EAEko hauteskundeak 2020, boto azalpena

Ez dut uste oso boto erabilgarria izango denik, EAJ-PSOE koalizioaren errepikapenak ziurra dirudi-eta. Baina protesta boto bat da, batetik, eta aldaketa beharrezko baten aldeko aldarria bestetik.




Protesta, ze egungo agintarien kontinuismo proposamena ez dut jada irensten. Eragin eta botere banaketa bi-partidista hau klientelismo hedatu eta eroso batean ezartzen da, onuradun zuzen, erdi-zuzen eta “badaezpada ez sartu” pentsatzen dutenen sarean. Think tank-ak antolatzen dira, thinkamendu bakarra ez ukitzekotan, gobernantza esaten dute; baina gobernatzaileak dira batzuk, eta gobernatuak besteak… esate baterako, politika ekononikoa ikuspegi confebaskista hutsetik egiten da, eta ez klase ekonomikoen desberdintasun funtsezkoei begiratzetik (honetan ere, itsutasun handiak ezkerrean, nire ustez, baina beste kontu bat da hori). Esaneko edo lerro ofizialeko adituak, komunikazioaren ustezko guruak… inteligentzia kolektiboa metatzeko pertsona gehiago eta bariatuagoak behar ditugu, eta entzuteko eta eragiteko gaitasuna duten liderrak.




Agintearen jarrera berrienek ere protestara naramate: Zaldibar eta Verterren lizentzia luzatzea, eukaliptoa basque green berria dela irenstaraztea, pandemiaren inguruko komunikazio okerra eta kudeaketa auskalo nolakoa.




Eta aldaketa behar da. Pandemiaren krisia, beroketa globala…  Bizia etorkizunaren erdigunean egongo den ikuspegi estrategiko bat behar da.




Klaro, ezker abertzalearen kurrikulumari begiratu, azkenengo esaldi horrekin alderatu eta ez dira ondo irteten. Ez bakarrik ETA/bizia binomioa alderatuta baizik eta, nire ustez bereziki, etorkizunerako ikuspegi analitiko eskasagorik nekez eduki zitekeelako hainbat urtean. Autokritika nahikoa egin dutela sinetsita egongo dira, baina niri ez zait iruditzen: zatitxo bat falta zaie. Eta inork tentazioa badu erantzuteko neuk ere, hemen, “ETAren komodina” aipatu dudala, nahita egin dudala argi gera bedi. Kartak dira direnak, eta ETAren komodina barajan dago, harekin jolasten ikasi behar dutenak batez ere ezker abertzalekoak dira, eta deseroso jartzen baditu aipamen hutsak, zerbait esan nahiko du horrek.




Esperantza txiki batekin emango diet botoa, dena dela. Eraldaketa potentzial bat ikusten dut ezkerrean oraindik, eta Euskal Herriko ezkerrean izatekotan, ezen ez Podemosko ezker espainolean. Eta esperantza horren oinarri Maddalen Iriarte bera ikusten dut, ganora eta sentsibilitate baten ziurtasuna ematen dit. Espektro politiko desberdinetan, emakume batzuk erakusten ari diren gaitasun beharrezko hori (Jacinda Andern, Angela Merkel, Nicola Sturgeon).

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak