"Harrera / Acogida" (bisita birtuala)

"Harrera / Acogida" (bisita birtuala)

Gertaeraren datuak

Antolatu du

fundacionvital.eus/

Non

Vital Fundazioaren Aretoa

Noiz

01/04/2020-etik 30/05/2020-era

Vital Fundazioa erakusketa-zentroan Harrera/ Acogida erakusketa ikusgai. Gerra eta gatazka belikoen ondorioz errefuxiatutako pertsonen fenomenoan sakontzen du erakusketa horrek. Desgaitasun psikikoa eta/edo intelektuala duten pertsonek egin dituzte piezak, Bilbao FormArte proiektuaren barruan. Harrera/ Acogida erakusketa oso berezia da, bai jorratzen duen gaiagatik, hau da, gerren, gatazka belikoen eta goseteen ondorioz beren jatorrizko tokiak uztera behartuta dauden errefuxiatuen fenomenoa, bai erakusten diren piezen egileengatik; izan ere, desgaitasun psikikoa eta/edo intelektuala duten hogeita bi lagunek sortu dituzte. Bilbao FormArte desgaitasun psikikoa eta/edo intelektuala duten pertsonek beren gaitasun sortzaile guztia zabal dezaten zuzendutako proiektua da. Sorkuntza artistikoaren bidez, garapen pertsonal eta profesionaleko programa bat eskaintzen duen prestakuntza-zentroa. Proiektu honetan, alderdi hauek konbinatzen dira: hezkuntza, prestakuntza pertsonal eta profesionalaren bidez; enplegua, desgaitasuna duten pertsonen talentua eta gaitasun espezifikoak balioesten dituzten jarduera-sorgune berrien bidez; eta arteak eta kultura, garapen pertsonalerako, norberaren imajinarioak sortzeko eta gizartean parte hartzeko eta elkarreragiteko bitarteko gisa. Desgaitasunen bat duten pertsonei espektatiben horizonte berria eskaintzen die, bizitzakoa zein lanbidekoa, kulturaren arloan, hau da, aukeraz beteriko eremua, eta Euskadi eraldatzeko eta suspertzeko eragile hain garrantzitsua dena. Harrera/ Acogida hamar hilabeteko lanaren emaitza da. Denbora horretan, proiektuan parte hartu zutenak dokumentatu egin ziren. Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua izan zen bere lehenengo informazio-iturria. Frantzian, Belgikan, Ingalaterran eta Errusian errefuxiatutako Espainiako Gerra Zibileko haurren lekukotzak jasotzen dituzten bideoen bidez, baita gerretatik eta gosetetik ihesi doazen gaur egungo haurren testigantzen bidez ere, egoera horien kontzientzia hartu zuten, eta gaur egun errefuxiatuei ematen ari garen harrera ezari buruz hausnartzen hasi ziren. Ondoren, Gernikako Bakearen Museoa bisitatu zuten. Bertan, bizikidetza onerako bakea egoteko eta gatazka belikoak saihesteko beharra aztertu zuten, Gernikako bonbardaketan gertatu zen bezala, gatazka horietan beti sufritzen baitu biztanleria zibilak. Eta Arteako 'Giltzarik gabeko etxea' proiektuan ere izan ziren. Bertan, egoiliarrek euren bizipenak partekatu zituzten bisitariekin, euren etxean izandako harrera onari buruz hausnartu zuten eta haiek ere etxean hain  ondo hartzeko gaitasuna izango ote zuten hausnartu zuten. Gogoeta horietatik abiatuta, proiektu bakoitza modu erabat pertsonalean garatu zuten, non artista bakoitzak gehien interesatu zaion gaian sakondu duen, informazioa jasoz eta bere obra gauzatuz. Emaitza Vital Fundazioa erakusketa-zentroan ikusgai dauden hogeita bat piezak dira. Euskarri ezberdinetan eta teknika ezberdinez egindako lanak ikus daitezke: pintura, teknika mistoa, marketeriako lanak, instalazioak, ikus-entzunezko proiekzioaren maketak. Lan guztiek dute eduki handia, edertasunetik eta maitasunetik hasi eta gizadian aurkitzen dugun ankerkeria eta gorrotora arte biltzen dituena.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak