Igartza Musika 2024: SUSTRAIEN MATXINADA
Gertaeraren datuak
Antolatu du
beasain.eus
Non
Igartzako Multzoa
Noiz
17/11/2024
Datozen sei hilabeteetan Beasainen izango diren musika kontzertuen iragarpena egin dute Igartza Musika Programaren arduradunek udal ordezkariekin batera. Igartzako jauregian, Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultura zinegotzia, Arantxa Gastesi eta Garazi Zabaletak Loinatz Musika Eskolako arduradunak eta Aitor Garitano Loinatz abesbatzako zuzendaria izan dira egitarauak biltzen duenaren xehetasunak eman eta ziklo honen balioa berresten. Uztailaren 4an izango da lehen kontzertua eta azkena berriz abenduaren 22an eta bakarlari, bikote, talde eta abesbatzek parte hartuko dute aurtengo bigarren epealdi honetako kontzertuetan. Kulturan egiten den inbertsioaLeire Artolak adierazi duenez “Beasaingo Udalak kulturan egiten duen inbertsioa da Igartza Musika Programa. Jendea kultura eta musikarekin janzteko, Beasain herri musikazalea bait da. Ziklo hau martxan jarri zela badira ia zortzi urte eta erantzuna ezin hobea izaten ari da. Helburuei eusten diegu, hots, musika zaletasuna zabaldu eskaintza anitza eta aberatsa eskainiz publikoari”. Bestalde, udalerriko leku ezberdinetara zabaldu dira emanaldiak. Ez bakarrik Igartzako jauregian, baizik eta Erauskin plazan, eta udalerriko bi parrokietan ere. Bederatzi emanaldiArantxa Gastesik egitarauko kontzertuak banan banan azaldu ditu eta Aitor Garitanok Loinatz abesbatzak eskainiko dituen emanaldien xehetasunak aipatu ditu jarraian. Eskaintza zabala eta oparoa da eta badago non aukeratu. Uztailaren 4an osteguna, Erauskin plazan, 20:00etan HUTSUN TXALAPARTA TALDEA + JEL TRIO. Estilo, sonoritate eta bide musikal berriak esploratzeko jakin-minetik sortu zen proiektu berritzaile eta etorkizun handiko da hau. Euren ardatza da jazza, tangoa eta euskal musika tradizionala fusionatzea. Uztailaren 7an igandea, Andre Mari Zeruratuaren elizan, 19:00etan. Sarrera 5€. OROITH, HODEIERTZ ETA LOINATZ ABESBATZAK, Maurice Duruflé-ren requiem-a abestuko dute. Oscar Rodríguez izango da organoan, María Izaga, mezzo-sopranoa eta Julen García, baritonoa. Guztia Enrike Azurzaren zuzendaritzapean. Abuztuaren 1ean osteguna, Erauskin plazan, 20:00etan SWINGTRONICS. Bost musikariek osatutako taldea da, "electroswing" talde bat. Oinarri elektronikoak funtsezkoak dituzte euren errepertorioan, jazzeko standarren cover-ak euren estilo berezira egokitzen dituzte, eta beste genero batzuetako piezekin konbinatzen dituzte. Oso berezia. Irailaren 8an igandea, Igartzako Jauregian, 19:00etan SUHAR abesbatza izango dugu. Gizonezko ahotsez osatutako abesbatza da, Esteban Urzelaiek zuzentzen duena. Bertan, beasaindarra den Ander Sarriegi Tenoreak abesten du, eta baita Loinatz abesbatzako zuzendaria den Aitor Garitanok ere. Urriaren 4an ostirala, Usurbe Antzokian, 20:30ean IDOIA ASURMENDI. Sarrera 12€. Urte terdi oholtzetatik urrun egon den honetan, bere 2. diska grabatu du, eta hori da aurkeztuko duena. Hasierako abestietan sustraia, folk, pop edo bossa-nova beldurrik gabe nahasten bazituen ere, oraingoan pianoak zuzendutako melodia handiak aurkezten ditu, soinu organikoa, akustikoa eta lur zaporearekin. Urriaren 29an asteartea, Loinazko San Martinen basilikan, 19:00etan TOLOSAKO ABESBATZEN LEHIAKETAKO ZIRKUITOA: WORLD VISION KOREA CHILDREN’S CHOIR. Aurten ere abesbatza izugarria entzungo dugu. Haur eta gazte abesbatza da, 40 ahotsez osatua. Azaroaren 17an igandea, Igartzako Jauregian, 19:00etan SUSTRAIEN MATXINADA: GARIKOTZ MENDIZABAL, Txistua, eta GORKA HERMOSA, Akordeoia. Sustraien Matxinada, Tradizioa eta modernidadea batzen dituen proposamena da: euskal kulturaren XXI. menderako ikuspegi berri bat. Folklorea, jazza eta musika klasikoaren ekidistantzia mantenduz. Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako folklorearen erritmo eta melodiak, jazzaren askatasuna eta musika klasikoaren prozesu konpositiboak fusionatzen dituzte. Azaroaren 30ean larunbata, IGARTZA MUSIKA BEKA Igartzako Jauregian, egun osoan zehar, 15´ko saio irekiak. Beasaingo Udalak, musika sormenaren laguntzan urrats bat gehiago emate aldera, Igartza Musika Beka sortu zuen 2016an. Beka honen helburua da Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan. Horregatik, Beka MUSIKENEn ikasten ari diren ikasleentzat zuzendua dago. Parte-hartzea urtero urtero igotzen ari da. Hasieran 16 izan ziren, baina iaz 41 hautagai izan ziren. Abenduaren 22an igandea, Loinazko San Martinen basilikan, 19:00etan Musika Eskolako NARAMA ABESBATZA eta LOINATZ ABESBATZA. Zuzendariak: VINAIXA GARTZIA eta AITOR GARITANO. Eguberritako kontzertua eskainiko dute elkarrekin, baina proiektua zehazteko dute. Antolakuntzan erreleboa eta balorazioaAlkateak oraingo honetan, Udalaren esker ona adierazi die sorreratik Igartza Musika Programa antolatzeaz arduratu diren Xabier Sarasolari eta Arantxa Gastesiri. Xabierrek iaz hartu zuen erretiroa eta orain Arantxak hartuko du. Irailetik aurrera Garazi Zabaletari emango dio erreleboa bai antolakuntzan eta baita Loinatz Udal Musika Eskolaren zuzendaritzan. Egitaraua osatzen duten kontzertuen xehetasunak eman ondoren Arantxa Gastesik, bere azken aurkezpena izanik, zortzi edizio hauen laburpena egiteko aprobetxatu du. 2016an hasitako bidean Xabier Sarasolak eta berak hastapenean adostutako irizpideak eta ezarritako helburuak izan dira beti programazioaren ardatza: aniztasuna, hitzaren zentzurik zabalenean, beti ere, herritarren gustu desberdinak asetzeko helburuarekin eta aurrekontu orekatu baten barruan eta Beasaingo herriak dituen baliabideak kontuan hartu izan dira. Musikenerekin lankidetzan antolatutako Igartza Musika Beka saria 18 musikari gazteek jaso dute. Orotara, 52 talde handi izan dira: Euskal Herriko punta puntako abesbatzak, mota desberdinetako orkestra formazioak, dantza taldeak, txistulari bandak, orotara ia 1. 000 musikari. Talde hauetatik batzuk, proiektu desberdinak direla eta, bi edo hiru aldiz etorri dira. Aipagarria da Beasaingo Loinatz Abesbatzak 18 kontzertu eskaini dituela zikloaren barruan. Kopuruei tiraka 32 zuzendari, euskaldunak nahiz nazioartekoak. Musikariak 267, bakarlari nahiz taldetxoetan. Hauek guztiak beste taldeko 1. 000z gain. Pandemia ere pasa zen nola edo hala streaming bidez kontzertuak eskainiz. Zikloa martxan jartzeko inbertsio batzuk ere egin ziren. Esanguratsuena Igartzan dagoen pianoaren erosketa izan zen, dagoeneko amortizatuta dagoena. Hitz hauekin Gastesik eskerrak eman dizkio Udalari eta Garazi Zabaleta aurkeztu du bere ordezko bezala aurrerantzean. pdfEgitarauaren eskuorria (896 KB)
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.