Urriaren 5ean, larunbata, hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2024/2025 Denboraldia; hiru hamarkada baino gehiago daramatza zikloak Euskadiko Orkestraren programazioan kalitatezko musika alternatiba bat eskaintzen Miramonen. Ganbera-zikloak Denboraldi berri bat aurkezten du, hogeita hamahirugarrena, eta musikaren mila aurpegiak poltsikoko formatuan ezagutzera gonbidatzen gaitu. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren babesa duen zikloak maiatzaren 31ra arte iraungo du, eta guztira hamasei hitzordu hartuko ditu barne. Gure Denboraldi Sinfonikora gonbidatutako hiru bakarlari, esperientzia eta gaztetasuna aurrez aurre jartzen dituzten nazioarteko izarrak, izango dira protagonista nagusiak. Alde batetik, ia sei hamarkada eszenatoki gainean eman dituen Pinchas Zukerman biolinjolea eta Amanda Forsyth biolontxelojolea. Biek batera parte hartuko dute Bruch / Bruckner kontzertu-programan. Bestetik, Christoph Sietzen, 31 urte besterik ez dituen arren dagoeneko erreferente dena, gure orkestrako kideez inguratuko da perkusiozko kontzertu monografiko bat eskaintzeko, eta ikuskizun bikaina izango da. Sietzenek Denboraldi Sinfonikoaren baitan Detlev Glanerten Perkusiorako Kontzertua estreinatuko du. Orkestrako dozenaka kidek instrumentu-konbinazio ugariko hirukoteak, laukoteak eta boskoteak osatu dituzte, barrokotik gaur egunera arteko askotariko errepertorioa eskaintzeko. Hori guztia formatu arin, lasai eta kalitatezkoan, ordubete inguruko iraupenekoa, musikariei dibertsifikatzeko aukera ematen diena, ohiko habitat sinfonikotik ateratzen baitira. Liberty Taldea, Eguzkilore, Borodin Ensemble, Belharra eta Barrococo dira Miramongo eszenatokira igoko diren taldeetako batzuk. Hari-talde txikiak nagusi izango dira programazioan, eta noizbehinka zikloa ezaugarritzen duen formatu txikitik aldenduko da, esaterako, metal-sekzioko 12 kide izango dituen Miramon Brassekin; 16 kide izango dituen Izai ganbera-taldearekin, eta dozenaka ahots Gabriel Baltesen aginduetara jarriko dituen Kup Taldearekin. Proposamen horiek guztiek menu erakargarri bat osatzen dute, eta bertan edonork aurki dezake bere altxor berezi eta propioa. Hona hemen Miramongo Matinéeen Denboraldiko egutegia:- Urriak 5: Ensemble Phantasy
- Urriak 26: Kup Taldea
- Azaroak 9: Liberty Taldea
- Azaroak 16: Miramon Brass
- Azaroak 30: Pinchas Zukerman & Amanda Forsyth
- Abenduak 14: Izai
- Urtarrilak 11: Eguzkilore
- Urtarrilak 25: Romantic Group
- Otsailak 8: Tronboi-trifekta
- Otsailak 22: H. E. C.
- Martxoak 1: Ensemble Éclatant
- Martxoak 15: Euskadiko Orkestraren Perkusio-Saila + Christoph Sietzen
- Apirilak 5: Vorágine
- Maiatzak 3: Borodin Ensemble
- Maiatzak 17: Belharra
- Maiatzak 31: BarrococoAbonamenduak eta sarrerak16 kontzertuetarako abonamenduak 96 euroko prezioa orokorra du, eta 75,20 euroko tarifa berezia onuradunentzat (65 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak, orkestrako beste zikloetako abonatuak, Kursaal Eszenako abonatuak, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen titularrak, Eureka! Zientzia Museoko lagunak eta Musikene). Jada eskuragarri dago orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra. eus webgunean. Sarrera solteek 11 euroko prezio bakarra dute eta salgai daude euskadikoorkestra. eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, eserleku librerik balego, orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéeen 2024/2025 Denboraldia
Gertaeraren datuak
Antolatu du
euskadikoorkestra.eus
Non
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Noiz
05/10/2024-etik 31/05/2025-era
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.