Udako ikastaroak 2024 UPV/EHU: "Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?"

Udako ikastaroak 2024 UPV/EHU: "Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

uik.eus

Noiz

22/07/2024-etik 23/07/2024-era

Zer dauka Arantzazuk? Nor da Arantzazu? Nor gara Arantzazu?Arantzazu euskal jendartearentzat erreferentziazko espazioa da, eraldaketarako energiaren konfluentziaren gunea izan baita 500 urtez. Arantzazuren inguruan urtez urte eratuz joan den gizarte-sare anitza da, askotarikoa, gizarte-esparru desberdinetan txertatua. Arantzazu herri-tokia da, herriarentzakoa. Eta gutxi dira gurean elkarri etorkizun-galderak egiteko toki aproposak. Aurten, lehenengo aldiz, UPV/EHUk eta Arantzazulab-ek Uda Ikastaro bat antolatu dute bertan, Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituen bidexkak, naturalak zein kulturalak, elkarrekin aztertzeko. Aratz-Aizgorri parke naturalean kokatuta, 5 mendeko ondare aberatsaz gain, santuarioak badu esanahi berezia euskal kulturan: erabakigune eta elkargune garrantzitsua izan da, bertan hainbat ezagutzak, arteak, tradizioak eta berrikuntzak bat eginez. Hutsuneak duen abegikortasuna bilatuz, adituekin eta arituekin jorratuko ditugu galderak. Gandiagaren eta Azurmendiren belaunaldiaren ahaleginak jarraipena izango du? Mundu konplexu, arrotz eta zabalean, bakardadea eta isolamundua nola gainditu ditzakegu, lankidetza forma berriak nola sortu? Ba al dugu gure herriaren biziraupenerako sustraiko gaien inguruan anbizioz aritzeko eta pentsamendu berria sortzeko Arantzazu bezalako gunerik? Zer erakusten digu zientziak lankidetzaren sorreraz eta beharraz? Zer Arantzazuren naturaz eta historiaz?Etorkizun-erronken aurrean, non dago Arantzazu?Bada, beti egon den tokian: aniztasunaren ertzak josten, elkar-hizketarako, elkar entzuteko egokiera pribilegiatu eta paregabea eskaintzen. Askotariko eraldaketa sakonek bizitzaren ardatzak (balioak, komunitatea, kultura eta jasangarritasuna) bidegurutzera eraman dituzte. Mendeetan zehar sortu dugun GU handi horrek berriro erantzun beharko ditu etorkizunari egin nahi dizkiogun galderak. Uda Ikastaro hau galdera horietan esperientzia murgiltzailea izango da, kultura jarduerak eta bisita gidatuak elkarrizketan txertatuz. Lehenengo egunean Arantzazuk duen ezagutzan sakonduko dugu, artetik zein zientziatik, Arantzazu den hori bizitzeko eta berak gure baitan eragina izateko. Bigarrenean etorkizunari begira jarriko gara, beste behin ere, bere buruari oinarrizkoaz galdetu behar diolako gure herriak, etorkizun-oihartzunean murgildu behar dugu:  eta horretarako, euskal herrigintzarako etorkizun-galdera gakoen inguruan elkarrekin erantzuteko toki paregabea eskaintzen du Arantzazuk. Erakusketa berezia: Orbelaun Taldea + gonbidatuakArantzazun ospe handiko artea dago: Saenz de Oiza eta Laorga, Muñoz, Oteiza, Chillida, Eunate, Egaña… izen, izan eta lan handi horien itzalpean naturala da txikia sentitzea. Baina Arantzazuk era eta tamaina askotariko arte esperientziak eskaintzen ditu oraindik ere, eta sorkuntzak ez du etenik. Izan ere, Arantzazu bera da ekosistema bat sorkuntzarako egokia, denontzako baliabide eta inspirazio iturri. Erakusketa honetan biltzen dira Arantzazuren inguruan sortutako hainbat eskultura eta pieza grafikoak, batzuk orain arte erakutsi gabeak. Arte efímero, collage, found art… dena Arantzazuko kultura eta natura ondareak emandakoarekin eginda. Lan gehienak Orbelaun taldekideek eginak dira. Angel Mari Milikua, Imanol Artola eta Esteban Kerexeta eskultoreek osatzen dute kolektiboaren izena dator Bitoriano Gandiagaren jaio zen baserritik. Guztiak autodidaktak dira eta sorkuntza gaitasuna Arantzazun kokatu dute, artea zentzu zabalean ulertuz. Kolektiboaren lanak ikusgai izan dira Zegaman, Donostian eta Oñatin egindako erakusketetan. Belaunaldi eta lanbide desberdinetako beste artisten lanekin osatu da 16 piezako erakusketa. Haien artean, artista liburu bat dago: Arantzazuko Brebiarioa. Ahiku (Arkitektura eta hiri kultura) elkarteak egindako lana da eta oinarritatuta dago Basilikaren arkitekturan eta Gandiagaren poemetan. HELBURUAK- Arantzazuko ondare materiala eta immateriala bertan ezagutzea.
