BIME Bilbao 2024

BIME Bilbao 2024

Gertaeraren datuak

Antolatu du

bilbao.eus

Noiz

29/10/2024-etik 01/11/2024-era

Udaberriko Bogotako edizio arrakastatsuaren ostean, mundu osoan erreferentziakoa den BIME musika-industriaren nazioarteko topaketak gaur jakinarazi ditu hamabosgarren edizioko programazioan aurkeztuko dituen lehen izen eta berrikuntzak. Mundu osoko profesional, artista, ikasle, erakunde, marka eta eragileak elkartuko dira urriaren 29tik azaroaren 1era bitarte Bizkaiko hiriburuan, musikaren hurrengo kapitulua bideratuko duen mapa elkarlanean lantzeko foro bihurtuko baita hiria. BIMEren aurtengo edizio honetan, "Lurraldeak" kontzeptua izango da hari nagusia, eta musikaren industriak "glokalizazio" testuinguru batean dituen aukerak eta erronkak arakatuko dituzte. Adimen artifizialak, ticketingak eta banaketa digitalak ekarri dituen aldaketei erantzute aldera, BIMEn musika-aniztasunaren gaineko elkarrizketa sakona, nazioarteko lankidetza eta tradizioei eustea sustatuko dira. Gainera, alderdi kritikoak ere landuko dira, hala nola ekintzailetza, norberaren hobetzea, lege-arloko erronkak eta zuzeneko nahiz grabatutako musikaren inguruko joerak, alderdi horiek guztiak funtsezkoak diren aldetik sektorearen bilakaeran erabakigarria den une honetan. FUNTSEZKO AHOTSAK ETORKIZUNA BIRPENTSATZEKOEuskalduna Bilbao jauregian izango dira, berriro ere, BIME Pro barruko jarduera profesionalak. Sektoreko eragile garrantzitsuak izango dira programazioaren kuradore, urriaren 29an hasi eta 31n bukatu, asteartetik ostegunera. Baieztatutako lehen izenen artean artista eta profesional bikainak daude, hala nola Scott Cohen, musikaren industriaren bilakaeran aitzindari eta gakoa, JKVXen CEOa; Albert Pla artista katalan polifazetikoa; sari ugari jaso dituen Errollyn Wallen konpositore britainiarra; Maria José Llergo artista, flamenkoan berritzaile eta Goya sari baten irabazlea; Andreas Katsambas, Chartmetric etxeko presidentea; Elijah, marketinean aditua, DJ eta sormen-zuzendaria Make The Tings etxean; Tamsi McLarty, idazlea eta Music Industry Therapist Collective (MITC) kolektiboaren sortzailea; Alexandra Lioutikoff, LATAM eta US Latin presidentea Universal Music Publishing etxean; eta Toni Segarra, sormen-zuzendaria eta bazkide sortzailea Alegre Roca etxean, XX. mendean Espainian izan den sortzaile onenetako bat. Fermin Muguruza euskal artista ezagunak ere hartuko du parte BIMEn; izan ere, aurten musikaren munduan 40 urte bete dituela ospatzen ari baita, beti bezala euskara eta euskaldunon nortasuna mundu osoan barrena ezagutarazita. Muguruzak solasaldi batean parte hartuko du: "Muguruza FM 40 Internazionala", Garbiñe Ubeda kazetari tolosarrarekin eta nazioarteko bi artistarekin batera: Tamer Nafar rapero, aktore eta aktibista palestinarra eta Malena D'Alessio rapero, aktibista eta konpositore argentinarra. Azken bi raperoak showcase programan ere arituko dira, BIME Live barruan. Solasaldia euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz izango da, aldibereko itzulpen-zerbitzuarekin, eta Muguruzaren ibilbidea aztertzeaz gain, musikak tresna politikotzat betetzen duen egitekoari eta mundu globalizatu honetan herrien kultur nortasunari buruz ere arituko dira. BIME: MUSIKA ETA ARE GEHIAGOBIME izango da industriaren etorkizunari eta bideari buruz birpentsatzeko gunea, sektoreak alderdi eta aldaera guztietan gainditu beharko dituen erronka eta aukeren gainean eztabaidatuta. Zuzeneko musikaren egungo egoera aztertuko da, alde batera utzi gabe jaialdi, areto eta esparru handien bilakaera eta kudeaketa, programazioa eta azken aldiko joerak. Grabatutako musikaren eremuan, banaketa, plataforma digitalen erabilera, sormena eta musika-ekoizpena, sinkronizazioa eta musika-gainbegiratzea izango dira aztergai. Gainera, artistaren unibertsoa landuko da, nazioartekotzeari, kolaborazioei eta karrera artistikoaren garapen eta sustapenari dagokienez, eta hainbat fenomeno arakatuko dira, hala nola superfanak. Etorkizunaz mintzatuko da, adimen artifizialaren aplikazioei, ikerketaren eta hezkuntzaren egitekoari eta sektoreko azken aurrerapen eta berrikuntza teknologikoei erreparatuta. Era berean, musikaren eta marken arteko sinergia aztertuko da, markak eta musika-kultura uztartzen dituzten lankidetza-estrategiak eta arrakasta-kasuak nabarmenduta; baita ekintzailetza, berrikuntza eta prestakuntza ere, hitzaldiak, BIME Startup! guneak eta BIME Campus programa. 