Andoaingo Rock Jaialdia 2024
Gertaeraren datuak
Antolatu du
andoain.eus
Non
Nafarroa plaza
Noiz
15/06/2024
Rock eta musikalzaleen egutegian ezinbesteko hitzordu bilakatu da Andoaingo Rock Jaialdia. Urtez urte ospatu da aipatu jaialdia Andoainen, eta badira 16 dagoeneko. Nazioarteko puntako musika taldeak aritu izan dira Nafarroa plazan kokatu ohi den agertoki handian, eta aurten ere ez da gutxiago izango: guztira 6 talde jardungo dira oholtza gainean, zein baino zein bereziago. Etxeko taldeez gain, nazioartetik etorritakoak ere izango dira: Goat Girl (Londres), The Bug Club (Gales), Tramhaus (Herbehereak), Pinpilinpaussies (Durango-Bartzelona), Howlin Jaws (Frantzia) eta Ithaka (Orio). Marta Lasa Kultura zinegotziak gogoratu du rock-ak toki berezia izan duela euskal eszenan, eta alde horretatik, Rock jaialdia bezalako apustuei eusten jarraitzearen garrantziaz mintzatu da. “Gure etxeko taldeez ez ezik, nazioarteko puntako taldeez gozatzeko aukera ematen digu Rock jaialdiak. Nazioartean badaudelako tankera horretako taldeak, baina baita gure etxean, Euskal Herrian ere. Gainera, kontuan hartzekoa da inguru hurbilean ez dagoela halako jaialdirik. Gure konpromisoa azaltzen dugu etorkizunean ere ekimen honekin jarraitzeko”. Honi gehitu behar zaio aurten ahalegin berezia egin dela oholtza gainean arituko diren emakume musikarien presentzia handitzeko. “Musikaren munduak emakume musikari handiak eman ditu iraganean, baita orain ere. Beharrezkoa dugu emakumeek sektore honetan egiten duten lana ikustaraztea”. Eguerdian, APERITIFARock jaialdiaz harago, jaialdiak berak herrian bertan duen eraginaz ere mintzatu da Lasa: “Rock jaialdiak bere 16. edizioa izango du aurten eta urtez urte kontsolidatzen joan den jaialdia dela esan dezakegu. Jende gutxi dago gaur egun Rock jaialdi honen berri ez duenik. Alde horretatik, handia da hitzordu honetan Andoainek jasotzen duen bisitari kopurua, eta hori egun osoan zehar atzematen dela esan dezakegu”. Izan ere, azken urteetan arratsaldeko ekimen nagusiaz aparte, eguerdi partean ere APERITIFA ekimena antolatu da, baita aurten ere. Euskal Herriko taldeez girotuta, arratsaldeko saio nagusiaren aperitivo ezinhobea eskainiko dute taldeek herriko puntu ezberdinetan. Webgune berriaAipatu bezala, aurtengoarekin 16 edizio izango dira Rock Jaialdia antolatzen hasi zenetik. Talde asko pasa dira Nafarroa plazako oholtza gainetik, momento gogoangarri asko izan dira, eta aurten interesgarria ikusi du Udalak horien guztien artxiboa osatzea. Horretarako andoaingorockjaialdia. eus webgunea izango da aurrerantzean ikusgai; bertan urte guzti hauetako historikoa kontsultatu ahal ziango dira, pasa diren taldeen informazioa, argazkiak… material ugari egongo da bertan kontsultatzeko moduan.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.