- Arantzazuko ekosistemaren historian eta naturan murgiltzea.
- Arantzazuren etorkizuna herrigintzarekin eta kulturgintzarekin duen lotura esploratzea.
- Etorkizuneko ikuspegiak sortzeko Frantziskotarren eta egungo gazte erreferenteen artean garatutako esperientziak ezagutzea.
- Bitoriano Gandiagaren bizitza eta lana ezagutzea.
- Joxe Azurmendiren filosofia hedatu eta eztabaidatzea.
- Bakardadearen erronka gizarte berrikuntzatik nola heldu eztabaidatzea.
- Zientzia eta pentsamendu garaikidean lankidetzaren garrantzia ulertzea.
- Lankidetzan oinarritutako estrategiak lantzea. NORI DAGO ZUZENDUTA- Publiko orokorraZUZENDARIAKAntonio Casado da Rocha | UPV/EHUFilosofian doktorea, ikertzailea eta irakaslea da Gipuzkoako campusean (EHU). AKTIBA-IT taldeko ikertzaile nagusia da. 2002tik 2012ra Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Etika Asistentzialeko Batzordeko kidea eta idazkaria izan zen. 2008an Victor Grífols y Lucas Fundazioaren Bioetikako Ikerketa Saria jaso zuen. 3 seiurteko ditu ikerkuntzan, eta 7 doktorego tesi zuzendu eta defendatu ditu. 3 liburu argitaratu ditu egile bakar gisa eta 2 liburu kolektibo argitaratu ditu. 2012tik 2017ra bere fakultateko Ikerketa eta Mugikortasuneko dekanordea izan zen, eta 2017tik 2021era, EHUko Gipuzkoako campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria. Filosofiaren arloko argitalpen akademikoez gain, Bioetika, Psikologia, Zuzenbidea eta Soziologiako nazioarteko aldizkarietan ere argitaratu du. Naiara Goia Imaz | ArantzazulabNaiara Goia Imaz Arantzazulab-eko zuzendari nagusia da, eta gizarte berrikuntza laborategia diseinaitzeko, abian jartzeko eta garatzeko ardura du, 2020ko udazkenetik. Berrikuntzan aditua, 20 urteko esperientzia dauka bertan eta nazioarte mailan proiektu estrategiko konplexuen koordinazioan eta jakintza-alor anitzeko pertsonen zuzendaritzan. Arantzazulab-en hasi aurretik, MONDRAGON Korporazioan ibili zen hainbat urtez, enpresen eraldaldaketarako berrikuntza teknologiko eta sozialaren alorrean ekimenak gidatzen. Demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntza, sareko lana sustatzea eta eraldaketarako estrategiak eraikitzea dira bere interesetako batzuk eta bere lanaren oinarria. Euskal Herriaren etorkizunaren inguruko gogoeta gune ezberdinetan parte hartzen du. Unibertsitate ezberdinekin kolaboratzen du, baita ere, hizlari eta irakasle moduan. Naiarak Telekomunikazio Ingeniaritzan goi-mailako titulua du (UPV/EHU – ENST Bretagne) eta Negozioen kudeaketan MBA baten jabe da. Modu osagarrian, bere ibilbide profesionalean zehar formakuntza ezberdinak jaso ditu, Gobernantza ireki eta kolaboratiboan (UNED), Lidergoan, Komunikazio publikoan, Berrikuntza eta Prozesuen ebaluazioan, batzuk aipatzearren. HIZLARIAK- Jakin Fundazio agirre agirre | Jakin, Zuzendaria
- Paulo Agirrebalzategi
- Urko Aiartza Azurtza | TMeLab
- Asier Amezaga Etxebarria | UPV/EHU
- Ainhoa Becerra Sotelo | Adinberri Fundazioa, Responsable de innovación
- Carmiña Dovale Carrión
- Gorka Espiau Idoyaga | Agirre Lehendakaria Center
- Arantxa Etxeberria Agiriano
- Onintza Etxebeste Liras
- Naiara Goia Imaz | Arantzazulab, Directora General
- Olatz Ibarretxe
- Iñaki Martínez de Albeniz Ezpeleta
- Juan Ignacio Pérez Iglesias | UPV/EHU
- Xabier Peritz Mendizabal
- Jon Sarasua Maritxalar
- Mireia Zarate Agirre | EAJ-PNV
- Aitor SorreluzPrograma osoa (pdf)

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak