Nontzeberri

“Loraldia” jaialdia, inoiz baino desiragarriagoa

“Loraldia”  jaialdia,  inoiz  baino  desiragarriagoa
Bizkaiko hiriburuan, martxoaren 10etik 29ra, Loraldiaren edizio berria egingo da. Gaur goizean, Bilboko Rekalde aretoan, mota guztietako diziplina artistikoak, ekoizpen berriak eta estreinaldiak bilduko dituen jaialdiaren seigarren edizioa aurkeztu dute.

Aurtengo Loraldia jaialdiaren leloa Hamaika desira! izango da,  eta euskarazko diziplina artistiko guztietako sormenik berrienak bilduko dira 20 egunetan. Antolatzaileek adierazi duten moduan, Loraldiak hainbat helburu bete nahi ditu: euskal sortzaileak nabarmentzea (euskal sortzaile handiak eta aktiboak ditugulako), eta egiten duten sorkuntzaz gozatzea; publiko berrietara heltzea; eta iturri zaharretik proposamen berritzaileak sortzen ahalbidetzea.
Eta horretarako diziplina anitz hartuko dira kontuan, bai eta euren arteko fusioak ere. Hortaz, aurtengo edizioan ez dira faltako antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza, formatu eta neurri askotakotan, ikusgarritasunez beterik.

Adibidez musikari dagokionez, Joseba martin kazetariak Euskal musikaren historia bat. Iparragirre-Urdangarin bidaia hilezkorra izeneko hitzaldia emango du. Baina Loraldiaren oholtzatik, Fermin Muguruza, Aire Ahizpak, Thierry Biscary, Alos Quartet eta beste hamaika kontzertu eta emanaldi pasatuko dira.

Literaturaren barruan, martxoaren 14an, 12:30ean, eta San Mames Metro Geltokian, EIEk bultzaturiko Irakurri mesedez kanpainari ikusgarritasuna emanez, Bizkaiak bizi dituen giro naturalak, sozialak edota itxaropenezkoak idazle talde batek zabalduko ditu, makina bat testu irakurrita. Idazleen berbak bertsolari bik josiko dituzte inprobisazioari bidea emanez, eta jostura hori korapilatzeko musikari baten soinuak azken puntada emango dio berbaroari.
Harkaitz Canok eta Pettik Manipulazio estrategiak izeneko saioa egingo dute; eta Miren Agur Meabek, Bidebarrieta Liburutegian, Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe izeneko ikuskizuna egingo du. Idazlearekin Amorante elkartuko da.
Modu batean edo bestean, Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa ere hitzordu literario batean elkartuko dira, Mikel Antza idazleari esker.
Xabier Montoiaren Anfetamiña (Susa, 1983) olerki liburuan oinarritutako, musika eta irudizko ikuskizuna, Muga ere presente egongo da. Itziar Beristain (ahotsa), Alberto Gonzalez (gitarra), Iñigo Romera (baxua), Iñigo Egillor (bateria) eta J. A. Areta Goñi Juxe (argazkiak) parte-hartzaileak dira.
Poema gehiago Iñigo Astiz idazlearen eskutik izango duzue. Idazlearen Analfabetoa liburua oinarri hartuta, Astizek berak eta Mikel Ayerbek Högeitavat ikusgarri-performancea sortu dute.

Eta dantzarekin loturik, Haatik Dantza Konpainiaren Errimak bi oinetan dantzaldia nabarmendu behar da. Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizuna da. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik.

Hauek Loraldiaren lore bakan batzuk baino ez dira, udaberriarekin loratzen den jaialdiko proposamen guztiak, egunez egun, non eta noiz, ikusteko: Loraldia