Berrindartu eta jauzi gogoeta argitaratu du Topalabe taldeak

Berrindartu eta jauzi gogoeta argitaratu du Topalabe taldeak
Bost urte dira Topalabe taldeak Berrikasi eta Berrikusi gogoeta kaleratu zuenetik, euskaltzaleen mugimenduan eta euskararen normalizazioa bultzatzeko lanean ari diren eragile ezberdinetan hausnarketa bultzatzea helburu zuen dokumentua. Bost urte hauetan txostenean jasotzen ziren hausnarketek bidea egin dute eta Topalabe taldea hurrengo urratsei begira jarri da. 2019an egindako talde-lanaren emaitza izan da Topaberri aldizkariaren 67. zenbakian argitaratu den Berrindartu eta jauzi dokumentu berria.

Gogoeta berrian Topalabe taldea osatzen duten lagunek euskararen normalizazioan jauzi sendo bat egiteko garaia dela azpimarratu dute, eta jauzi horretarako lehentasunezko eremuak zeintzuk diren proposatu, era berean. Bi eremu azpimarratzen dira gogoetan bereziki: lan mundua batetik, eta eremu ez formala, bestetik. Eta helburu modura, orain arte ezagutzaren hazkundean egindako ibilbidea osatzeko, erabileran jauzi bat egitea eta euskara Unescoren hizkuntzen atlaseko hizkuntza zaurgarrien zerrendatik ateratzea.

Dokumentua Topaberri aldizkariaren 67. zenbakian dago eta argitalpen berean aurkitu daitezke gogoeta osatzeko Topalabe taldeko zenbait kidek egindako eranskinak ere.

Topaberriren 67. zenbakia ondoko loturetan deskargatu daiteke: Topaberri (pantailarako) / Topaberri (inprimatzeko)

  Covid-19 koronabirusaren eragina

Gogoeta urtarrilean bukatu zuen Topalabe taldeak eta martxoan argitaratzeko prest zegoela, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoera piztu zen eta horrek ekarri du dokumentuaren argitalpena atzeratzea. Tarte horretan Topalabe taldeak gogoeta testuinguru berrian kokatzeko sarrera osatu eta zabaldu egin du, Berrindartu eta jauzi dokumentuak ez baitu balioa galdu taldekideen iritziz.

Ondoko lerroetan dago testuinguru honetan Topalabe taldeak osatutako sarrera.

 

BERRINDARTU ETA JAUZI

Covid19 birusaren garaian

“Berrikusi eta Berrikasi” izeneko dokumentuaren harrera onak animatu gintuen bigarren parte bat idaztera, analisia eguneratzeko eta osatzeko; eta 2019an talde-lan trinkoa egin genuen “Berrindartu eta Jauzi” izenekoa ontzeko. Urte hasieran azken ukituak eman eta inprimatzen ari ginela iritsi da Covid19 birusak eraginda pandemia, eta mundua hankaz gora jarri du. Dagoeneko ezer ez da berdin.

Gauzak horrela, egoera berria irakurtzeko ahaleginari ekin diogu, arrisku eta aukera berriak antzemateko. Uste dugu aurretik idatzitakoak ez duela baliorik galdu; baina testuinguru berriak baldintza desberdinak ezarri ditu, eta estrategiak moldatzea tokatzen zaigu euskararen biziberritze prozesuko eragileoi.  Bide horretan lehen hurbilketa bat egin dugu lerro hauetan, eta udazkenerako nahi genuke testuinguru berriaren analisia osatu, bidelagun zareten eragileen partaidetzarekin.

 

Testuingurua

Gogoeta amaitu genuenetik hilabete gutxi igaro diren arren, nabarmen aldatu da bizi dugun testuingurua. Covid-19aren ondorioz, egoera latza bizi dute pertsona askok, zuzenean edo ingurukoen artean pairatu behar izan dituztelako gaitzak eragindako kalteak. Gizarte mailan ere, aurretik pentsaezinak ziren gertakizunak ikusi ditugu azken hilabeteotan:

- Berehalako krisialdi ekonomia iragartzen ari dira adituak, mundu mailakoa eta aspaldiko sakonena. Agerian geratu da, lehen klima aldaketarekin gertatu moduan, krisialdi horri aurre egiteko mundu mailako elkarlana eta koordinazioa behar dela.
- Agintea zentralizatu dute estatuek, eta murriztu beste instituzio batzuen eta norbanakoen erabakitzeko ahalmena. Halaber, hainbat enpresa pribatu eta sektore ekonomikoren jarduerak gelditu dituzte gobernuen esku hartze zuzenek.
- Entitate askok telelana hedatu behar izan dute egun batetik bestera, eta berebiziko garrantzia hartu du mundu digitalak sorkuntzan eta sozializatzeko orduan.
- Herritarron artean, oro har, komunitatea jarri da norbanakoen interesen aurretik eta osasuna ekonomiaren aurretik. Elkartasuna balio funtsezkoa bihurtu da eta inoiz baino ageriago geratu da oinarrizko zerbitzu publikoen garrantzia.

