The Line edo Lerroa, 170 km luze izango omen den hiri futurista

The Line edo Lerroa, 170 km luze izango omen den hiri futurista
Saudi Arabiak hiri futurista bat eraiki nahi du The Line izenarekin ("zerrenda" edo "lerroa" euskaraz). 170 kilometro luze lituzkeen hiri bat litzateke, Itsaso Gorritik barrualdeko mendialdeetara doana (basamortua igaroz; tarteko ingurune horri kalte ekologikorik egin gabe), autorik gabekoa eta energia berriztagarriz eta adimen artifizialez funtzionala. Neom garapen bereziko eskualdean kokatuko omen da. Funtzionalki The Line hiriak modulo edo auzo moduko batzuk lituzke, ingurune bakoitzean egokituak, eta non azalerako desplazamenduak oinez egingo liratekeen. Moduloen azpitik, bigarren "hiri geruza" bat legoke, zerbitzu alorra, eta beherago garraioaren alorra, tunelen bitartezko garraio hiperazkarra, zeinak, pertsonentzako, 20 minutuko tartean puntu batetik besterako garraio bermatuko lukeen. Hiru geruzen arteko komunikazioa, pertsonen eta zerbitzuen lehengaien mugikortasuna, adimen artifizialak lagunduko luke. Dena lerro zuzen batean, itxuraz, baina zuzen zuzena ere ez da izango, ze kostaldetik barrurantz, mendilorroak eta altuera desberdinak daude. "Hemen aldapa dago, Fermin", esango luke Usabiagak, baina auskalo hori nola konpontzen duen The Linek. Saudi Arabiak petrolioaren ondorengo gizarte bat eraiki nahi omen du, eta Neom delako hiri hau izango da bere garapenaren ardatza, berrikuntzaren inguruan eraikitako super-hiria. The Line hiriaz gain, Neom eskualdeak 27. 000 kilometro koadroko eskualde bat osatuko du (Euskal Herriak 20. 000 km koadro ditu), "mini-nazio" bat, zeina baliabideetan burujabea izango den (janari edo energia sorkuntzan, zein The Line hiriak beharko duen guztian, nonbait). Hau Saudi Arabia bezalako petro-teokrazia batek proposatu, eta aste honetan aurkeztu dute. Aurkezpena, TED jaialdien estetikarekin baina publikorik gabe, pixkat WTF da, batez ere ayrkezleagatik. Hemen bideoa non Mohammad Bin Salman printzea (MBS izenez ezaguna, errege ez den arren Saudi Arabiako agintari efektiboa), agertzen zaigun The Line saltzen. MBS ezaguna da hilketak zuzenean agindu izan dituelako, adibidez Jamal Khashoggi kazetariarena. Batzuek konparatu dute The Line delako proiektu hau Snowpiercer zientzia-fikziozko objektuarekin (film batean eta telesail batean agertzen da): mundu izoztu batean, munduari bira etengabea ematen dion tren luze bat da gizateriaren bizileku bakarra. Mutur batean aberatsen elitea bizi da; trenaren beste muturrean miserableak. Klase eta lan banaketaren berri ez du ematen The Line hiriaz esan denak, baina egongo da baten bat, susmatzen dugunez. Informazio gehiago:- Arabiar albistegi batean.
- Neom The Line, webgune ofiziala.