ZARAUZKO UDAKO MUSIKALDIA 2024
Gertaeraren datuak
Antolatu du
zarautz.eus
Non
Santa Klara
Noiz
02/08/2024-etik 31/08/2024-era
Abuztuan ospatuko da 36. Udako Musikaldia Zarautzen, eta beste behin, zarauztarrok musika klasikoaz gozatzeko aukera aparta izango dugu Santa Klara elizan. Lau kontzertu izango dira abuztuan zehar, abuztuaren 2an, 23an, 30ean eta 31n eta ikus-entzuleei musika klasikoa bere zabaltasunean eskainiko diete. Musikaldiko kontzertuak Santa Klara komentuko elizan izango dira, 20:00etan, eta 200 pertsonentzako aforo mugatua izango dute. Programazioari hasiera emateko, abuztuaren 2an, Mario Prisuelos & Sigma Project Quartet taldearen ‘Inblue’ emanaldia izango dugu. Philip Glass, Leonard Bernstein eta George Gershwinen obrak interpretatuko dituzte Mario Prisuelosek, pianoan, eta Sigma Project Quarteteko kideek: Andrés Gomis saxo sopranoak, Angel Soria saxo altuak, Alberto Chaves saxo tenoreak eta Josetxo Silguero saxo baritonoak osatzen dute taldea. Abuztuaren 23an, Josu de Solaun piano-joleak errezitaldia eskainiko du. Kontzertuan, F. Chopin, S. Prokofiev eta R. Schumannen musika pianoan entzungo dugu maisu handi honen eskutik. Abuztuaren 30ean, euskal musikaren txanda izango da Maite Arruabarrena (mezzosopranoa), Aitzol Iturriagagoitia (biolina) eta Susana García de Salazar (pianoa) hirukotearen eskutik, 1870-1939: ‘Kantua Euskal Herrian’ kontzertuarekin. Julie Adrienne Carricaburu, Aita Donostia, Anita Idiartborde, Jesús Guridi eta Emma Chacónen musika interpretatu eta kantatuko dute. "Aurtengo Musikaldiak kontzertu berezi batekin izango du amaiera abuztuaren 31n, Goretti Eizagirre soprano zarauztarraren aurkezpen kontzertuarekin, hain zuzen ere", jakinarazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak. "Herritarren gozamenerako ikuskizunak antolatzeaz gain, zarauztarren talentua sustatzeko ere balio dute urtean zehar antolatzen ditugun jaialdi eta ekitaldi hauek. Hori dela eta, zarauztarrei Gorettiren talentua ezagutzeko aukera eman nahi diegu Musikaldiko azken kontzertu honekin". Goretti Eizaguirre 26 urteko soprano zarauztarrak zortzi urterekin hasi zuen bere karrera musikala Zarauzko Bilaun akademian. 2015etik aurrera, teknika bokala lantzen aritu da, Naroa Enekotegirekin. Musika ikasketak, besteak beste, Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga musika ikastegian, Donostiako Orfeoian, M. A. Laborategian eta Madrilgo Katarina Gurska Goi Mailako Musika-Zentroan egin ditu. Itziar Barredo pianoan duela, Giulio Caccini, Tommaso Giordani, Vincenzo Bellini, Aita Donostia, José María Iparragirre, Pablo Sorozábal, Wolfgang Amadeus Mozart, eta Jacinto Guerreroren obrak kantatuko ditu. Sarrerak Modelo AretoanAurtengo Udako Musikaldiak berrikuntza dakar sarreren salmentari dagokionez. Aurreko edizioetan, pertsona asko, gonbidapenak jaso eta gero, ez ziren ekitaldietara agertzen, honela kontzertua ikusi nahi duten pertsonei sarrera galaraziz. Aurten, egoera hori ekiditeko eta kontzertuen maila errespetatzeko, Musikaldiko kontzertuetara joan ahal izateko sarrera erosi beharko da. Sarrerak 4 euroan jarriko dira salgai Modelo Aretoan, bere ohiko ordutegian, uztailaren 25etik 31ra, eta Kutxaren sarrera plataforman. Uztailaren 25etik aurrera hasiko da sarrera salmenta.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.