"Alproja 2020: aurten ez da antzerkirik izango"

"Alproja 2020: aurten ez da antzerkirik izango"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

zarautz.eus

Non

Modelo Aretoa

Noiz

09/09/2020-etik 12/09/2020-era

Hitzaurrea:Alproja antzerki taldea urteroko martxan zebilen 2020an, gidoia amaitzear, konfinamendua ezarri zuten arte. Egoera luzatu egin zen, eta konfinamenduak zein deseskaladak antzerki baterako egoera ugari plazaratu zituen. Horri ezikusi egitea pena izango litzatekeela eta, Alprojak 2020rako prest zeukan gidoia 2021erako utzi, eta aurtengorako beste antzezlan bat sortzea erabaki zuen, covid 19ko egoerak ardatz hartuta. Aktore talde handia izaki, kontingentzia plan bat egina zeukan, eta antzezlan berrian pertsonaiak esketxetan banatuta ere bai, jende pilaketak ekiditeko. Entseguak hasteko prest ginenean ordea, Zarauzko Udalak 2020ko Euskal Jai eguna bertan behera utzi zuen. Pena handia, hartutako lanagatik baino gehiago, antzezlana egiteko izena eman zuten 40 aktoreengatik. Hori dela eta, hasieran ideia zoro bat zena Kultura sailari planteatu genion: pelikula bat egitea. Era horretan, positibo kasurik gertatuta ere ez ziren entseguak eta grabaketak geldituko, eta Euskal Jaietan argitaratzeko material bat sortuko genuen, jendeak pilatu gabe ikusi ahal izango zuena. Kultura sailarekin pelikula hau burutzeko dirulaguntza adostu, Aranburu Filmsekin grabazioa diseinatu eta kamera eta soinu teknikari profesionalekin, abian jarri ginen. Profesional hauek ezin hobeto gidatu dute grabazioa. Lau egunetan burutu dugu grabazioa, aktore bakoitza eszena batean, eta egun bakoitzean hiru edo lau eszena grabatuz. Aktoreek gidoia aldez aurretik jaso zuten eta grabazioaren aurreko egunean entsaiatu genuen bakarrik, pelikulak ez baitu antzerkiaren perfekzioa eskatzen, nahi adina aldiz errepikatu daitekeelako. Horrez gain, grabazioa ez da leku finko batean egin, behin hasita, leku errealak erabili ditugu eszenetarako. Lekuak nahiz materiala herriko jendeari eskatu diogu, eta erantzun bikaina jaso dugu. Orain filma prest dagoela, lau izango dira emanaldiak:- Irailaren 9an, 12:00tan Erlo telebistan botako dute.
- Irailaren 10ean, 20:30etan Modelon.
- Irailaren 12an, 12:00etan Modelon.
- Irailaren 12ko 12:00etatik aurrera Youtuben egongo da ikusgai filma. Sinopsia:Galtzagorriak beren etxean daudela, Nagusik Euskal Jaia bertan behera geratu dela jakinaraziko die, eta aurten ez dutela istoriorik kontatu beharko. Egoera horretara nola iritsi diren errepasatzen hasiko dira orduan, eta horrek konfinamendua ezarri zenean bizitako egoeretara eramango gaitu: nola jaso genuen etxean geratzeko abisua, nola moldatu ginen etxean atera ezinik… Hainbat egoera errepasatu ostean, galtzagorrien gaur egun nolako egoerak aurki ditzakegun eta etorkizunerako nolakoak espero daitezkeen deskribatuko dute. Irudikatuko diren eszenak, bizi izan ditugun eta biziko ditugun egoeren umorezko kritikak izango dira, Alprojaren urteroko esentzia mantenduz. Zure burua identifikatuta sentituko ote duzu?Parte-hartzialeak:Alaitz Usandizaga, Amaiur Zumeta, Amane Zumeta, Amets Usandizaga, Ana Galarraga, Ana Sarasola, Andoni Aranberri, Ane Zulaika, Arrate Indo, Ascen Exposito, Asier Zubiaurre, Beñat Aristi, Beñat Arruti, Beñat Intxauspe, Bittor Urbieta, Carmen Saez de Ocariz, Danel Agirrezabal, Elene Arzelus, Eider Illarramendi, Erik P. de Saint-André, Garazi Intxauspe, Ianka Aldabaldetreku, Ibai Goikoetxea, Ibon Aristi, Iker Etxaniz, Inaxio Martiarena, Iñigo Mozo, Iraitz Zumeta, Itziar Boix, Jone Salegi, Jone Zubiaurre, Joritz Bastarrika, Josu Aranburu, Julen Portillo, June Lizaso, Leire Ondarra, Leire Plazaola, Libe Eizaguirre, Maixux Altuna, Malen Uranga, Manex Artola, Marije Zumeta, Mayi Saizar, Mikel Biain, Nere Izeta, Oroitz Unzueta, Patxi Santamaria, Peru Gabirondo, Sara Martinez, Txomin Zenarruzabeitia, Unai Muniain. Grabazioa eta errealizazioa: Unai Borda, Ritxi Goya, Alejandro Davila, Manex Artola.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak