Kontua da “Manitas del Monte” narko-trafiko mexikarraren jerifalte kriminal, matxista eta erruz aberatsak, nahiz gizonezko soinez jaio betidanik izan duela bere burua emakumetzat eta, berrogeitaka urtez --ezkondua eta bi seme-alabaren aita— erabakitzen duela armairutik irten, zirujaurik onena aurkitu, antzaldatu, hanka egin eta bizimoduz mudatu.
Egitasmoak ez du eragozpen larririk, Manitas del Montek bere burua familiaren gainetik lehenesten baitu, mila lapurreta eta oldarkeriatan bildutako dirutzak ez du ezelango ahalik mugatzen eta, zirujauak baiesten dioenez, “gorputz-itxura alda dezakegu, baina bere baitan emea dena beti izango da eme, eta arra beti ar”. Ondorioz, agur Manitas del Monte kapo zakarra, kaixo Emilia Pérez dama panpoxa (3).
Filmak ez du segundorik ere galtzen ulertarazteko nola jaiotzez eme eta beti emakume sentitu den pertsonak urteak daramatzan matxista, gaizkile eta maltzur errukigabea (4) izaten. Zantzuak ematen ditu adierazteko, ordea, zergatik, behin egoera berriaz jabetu ostean, Emiliak faltan botatzen dituen etxean amarekin utzitako seme-alabak.
Baina istorioaren gunea trantsizioa da, filmean zehar pasa-misian gertatzen den bilakaera, errotik gezurrontzi suertatzen dena eta sinestarazteko Jacques Audiard zuzendariak batere ahaleginik egiten ez duena. Alegia, emakumea gaizkilerik handiena izan ote daiteke gizonezko gorputz barruan bizi delako, eta barnez barne trukatu, berriz, zirujauak kanpoko oskola aldatzen dionean? Oskol-kontua al da? Hau ote trantsizioaren tesia?
Oinarri-oinarrizko zertzelada hau noiz argituko zain, aktoreak nabarmen onak dira, gidoia korapilotsu bezain landua, tirakadarik izan dezaketen gaiak ditu (korrupzioa, narko-mundua, bortizkeria, amodio-ezinak, umeen erabilpena eta tele-nobela antzeko pasarteak), sekuentzia lasterrak eta ezinbesteko amaiera tragikoa.
Bitartean, eztabaida erantsiak: filma, entretenigarria, ausarta, erdipurdikoa edo “almodovarra” den; sekuentzia musikalak mundialak ala erridikukulak ote; trans mugimenduak filmaren haria begi onez ikusiko ala ez; mexikarrek ameto egingo ote duten ala eurozentrismoaren begirada kamustzat joko…
Gabonetako alanbrezko sasi-zuhaitza bezala. gainazaleko hornidurez jantzia, izartxo distiratsuak, musika eta dantza-joko pizgarriak, argi-printzak eta amaika koloretako dekoratuak… Bai, baina sinesgarria al da? Eta… izan beharrik ez balu? Ah!
1) The 82nd Annual Golden Globes
2) The 77th Cannes Festival winners
3) Karla Sofía Gascón, sekula Cannesen saritua izan den lehen transexuala.
4) 10. 000 desagertu eragindako narko-sareen buruzagietako bat. --
Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko
Oinarrizkoak
Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.