ISEAk La Merced-eko ikastetxean belaunaldien arteko etxekidetza (cohousing) garatzeko proiektuaren bigarren bertsioa aurkeztu dio Arrasateko Udalari. Proposamen berria azken bi urtetan parten hartu izan duten 83 lagunen lanaren ondorio izan da.
Proposamen berriak ikastetxearen egitura osoa, hormak eta hutsarteak gordeko lituzke. Etxekidetzaren (cohousing) eraikinaren erabilpen handiagoa lortu ahal izateko, proiektuaren bigarren bertsioak solairu berri bat eraikitzea proposatzen du hiri-antolamenduko plan orokorrak aitortutako eraikigarritasun osagarriko 1. 000 m² erabiltzeko asmoz. Horrela, bada, etxekidetzaren eraikinak behe-altuera gehi hiru solairu izango lituzke.
Proiektuak Arrasateko muturreko zahartze mailek planteatutako beharrei irtenbideak proposatzen ditu, baita gazteentzako etxebizitza eskariari ere. Izan ere, azken hogei urtean zehar Gipuzkoa eta Arrasate munduko herrialderik zaharrenarekin lerrokatu dira, Italiarekin alegia.
Gogoratu dezagun Arrasaten, biztanleriaren % 24k 65 urte edo gehiago dituela, eta gain zahartze-tasa, 75 urte edo gehiagoko biztanleria % 12koa dela, Gipuzkoako batez bestekoa ( % 10,6) eta Euskadikoa ( % 11) baino handiagoa alegia.
Bestalde, Arrasaten 65 urtetik gorako pertsonen mendekotasun-tasa ( % 15,5) Gipuzkoa osoan baino handiagoa da ( % 14,4).
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Arrasaten etxebizitza-premia bereziko eskaera orokorra 834 etxebizitzakoa da, gainera, gure udalerria "bizitegi-udalerri tentsionatutzat" jo daiteke, bai erosteko, bai alokatzeko.
Bestalde, Euskadiko gazteen premien ikuspegitik, Eusko Jaurlaritzaren azterlanek adierazten dute etxebizitza eskuratzea dela oraindik ere gure gazteei planteatutako erronka nagusietako bat.
Premia horiei erantzuteko, La Merced-eko ikastetxean belaunaldien arteko etxekidetza proiektuak "zuzkidura-bizitokiak" sustatzea proposatzen du. Guztira 65 apartamentu eraikiko lirateke, 1, 2 edo 3 logelako ereduei jarraituz, ikastetxearen gaur egungo ikasgelen erabilera egokia ahalbidetzeko.
Proiektuak gazteentzako, adinekoentzako eta premia bereziak dituzten kolektiboentzako zuzkidura-etxebizitzak garatzea proposatzen du, guztiak etxekidetza (cohousing) baten inguruan uztarturik.
Ingelesezko "cohousing" hitza gaztelaniazko "covivienda" eta euskarazko "etxekidetza" bezala itzultzen da, egoiliarrek beren ingurunearen diseinuan eta kudeaketan aktiboki parte hartzen duten etxebizitza kolaboratiboei erreferentzia eginez. Testuinguru horretan espazio pribatuak komunitatean partekatutako espazio eta baliabideen abantailekin uztartzen dira.
Aipa dezagun belaunaldien arteko elkartasuna faktore garrantzitsua dela zahartze aktiboaren ikuspegi moderno batean. Belaunaldien arteko asmoen ardatza elkartasunezko trukea da. Horrela, komunitate-mailan, nolabait, familia batean ematen diren belaunaldien artean balio-esparrua errepikatzeko asmoz. Bizipen horrek herritarren erantzukizunari eta espiritu zibikoari buruzko kontzientzia hartzea ere errazten du, eta horrek ekintza komunitarioan jende gehiago inplikatzen eta partaidetza eta ardura handiagoko elkarteak sortzen laguntzen du.
Belaunaldien arteko bizikidetzak adinekoei eragiten dizkien gizarte eta osasun-onurak oso garrantzitsuak dira; izan ere, osasun mentalaren egoera hobetzen da, eta aldi berean, segurtasun-sentsazioa areagotzen da, egoitza-espazio berean beste pertsona batzuk bizi direlako.
ISEAk eta Arrasateko Udalak harremanak izaten dabiltza Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako atalarekin La Merced-eko proiektuan parte hartu dezan.
Bestalde, ISEAren proiektuaren arabera La Merced-eko egungo eliza zerbitzu orokorrak eta belaunaldien arteko zerbitzuak eskaintzeko erabiltzea aurreikusten da, bai etxekidetzako egoiliarrentzat, bai herritarrentzat oro har, eta, bereziki, hurbileko auzoetako bizilagunentzat, bertan hurbiltasun-zerbitzurik ez baitago gaur egun.
La Merced-eko belaunaldien arteko etxekidetzaren proiektua ADINBERRI Fundazioak bultzatutako “Hariak-Gipuzkoan bakardadeari aurre egiteko estrategia” deritzonarekin lotuta dago.
Era berean, Diputatu Nagusiaren Sailak eta ADINBERRI Fundazioak Etorkizuna Eraikiz Planaren testuinguruan bultzatutako "Gipuzkoa Belaunaldi artekoa" ekimenaren atal bat da.
Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko
Oinarrizkoak
Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.