2030 Agendarekin konpromisoa irmoa hartua duenez, eta Keychange partaide aktibo den aldetik, BIMEk musikaren industria ekitatiboa eta parekidea lortzeko lanean jarraituko du Music Equility Forum programaren bitartez eta MIM elkarteari nahiz Digital Fems ekimenari esker; eta solasaldietan ingurumena eta osasun mentala ere izango dira mintzagai, ingurunean, gizartean eta kultura- eta sormen-industrien ekosisteman inpaktu positiboa izate aldera. Industriak eta industriarentzat osatutako programazioa da, erakunde eta elkarteek ere tokia izanik; esate baterako, “Lankidetza publiko-pribatua musika-industria sendoa lortzeko” hitzaldian Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa (CEOE), ES_MUSICA eta Kultura Ministerioa izango dira parte-hartzaile. Gainera, 2022. urtean Kultura Ministerioarekin abiarazitako lankidetzaren bideari jarraituko dio BIMEk, programazioaren esparruan musikaren arloko enpresak eta profesionalak trebatzeko eta nazioartekotzen laguntzeko Conexiones i ibilbidearen bitartez. Aurtengo edizioko berrikuntzei dagokienez, musika-industriaren errekonozimenduak nabarmenduko ditugu, urriaren 31n, ostegunean, Euskalduna jauregian banatuko direnak. Ekitaldi bateratzaile eta adierazgarria izango da, musika-industriaren garapenean egindako ekarpenagatik esker ona adierazteko eragileei, beren proiektu berritzaile, arriskatu eta sormenezkoek aurrerabide kolektiboa dakarkiotenez musikaren industriari, oro har. BIME LIVE PROGRAMAZIO ZABALAGOANazioartean proiekzio handieneko etorkizuneko talentua ezagutaraztea xede duen BIME Live showcase jaialdiaren programazioa zabaldu egingo da: beste diziplina artistiko batzuekin lotutako ekitaldiak izango dira, hala nola literaturarekin, argazkilaritzarekin eta ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutakoak, baita prestakuntzako jarduerak eta musika-industriaren gaurkotasunari buruzko solasaldiak ere, adituekin. Sektoreko profesionalei ez ezik, musikazale guztiei eta publikoari, oro har, ere zuzendutako programazioa izango da, prestakuntzako jarduerak eta hausnarketarako aukera eskainiko baititu sektoreko egungo joerekin lotuta. Agenda urriaren 24an hasi eta azaroaren 2an amaituko da; ekimenak Bilboko hainbat lekutan izango dira, eta BIME Luthier Show ere antolatuko da lehen aldiz urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte. Halaber, XXII. Nazioarteko Disko Azoka BIMEren programazioaren baitan txertatuko da. Irailean emango da ezagutzera programazio osoa, kultur esperientzia aberasgarria bermatuta. PROFESIONALEN ETA ERAKUNDEEN TOPAGUNEHamalau edizioko bidea eginda, BIME nazioartean erreferentziako gune sendo dela esan dezakegu, Europaren eta Amerikaren arteko bidea markatzen duen iparrorratz bihurtu baita, ozeanoaren bi aldeen topagune izanik eta elkarlanerako ibilbideak proposatuta. Mundu osoko profesionalak ikusgai egiteko gune eta bozgorailu nagusietako bat den aldetik, BIME ezinbesteko hitzordu bihurtu da jada kultura- eta sormen-industrien sektorean, honako erakunde hauen laguntzari esker: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza,  Kultura Ministerioa, Acción Cultural Española, ICEX, Kolonbiako Kultura Ministerioa, Txileko Kultura Ministerioa, Ibermúsicas edo Factor Canada, besteak beste. Gainera, herrialde ugaritako erakundeen eta profesionalen ordezkariak ere hurbilduko dira BIME ekimenera, Atlantikoaren bi aldeetan negozio-aukera berriak sortzen jarraitzeko asmoz: Alemania, Argentina, Kanada, Txile, Kolonbia, Frantzia, Hungaria, Herbehereak edo Portugal. Elkarrizketa eta networkinga beti daude erabilgarri bime. org webgunearen eta online plataformaren bitartez, 365 egunetan aktibo egoten baita, eta munduko edozein tokitatik parte hartzeko aukera ematen du, networkinga ere noiznahi izanik eskura. Mundu osoko musikaren arloko profesionalekin harremanetan egoteko topagune birtuala, eta aurreko edizioetako eztabaida eta hitzaldi guztiak ikusgai dauden tokia.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak