"Burdina eta abotsa", Joseba Gotzonen eskultura-erakusketa
Gertaeraren datuak
Antolatu du
Ermuko Udala
Non
Lobiano Kultur Gunea
Noiz
01/07/2020-etik 23/07/2020-era
BURDINA ETA ABOTSA izeneko bilduma burdinezko euskarrien birziklatzetik sortzen da. Portugaleteko Nazioarteko Zortzikote Jaialdiak bere publizitatea ezagutarazteko erabili zituen euskarri horiek. Erronbo erdiaren forma daukaten falkekin eta horietako lau batuz, 8 zenbakiaren profila zuzena ateratzen da. Zenbaki hori "ochote" edo "otxote" erdarakadekin erlazionatuta dago. Ganbarako abesbatza mota hori izendatzeko "zortzikote" (euskaraz) eta "octeto" (gaztelaniaz) izango litzateke zuzena. Irudi hori oinarri bezala hartuz, eredu ezberdinak diseinatzen ditut zortzikote baten zortzi ahotsak irudikatzen dituztenak eta ahotsarekin erlazionatutakoak: formazioak, ahotsak, otxoteszena (dantza, musika eta antzerkia), bibrazioa, zortzikoa. . . "Falka" ahotsari loturik dago. Horregatik, bi "falka" erabiltzen dira korda bakoitzetik, edo lau "falka", alde batetik, tenorren kordak adierazteko eta, bestetik, baritonoenak eta baxuenak. Piezak batzerakoan, aukera ezberdinak kontuan izan nituen baina burdinazko torlojuekin gelditu nintzen bi arrazoigatik. Alde batetik, euskarri beraren parte bat izateagatik, eta, bestetik, burdinazko obra arkitektonikoetan batzeko elementu bat delako. Adibide argi bat Bizkaiko Zubia dugu, euskal industria garapenaren adierazgarriena. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2006an. Pieza guztiak JG Fe Art erregistratutako markarekin pertsonalizatuta daude, AISI 304 altzairu herdoilgaitzezko plaka batean grabaturik.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.