Haron, Errioxan, jaio zen 1956an, eta duela urte asko Nafarroan bizi da. Parisen eta Madrilen prestakuntza artistikoa jaso zuen, eta egileak adierazten duenez, “geometria du lan-tresnatzat, hizkuntza abstrakturik garbiena delako(…) eta obraren eta hura behatzen duenaren artean distantzia emozionala sortzen delako”. Egilearen lanak zenbait bildumaren parte dira: Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma, Nafarroako Museoaren Arte Bilduma eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ondare Artistikoa. Bestalde, Juan Morenoren lanak bi aldiz egon dira ikusgai Bolborategian (2004an ‘Fragmentaciones’ erakusketarekin, eta 2014an ‘Fragmentaciones 2. 0 Zatiketak’ erakusketarekin). Erakusketa horretan proportzioekin esperimentatzen jarraitzen du, eskultura geometrikoen proposamen baten eta “Karratuaren erretratuak” argazki-seriearen bidez, eta modu artistikoan hausnartzen du pieza geometriko horiek hondo errealetan kokatuz. Juan Morenok (Iruña, 1974) Iruñeko hainbat lantegitan egin zituen arte plastikoko ikasketak, eta hainbat artista izan zituen irakasle, hala nola Javier Satrústegui, Isabel Cabanellas eta Félix Ortega. Azkenik, Jokin Manzanos: artista plastikoa, diseinatzaile grafikoa eta irakaslea. Iruñean jaio zen 1962an, eta oraindik ere Nafarroan bizi da. Mariano Royoren pintura-lantegian jaso zuen prestakuntza, eta, ondoren, zeramikako ikasketak egin zituen Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan. Era berean, Rafael Canogar artistak Artelekun (Donostia) zuen lantegian parte hartu zuen, baita Zubiarte lantegian (Uharte) ere, azken honetan grabatuak egiteko teknikak lantzen. Azkenik, irudien diseinu eta tratamendurako aplikazio informatikoko ikasketak egin zituen. Ziudadelan egin zuen azken erakusketa Bolborategian egon zen ikusgai, 2015ean.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak