EKOCREA proiektuak bultzatutako bi laborategiek gizarte-ekonomia sustatuko dute Nafarroan eta Euskadin, enplegu inklusiboa sortzeko
EKOCREA proiektu berritzaileak gizarte-ekonomia bultzatuko du Nafarroan eta Euskadin, ekonomia zirkularrera eta sormen-industriara bideratutako bi laborategi sortzearen bidez, baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako enplegu inklusiboa sortzeko helburuz.
EKOCREAren bidez, kolektibo kalteberentzako enplegua eta aukerak sortu nahi dituzte proiektuaren sustatzaileek, eta agerian jarri nahi dute gizarte-ekonomia berrikuntzaren eta garapen jasangarriaren eragile izan daitekeela.
Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatutako ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoetako (EBEPE) bat da EKOCREA. Proiektuaren guztizko aurrekontua 888.846,32 €-koa da, eta, kopuru horretatik, 444.423 € Ministerioaren dirulaguntzatik datoz.
Proiektuaren helburuak eta garapena
Negozio-eredu berritzaile, jasangarri eta inklusiboen bidez gizarte-ekonomia sendotzea da EKOCREAren helburu orokorra. Proiektuaren helburu berezien artean, berriz, hauek nabarmentzen dira:
- Enplegurako prestakuntza eta barne-ekintzailetza indartzea enplegu-zentro berezietan eta gizarteratze- eta laneratze-enpresetan.
- Lan-merkatuan baztertzeko arriskuan dauden pertsonen inklusio eraginkorra ikusaraztea eta sustatzea.
- Ezagutza eskualdatzea, gizarte-ekonomiako estatu-mailako berrikuntza-sarea sortuz.
Helburu horiek lortzeko, hiru fasetan garatuko da EKOCREA:
- Ikerketa: ekonomia zirkularreko eta sormen-industriako negozio-aukerak identifikatzea.
- Inplementazioa: berrikuntza-laborategiak sortzea, prestatzaileak trebatzea eta ekintzailetzako prestakuntza-ibilbide pilotuak abian jartzea.
- Ezagutza eskualdatzea: lankidetza-sare bat sortzea, inplementazio-gida bat garatzea eta laborategi berriak sortzen laguntzea.
Berrikuntza- eta lankidetza-eredu bat
Erakunde hauek hartzen ditu barne EKOCREA proiektuaz arduratzen den partzuergoak: Sutargi, ekonomia zirkularrean espezializatutako erakundea; Koine-Aequalitas fundazioa, sormen-industrietan aditua, eta Mondragon Team Academy, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko ekintzailetza-unitatea, gizarte-ekintzailetzan espezializatua. Lankidetza horrek aukera emango du metodologia berritzailea, arina eta beste eskualde batzuetan errepikagarria garatzeko.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.