Donostiako Jazzaldia 2024 jaialdiaren egitarauaren barne. John Scofield – Dave Holland DuoJohn Scofield (gitarra), Dave Holland (baxua)Bi musikari, Scofield eta Holland, gitarra eta baxua, lagunak, bakoitza bere bidetik joan eta zenbaitetan gurutzatu izan direnak: biak, garai desberdinetan, Miles Davisen bandako kide izanak; Miles Davisen omenezko So Near, So Far (Musings for Miles) (1993) diskoan batera arituak; ScoLoHoFo supertaldeko kideak biak, hainbat bira egin eta Oh! (2003) diskoa grabatu zuen taldekoak. Orain, berriz ere, indarrak batu dituzte elkarrizketa berri bat aurkezteko. Elkarrizketa musikal horretan bikote gisa arituko dira eta beren errepertorioetako konposizio originalak interpretatuko dituzte, Jazz estandarren hautaketa batekin batera. Jazz garaikideko bi figura gailenen elkarraldia, bi adimen musikal bakan, Jazzaren musikariak eta zaleak inspiratzen jarraitzen dutenak mundu osoan. Hala, bermatuta dago une magikoz, handitasun artistikoz, birtuosismoz eta inprobisazio magistralez betea izango dela haiek emango duten kontzertua. John ScofieldJohn Scofield Jazz garaikideko gitarrista garrantzitsuenetako bat da. Musikari estatubatuarrak 4 hamarkada baino gehiago daramatza erakusten musika estilo bat baino gehiago arintasunez eta birtuosismoz jotzeko gai den artista bakanetako bat dela. Ahalmen handiko bere groove berezi horregatik nabarmentzen da, baita, Jazzaren ortodoxiaren barruan, funk sentimendua entzuleei sakontasun handiagoaz transmititzen jakiteagatik ere. Gitarrista eta konpositore bikaina eta inprobisatzaile magistrala da Scofield. 30 disko baino gehiago grabatu ditu lider gisa eta ehunka grabaziotan parte hartu du. Bere ibilbidean zehar hainbat artistarekin lan egin du: Charles Mingus, Miles Davis, Gary Burton, Tony Williams, Jim Hall, Ron Carter, Herbie Hancock, Joe Henderson, Terumasa Hino, Pat Metheny, Charlie Haden, Eddie Harris, Medeski Martin & Wood, Bill Frisell, Brad Mehldau, Mavis Staples, Government Mule, Jack DeJohnette, Joe Lovano, Phil Lesh…Dave HollandDave Holland britainiarrak, kontrabaxu eta konpositore birtuosoak, musikarako sentsibilitate aparta du, eta bost hamarkada baino gehiago daramatza agertokietan. Bere musikak arrasto sakona utzi du Jazz garaikidearen munduan eta une bikainez betea dago bere ibilbidea: erritmoen sekzioan jo zuen Miles Davisen In a Silent Way (1969) eta Bitches Brew (1970) albumetan; Chick Corearekin Circle taldean; John Abercrombie eta Jack DeJonnetterekin Getaway hirukotean; Herbie Hancock eta Pat Methenyrekin Parallel Realities taldean; Stan Getzekin, Sam Riversekin…Wiliam Parker Quartet
William Parker (kontrabaxua), Rob Brown (saxo altua), Eri Yamamoto (pianoa), Ikuo Takeuchi (bateria) William Parker
William Parker newyorktarra free Jazzaren garai guztietako kontrabaxu onentzat dute kritikariek. Gainera, artista emankorra, konpositorea, multinstrumentista, idazlea eta pedagogoa da.
Abangoardiako Jazzaren tradizioari gaurkotasuna emateko hainbat proiektu bultzatu ditu, guztiak ere zorrotzak, eta horien artean nabarmentzekoak dira Creative Music Orchestra, The Cosmic Mountain Quartet edo In Order to Survive.
Bere ibilbidean zehar, Cecil Taylor, Milford Graves, Don Cherry, Peter Brotzmann, Peter Kowald, David S. Ware eta beste hainbat izen handirekin kolaboratu du. 40 disko baino gehiago argitaratu ditu lider gisa, 150 grabazio ingurutan parte hartu du, sei liburu idatzi ditu, eta mundu osoko jaialdi eta agertokietan aritu da.
William Parker musikari mitikoa da, eta arrasto ezabaezina utzi du musika garaikidean. Berrikuntzarekin hartua duen konpromisoagatik, bere sormen askatasunagatik eta musikaren hizkuntzaz duen ezagutza sakonagatik funtsezko bilakatu da Jazz modernoaren eta musika sortzailearen historian. Eri Yamamoto
Eri Yamamoto pianista eta konpositore japoniarra Estatu Batuetara joan zen 1995ean. Gaur egun, eta New Yorkeko eszenan egindako ibilbidearen ondoren, bere instrumentuaren interpreterik berezi eta originalenetako bat da.
Azken hiru hamarkadetan, New Yorkeko zirkuituan, Japonian, Kanadan, Afrikan, Jamaikan, Australian eta ia Europa osoan aritu da, jaialdi handiak klubekin edo espazio txikiagoekin tartekatuta.
Jazzaldian, bi ediziotan gozatu ahal izan dugu Eri Yamamotoren musika dotore eta iradokitzaileaz, 2019an, Easo Abesbatzak lagunduta, eta 2023an, bitan, bere hirukotearekin eta piano soloan. Rob Brown
Rob Brown saxofonista estatubatuarra New Yorkera joan zen 1984an. Hiri horretan garatu zen inprobisazioaren arloan erabat murgildutako instrumentista gisa.
Ugariak dira William Parkerrekin izan dituen kolaborazioak, eta hainbat proiektutan aritu dira elkarrekin. Cecil Taylor, Anthony Braxton eta Reggie Workman legendekin ere lan egin du. Ikuo Takeuchi
Japonian jaioa baina New Yorken ezarria, hiri horrekin lotura estua duen bateria eta konpositorea da Ikuo Takeuchi.
Era askotako proiektuetan lan egin du, eta jazzmen handien bateria ere izan da, tartean Charlie Persip, Reggie Workman, George Garzone, Eddie Henderson, Cecil McBee eta Richie Beirach. Eri Yamamoto pianistarekin kolaboratu ohi du, eta berarekin batera William Parkerren taldean ere parte hartzen du.
Jazzaldia 2024: John Scofield & Dave Holland Duo + William Parker Quartet
Gertaeraren datuak
Antolatu du
jazzaldia.eus
Non
Trinitate Plaza
Noiz
27/07/2024
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.