 

Eragina

Denbora beharko da krisialdiaren zikloa osatzeko eta ondorio guztiak bistaratzeko. Baina dagoeneko esan daiteke urte hasieran agertzen ez ziren arrisku batzuk sumatzen direla orain:

- Aurrekontu publikoak nabarmen uzkurtuko dira 2020an eta ez dira berehalakoan berdinduko; beraz, lehentasunak aukeratu beharko dira eta horren araberako moldaketak egin.
- Halabeharrez, ekimen eta jarduera asko bertan behera geratu dira, eta horren ondorioz herri mugimenduen finantzazioa are gehiago lotuko zaie kontu publikoei.
- Krisiaren komunikazioan nabarmena izan da euskarari esleitu zaion bigarren maila. Horrek adierazten du biziberritze prozesuan oraindik urruti gaudela euskararentzat egoera normala lortzetik.
- Bilakaera honetan, euskararen biziberritze prozesuak kalte handia jasan lezake, ez bada eragile guztien artean lankidetza sendo bat eraikitzen hizkuntza eskubideak eta berdintasuna lehentasun publikoen artean kokatzeko.

Aldaketa sasoi guztietan bezala, arriskuen ondoan aukera berriak agertu dira. Krisialdi honek erakutsi du posible dela inertzia, ohitura eta jokabide asko aldatzea oso epe laburrean. Besteak beste:

- Agerian geratu da mundu digitalaren garrantzia, bai aisialdian, bai arlo sozio-ekonomikoan; eta frogatu da posible dela asko azkartzea euskararen eta euskal kulturaren jauzia mundu digitalera.
- Baliabideak murriztuko direnez, garrantzi handia hartuko du haien erabilera optimoak; eta, honi esker, errazago jarri ahalko dira zalantzan euskararen biziberritze prozesuan eraginkorrak ez diren hainbat eredu (hezkuntzan, komunikabideetan, gazteen aisialdian, arlo ekonomikoan…). Berrikuntzarako sasoian murgilduko gara.  
- Eta, batez ere, krisialdiak aukera ezin hobea eskaintzen du komunitatearen garapen jasangarria etorkizuneko estrategiaren ardatzean kokatzeko, eta eragile guztien lankidetzan oinarritutako gobernantza lehenesteko. Euskarak sekulako jauzia egin lezake, baldin eta bilakaera kolektibo horren gidaritzan euskaltzaleok parte aktibo bihurtzen bagara.

 

Gogoeta partekatua

Gaur gaurkoz, “Berrindartu eta Jauzi” dokumentuan genioena indartu egin du osasun krisialdiak. Desafio latzei egin beharko die aurre euskal komunitateak hurrengo hilabeteotan eta urteetan; eta, horiek gainditzekotan, ezinbestekoak izango dira erakundeen, era guztietako gizarte eragileen, euskalgintzaren eta herritarron elkarlana eta hizkuntzaren aldeko aktibazioa. Txostenean diogunez, euskararen biziberritze prozesuan jauzia egin beharra dago, eta horretarako ezinbestekoa da gizarte sistema osoa astintzea. Krisiak eskurago jarri du astindu hori elkarrekin eragiteko aukera.

Are gehiago: “Eraldaketa soziala nahi duten eragileek –euskaltzaleen mugimendua barne- elkarrekin landu behar dute zer eraiki zoru komunaren gainean, zein egitasmo partekatzen duten etorkizunean” diogu dokumentuan. Krisiari ematen ari zaion erantzun sozialak adierazten du estrategia komunitario sendo bat eraikitzea dela etorkizuneko eskubideen eta duintasunaren bermerik indartsuena, eta guk uste dugu komunitarismo indarberritu horretan euskarak lehentasunezko funtzio kohesionatzailea izan beharko lukeela, eta izan lezakeela.

Dena den, denbora igaro behar da krisiaren zikloa osatzeko eta egoera berriaren ezaugarri guztiak bistaratzeko; gero, horren arabera, dokumentuan proposatzen ditugun urrats estrategikoak testuinguru berrira moldatzeko. Udazkenerako espero dugu lan hori burutzea, eta bidean jaso nahi genituzke euskararen biziberritze prozesuko bidelagunen ekarpenak.

TOPALABE TALDEA. 2020ko apirila