"Extramission: Begi distiratsuen ehizan", Jessica Sarah Rinland-en erakusketa
Gertaeraren datuak
Antolatu du
tabakalera.eus
Non
Tabakalera
Noiz
17/09/2024-etik 12/01/2025-era
Jessica Sarah Rinland artista eta zinegilearen instalazioak mugimendudun irudi berriak eta audio-grabazioak uztartzen ditu XX. mende hasierako National Geographic aldizkarietako orrialdeekin. Rinland ezaguna da nazioartean zine dokumentala egiteko daukan modu esperimental eta bereziagatik. Extramission: Begi distiratsuen ehizan lanean, Londresko Historia Naturalaren Museoko kontserbatzaileak ikusten ditugu lanean, zaintzarako edo ehizarako erabili ohi den kamera termiko baten bidez. Kontserbatzaileak prestaketa lanean ari dira, taxidermia-aleak zaharberritzen, instalazioetatik kanpo dagoen biltegi batera eramateko. Gauez infragorriekin egindako grabazioak arriskuan dauden animaliak jasotzen ditu, berriki Europatik haien jatorrizko habitatera, Argentinara, itzuliak izan direnak; herrialde horretatik emigratu zuten, hain zuzen ere, Rinlanden gurasoek. National Geographicetik ateratako orrietan George Shiras III. a, “basabizitzaren argazkilaritzaren aita”ren hainbat lan ageri dira. Shirazek ehiza-kamera asmatu zuen; horretarako, suaz baliatuta Ipar Amerikako Erdi Mendebaldeko Aintzira Handietako Ojibwe herriak garatutako ehiza-praktiketan inspiratu zen. Ehiza-kamera erabiltzean sugar kontrolatu bati eutsi behar zaio ura zeharkatzen ari den txaluparen brankan. Suak liluratu egiten du harrapakina, eta animalien begietan ikusten den argiaren isla da geziak gidatzen dituena; Shirasen kasuan, flasha eta obturadorea aktibatzeko seinalea da hau. Estramisioak, ikusmenaren lehen teorietako batek, proposatzen zuenez, begiek argi-izpiak igortzen dituzte kanpoko mundura eta horrek ematen digu ikusteko ahalmena. Teknologiek sortutako irudiek halako iragarpen-sentzazioa sorrarazten dute. Shirasek ehizaren alternatiba gisa defendatu zuen argazkilaritza, bere emaitzak "munduan zehar milaka pertsonarekin” partekatu zitezkeelako. Eskaintza gisa bizirik dirauen tranpa. Rinlanden lanean behin eta berriz errepikatzen diren kontserbazio- eta aberriratze-ekintzek iradoki bezala, zaintzearen ekintza garaikideek iraganeko indarkeriak agerian utz ditzakete. Aurrerantzean zer egin behar den ikuslearen irizpideak esango du.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.