"Artea ikasbide"

"Artea ikasbide"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

guggenheim-bilbao.eus

Non

Guggenheim Bilbao Museoa

Noiz

17/06/2024-etik 15/09/2024-era

Artea ikasbide hezkuntza-programa arteaz baliatzen da metodologia berezi baten bidez Lehen Hezkuntzako curriculuma indartzeko. 2023–24 ikasturtean, sei ikastetxetako neska-mutilek Museoko beste horrenbeste artista izan dituzte bidelagun sormenez betetako abentura batean. Proiektu artistiko ugariren bitartez, hainbat eduki jorratu dituzte hogei saiotan zehar: elikadura osasungarriaren garrantzia, pertsonen arteko hartu-emanen bilaketa, natura eta ingurunea ulertzeko begirada berritzaileak eta abar luze bat. Bideoa, pintura, argazkilaritza zein eskultura baliatuta, ikasleek errealitatea esploratu eta ulertu dute, baita elkarlanerako trebetasunak, sormena eta irudimena sendotu ere. Euren sormenprozesuak abiatu eta garatzera bultzatu ditugu ikasleak; pentsatzera, baloratzera, aukeratzera, probatzera, zalantza egitera eta dibertitzera; batzuetan baita galtzera ere, eta, jakina, huts egitera, akatsik gabe ez baitago aurrera egiterik. Hezkuntza-programa artistiko honen azken urratsa ikasleen proiektuak Museoan ikusgai jartzea da. Oraingo honetan, naturaren aldaketak eta prozesuak, bertoko nortasuna, guztionaren eta bakoitzarenaren arteko lotura, edo zaintzaren garrantzia izan dira, besteak beste, erakusgai jarritako proposamenetako askoren abiapuntua. Aretoaren
kanpoaldean, bideo batek ikasturtean zehar ikastetxeetan garatutako sormen-prozesuaren laburpena erakusten du. Erakusketak amaiera ematen dio ziklo artistikoari, eta jendaurrean aurkezten du egindako lana. Bisitariek ustekabeko aukera izango dute ikuspuntu original bezain freskoez gozatzeko, ideia iradokitzaileak aztertzeko eta ekimenean zehar partaideek izan duten ikasteko eta sortzeko grina bere egiteko. Museoaren programazio artistikoak ingurumenari buruzko hausnarketarako aukerak zabaldu ohi ditu, eta Artea ikasbide proiektuak ere ingurumen-jasangarritasunaren ildo horri jarraitzen dio, bai aurkezpenerako materialen hautaketan, bai proiektuetako askoren gaietan

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak