Mendilibar: "Ezin gara zelaira atera Lehen Mailako taldea izateagatik irabaziko dugula pentsatuz"

Mendilibar: "Ezin gara zelaira atera Lehen Mailako taldea izateagatik irabaziko dugula pentsatuz"
Jose Luis Mendilibarrek Navalcarneroren aurka jokatuko duen Kopako kanporaketaren aurreko prentsaurrekoan adierazi duenez, "ezin gara zelaira atera hobeak garela pentsatuz eta Lehen Mailako taldea izateagatik irabaziko dugula pentsatuz".

Eibarrek Navalcarneroren aurka jokatuko du igande honetan Kopako final-hamaseirenetako partida bakarreko kanporaketa. Bere esanetan, "Kontzentrazio eta intentsitate egokia izatea da benetan betebeharrekoa. Gero jokaldi jakin batean huts egin dezakegu, baina ezin dugu kanporaketa bat galdu, hobeak garela pentsatuta zelairatu garelako. Hori ezin dugu onartu eta ez dut uste gertatuko denik".

Mendilibarrek iragan denboraldian Badajozen aurka Eibar kanporatu izana aipatu du. "Iaz gertatutakoa gogoratzen dugu, baina berriro gerta daiteke".

"Las Rozasen aurka lehen zatia oso ona egin genuen. 0-3tik aurrera oso denbora gutxian berdindu egin gintuzten. Ligan ere, aurrekoan ikusi genuen, oso denbora gutxian, 1-0 irabazten joanez gero, partidari buelta ematen diezaioketela. Kontzentrazioari eta intentsitateari eustea da kontua. Egia da intentsitateari eutsi nahi diozula, baina ez da gauza bera 20. minutuan eta 70. minutuan, nekea handia izan daiteke".

Bere ustez, "normala" da faborito izatea. "Lehen Mailako talde bat gara Bigarren B Mailako talde baten aurka eta kontrako zelaian dena berdintzen da. Aurpegia eman behar dugu. Guk eraman behar dugu partidaren erritmoa, eta prest egon behar dugu aurkariak erasoa jotzen badu ondo defendatzeko".

"Lehen Maila baten aurka jokatzeko ilusioa izango dute, eta askotan ilusioa beste gauza batzuek baino garrantzitsuagoa izan daiteke".

Madrilgo elurteen ostean, zelaiaren egoerari buruz, "Ez dugu aitzakia hori jarri behar", azpimarratu du. "Zelaira egokitu behar gara, zelai guztiak ez dira ligan bezala egongo. Berdina izango da guztientzat".

Mendilibarrek aintzat hartu du Navalcarnerok elurra zelaitik kentzeko aste honetan egindako ahalegina. "Laudagarria iruditzen zait, azkenean ilusioa duzulako partida hori jokatzeko eta ez duzulako nahi beste zelai batera eraman zaitzaten. Denok egin dugu zerbait zelaian eta elurra edo beste gauza batzuk kendu ditugu entrenatzeko edo jokatzeko".

"Herriko jende asko erakartzeko indar hori izatea, bazkide izan gabe ere, ona iruditzen zait Navalcarneroren aldetik".

Kike Garciaren kontratu berritzeari dagokionez, "Bost urte eta erdi daramatza gurekin, daukan guztia ematen digu eta orain dagoen bezala badago, ilusioa handiagoa da".

"Entrenatzaileak esaten duen guztia egiten du. Jokalari garrantzitsua da guretzat eta pozik nago kontratua berritu izanarekin".

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak