Blogak deskubritzen

Blogak deskubritzen
Bronte liburu dendaren itxiera tamalgarria dela eta, Ylenia Benitori eginiko elkarrizketa paperean berrirakurri nahi nuen lasai-lasai eta hara non agertu zitzaidan Ekaitz Santazilia blogariari eginiko beste bat.

Goian azpimarratu dudan zati horrek eraman ninduen irakurtzera. «Blogaren onurak» zuen izenburu.

2006ko azaroan sortu zuen Euskargazki bloga eta, beraz, laster egingo ditu 14 urte.

Akuiluen artean bi irakasle aipagai: Ricardo Gomez (Filoblogia) eta Henrike Knorr. Azken honen esaldi bat gogoratzen du: «Irakurri eta bidaiatu». Hori baita, besteak beste, blogaren betekizunetako bat.

Euskargazki bloga hainbat modutan dago definitua Miel Anjel Elustondo kazetariarekin izandako solasean: euskararen edota euskal literaturaren historiaren lekuko, turismo filologikoa egiteko gonbidapena. . .

Makina bat jaiotetxe, hilobi eta bestelako toki esanguratsu daude bertan jasoak.

Elustondok gogoratzen du bakoitza bere zoroak bizi duela. Gehitzen du bakoitzaren zoroak inorenak ere badirela maiz. Hori izan daiteke Ekaitz Santaziliaren meritua.

Urte askotarako, Ekaitz.

P. S. Kosta egin zait telefono bidez lerro hauek idaztea. Idaztea baino loturak txertatzea.