"Eugiko armategi artistikoa, Nafarroa"

"Eugiko armategi artistikoa, Nafarroa"

Gertaeraren datuak

Antolatu du

bilbaomuseoa.eus

Non

Bilboko Arte Eder Museoa

Noiz

12/03/2024-etik 21/06/2024-era

Obra Gonbidatua programak bere izaera berezia berretsiko du erakusketa honekin, Banco Santander Fundazioaren eskutik museora ekarriz luxuzko armagintzako objektu multzo bat, Nafarroako Eugiko burdinola historikoan jatorria duena. Ikusgai jarriko diren piezak Madrilgo Errege Armategian kontserbatzen dira, eta Ondare Nazionaleko Errege Bildumen parte dira. XVI. mendearen azken hamarkadan eta XVII. mendearen lehen hamarkadetan datatutako hiru lan erakutsiko dira, kalitate bikainekoak: zelata bat (c. 1596), urre eta zilarrezko damaskinatuz oparo apaindua, Parisko Judizioko errodela (c. 1598), herentzia klasikoko gai eta hizkuntza formalak dituena, eta arkabuz bat (c. 1620), Eugin jatorria duen su-arma ezagun bakarra izatea bereizgarri duena. Haiekin batera ekarriko da XIX. mendeko dokumentu sorta bereziki hautatu bat, honako ale hauek osatua: arma-lantegiak sortutako ekoizpen bikainenak ageri diren liburu ilustratu bat, Achille Jubinal Erdi Aroaren aditu frantsesak argitaratua, Charles Clifford (1) eta Jean Laurent (3) argazkilarien antzinako argazkiak, eta Lipako kondearen argazki-albuma. Eugiko piezek historian zehar sortu izan duten interesaren lekuko, guztiak ere. Eugiko burdinolaXV. eta XVII. mendeen artean, Flandes, Alemania hegoaldea eta Italia iparraldea izan ziren Europako armagintzaren gune nagusiak. XVI. mendearen lehen erdian, espainiar koroak bereganatu zituen gune haiek, baina Karlos V. a hil ondoren, 1558an, Flandesek eta Milanek soilik iraun zuten luxuzko gune gisa hispaniar monarkiaren eremuan. Testuinguru hartan, ordea, orobat nabarmendu ziren euskal eta nafar arma-lantegiak –orain arte oso ezagunak izan ez badira ere–, zeinen adibide adierazgarriena baita Eugiko burdinola (Nafarroa). Lau hamarkada eskasean –1595 eta 1634 artean–, sorkuntza artistiko aparta ekoitzi zuen Eugiko burdinolak, Espainiako ondare historikoko luxuzko arma multzo bikainenetakoa. Iruñetik iparraldera kokatuta zegoen, eta Europako gune handienetakotzat, kalitatez, eta italiar tradizioaren adibide onenetakotzat hartua da gaur egun. Filipe II. aren interesari esker loratu zen lantegia; hain zuzen ere, hark erosi zuen eta haren ekimenez aritu ziren bertan lanean milandar armagileak. Lantegian sortutako oso obra gutxi kontserbatu dira gaur egun arte, Filipe III. arekin eta haren familiarekin lotuak, kronologikoki.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak