Nesken artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko INSPIRA STEAM proiektua ia 120 ikastetxetako 5.000 ikaslerengana helduko da

Nesken artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko INSPIRA STEAM proiektua ia 120 ikastetxetako 5.000 ikaslerengana helduko da
·     Deustuko Unibertsitatean sortutako ekimen bat da, eskola-adineko gazteak sentsibilizatu eta orientatzen dituena, Ikerketa, Zientzia eta Teknologia munduko emakumezko profesionalen bitartez

·     Hiru urte eskasean, INSPIRA 17 aholkulari izatetik 600 izatera igaro zen, ikastetxe kopurua 16 bider eta ikasleena 40 bider baino gehiago hazi zen; gainera, Katalunia, Madril, Andaluzia, Murtzia, Galizia eta Asturiasera heldu da

·     Koronabirusaren pandemiak jardueren hasiera atzeratu eta partaidetza mugatu badu ere, gelako saioak aste honetan hasiko dira berriro, Euskadi, Katalunia, Asturias eta Galiziako 117 ikastetxeetan, 284 aholkulariren eskutik

·     INSPIRAk hezkuntza zientifiko eta teknologikoko jardunbide egokienen Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Sarien I. edizioko saria jaso du duela gutxi




INSPIRA STEAM proiektua Deustuko Unibertsitatearen ekimen bat da, eskolara dabiltzan nesken bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituena. Aste honetan emango dio hasiera bosgarren edizioari. Edizio honetan 120 ikastetxek eta 5. 000 neska-mutilek hartuko dute parte aurten. Programak bere jarduera mantenduko du koronabirusaren pandemia gorabehera, ikastetxeetako jardueran eragin nabarmena izan badu ere. INSPIRAren kasuan, atzeratu egin behar izan da hasiera eta mugatu parte hartzaileen kopurua.

Ekimenaren asmoa da neska-mutilek STEAM arloko lanbideak ezagutzea (Zientzian, Teknologian, Ingeniaritzan, Arteetan eta Matematikan oinarrituak, ingelesezko siglak hartuta), arlo horietan lanean dihardutenen ereduaren bidez, bereziki emakumeen bidez. Aholkulari horiek arduratzen dira ikasleei haien lanbidearen berri emateaz, ekimenarekin bat egiten duten ikastetxeen eskola-ordutegiaren barruan.

INSPIRAren bidez, STEAM lanbideen arloko bokazio berrien inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa neska-mutilen artean piztu nahi dira. Kontzientzia ere sortu nahi da zientzia eta teknologia garapenaren inguruan, horretan emakumeek eta gizonek elkar harturik jokatu beharraren inguruan eta, aldi berean, begien bistan jarri eta merezi duen balioa eman nahi zaie esparrurik hurbileneko emakumezko profesional zientifiko eta teknologikoei.

INSPIRAk arrakasta esanguratsua lortu du. Horren erakusgarri dira parte hartze kopurua, bai borondatez parte hartzen duten STEAM arloko aholkulariena, ikastetxeena eta ikasleena, baita proiektuaren zabalkunde geografikoa ere. Horrela, 2016-2017 ikasturtean parte hartu zuten EAEko 17 aholkulari eta 11 ikastetxetako 220 neska izatetik, joan den ikasturtean 600 inguru aholkularitara pasatu zen, 16 bider gehiago ziren ikastetxeak eta 40 bider gehiago ikasle parte hartzaileak. Eta ekimena Katalunia, Madril, Andaluzia, Murtzia, Galizia eta Asturiasera zabaldu zen.

Koronabirusaren pandemiari lotutako zailtasunek atzeratu egin dute 2020-2021 ikasturteko INSPIRA saioen hasiera. Aurten, Gabonetako oporrak amaitutakoan hasiko da eskaintzen, baina aurreko hilabeteetan mantendu egin da aholkularien prestakuntza lana. Arrazoi horregatik, ikastetxe partaideen kopurua txikiagoa izango da aurtengo ikasturtean. Dena dela, proiektuak inguru berri honetan aurrera jarraitzearen aldeko apustua egin du. Hartara, gelako saioei aste honetan emango zaie jarraipena: 284 aholkularik hartuko dute parte 120 ikastetxetan Euskadin, Katalunian, Asturiasen eta Galizian.

Aholkulariak eta erakunde laguntzaileak

INSPIRA proiektuaren muina aholkulariak dira (ia denak emakumezkoak, baina ez bakarrik), hainbat esparrutan lanean dihardutenak: irakaskuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan, etab. Borondatez hartzen dute parte eta bakoitza saiatzen da bere lanbideko errealitatea ikasleei hurbiltzen ikasturtean zehar izaten diren sei lan-saioetan. INSPIRAk erakunde laguntzaileak ere baditu, aholkularietako batzuen enpresak, eta aholkulariek proiektuari eskaintzen dizkioten orduen kostua estaltzen dute, bileretara joatea errazten dute, prestakuntza aldia, baita eskatzen diren bestelako zabalkundeko ekitaldietara joatea ere.

Guztira 60 erakunde dira, euskal esparruko, estatu mailako eta nazioarteko konpainia publikoak eta pribatuak dira, baita hainbat gaitako ikerketa zentroak ere. Denak jabetzen dira teknologia arloan dagoen profesionalen bokazio faltaz, bereziki emakume gazteen kasuan. Hortaz, parte hartzearen helburua gizartea kontzientziatzea da eta neska-mutilak dinamizatzea, bereziki neskak, ahalduntzea sustatzeko eta STEAM esparruko prestakuntzaren aldeko hautuak sortu ditzakeen zailtasunak gainditzeko.

INSPIRA proiektuak hezkuntza zientifiko eta teknologikoko jardunbide egokienen STEAM Euskadi Sarien I. edizioko saria jaso du duela gutxi Eusko Jaurlaritzaren eskutik. 2020ko azaroan eman zioten aitorpena unibertsitate batek sustatutako genero ikuspegiko ekimenik onenaren kategorian.

Inspira STEAMi buruz

INSPIRA Deustuko Unibertsitateak sustatzen duen proiektu bat da. Innobasqueren laguntza du Euskadin, CIONET plataforma teknologikoarena Madrilen, eta Rovira i Virgili, Vigoko, Oviedoko eta A Coruñako unibertsitateen laguntza du. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien, BBK Fundazioaren, Euskadiko Parke Teknologikoak edo Donostiako Udalaren finantzazioa du, beste erakunde publiko eta pribatu batzuen artean.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak