Irudi sorta: "Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian y 2002" erakusketa

Irudi sorta: "Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian y 2002" erakusketa

Gertaeraren datuak

Antolatu du

artium.eus

Non

Artium

Noiz

08/02/2020-etik 03/01/2021-era

- Irudi sorta: "Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian y 2002" erakusketaKomisariotza: Xabier Arakistain, Miren Jaio, Elena Roseras, Beatriz Herráez. Proiektuaren koordinazioa: Daniel Eguskiza. Diseinua: Gorka Eizagirre1977. urtea da Zeru bat, hamaika bide erakusketaren abiapuntua, gertaera politiko, sozial eta kultural handien garaiaren hasiera. Bi hamarkada baino gehiago hartzen duen erakusketa hau 2002. urtean amaitzen da, Artium Museoa ireki zen urtean. Jardun artistikoak, kultura-adierazpenak eta prozesu historikoak lotuz, erakusketak, besteak beste, honako gai hauek jorratzen ditu: aldi horretan gertatutako instituzionalizazio-prozesuak, artisten parte-hartzea kultura-politiken eraketan, jardun artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketak, kontzientzia feminista sortzea edo XX. mendearen amaieran tokikoaren eta globalaren artean izandako tentsioak. Zeru bat, hamaika bide narratiba ireki, integratzaile eta etengabe eraikitzen ari den baten eran planteatu da. Ehun artelan, dokumentu eta artxibo-material baino gehiago biltzen ditu Museoko aretoetan, eta ibilbide bat egiten du proiektuak hartzen duen mende-laurdenean sortutako adierazpen-aniztasunean barrena. LAINO GUZIEN AZPITIK… ETA SASI GUZTIEN GAINETIK. Joxan Artzeren esaldiak, bere konjuru-formularekin, ekintza-eremu zehatz bat seinalatzen zuen 1973an. Hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik geratzen zena frankismo berantiarra zen. Planoa gehiago irekiz gero, argi geratzen zen diktaduraren amaierako faseak iragartzen zuen ezorduko irekiera beste itxiera batekin batera bizi zela, modernitatearen eta haren proiektu utopikoen itxierarekin, hain zuzen. Artzeren esaldiak mugatzen zituen ekintza-eremuaren mugak eta aukerak demokraziarako trantsizioaren hasieran azalduko ziren. Poetaren beste esaldi batek, Martxa baten lehen notak, Mikel Laboaren 1977ko —erakusketa hasten den urteko— kanta bati eman zion izena. Abestiak une hartako ilusioaren eta ziurgabetasunaren nahastea jasotzen du: oraindik moldatu gabe zegoen martxa baten lehen noten aurrean geunden, eta ez zen ez hileta-martxa eta ez militarra, zibila baizik. Lau hamarkadatan isilik egon ondoren, elkarrekin aurrera zihoan jendez betetzen hasi ziren kaleak, era guztietako eskariekin: lanekoak, feministak, gay eta lesbianenak, auzo elkarteenak, ekologistenak. . . Herriaren presioari erantzunez, aldaketa politikoak ez ziren luzatu. Urte horretan bertan, 1977an, lehendabiziko hauteskunde orokorren aurretik, prentsa-askatasuna eta elkartzeko askatasun politikoa dekretatu ziren. Asaldura- eta indarkeria-giro orokor baten erdian, Euskal Herria Estatuko mobilizazio-gune aktiboenetako bat izango zen. Zenbait faktoreren bat egiteak —hala nola diktaduran erreprimitutako sentimendu nazionalistaren errotzeak edo gainbeheran zegoen industria-eredu baten ondoriozko arazoek— laguntzen du mobilizazioaren bultzada ulertzen. Kaleez gain, inguruko beste espazio batzuek ere zeregin garrantzitsua izango zuten, eta kulturaren zentralitatea seinalatuko zuten gizarte-dinamizatzaile gisa: 1977ko irailean, Donostiako XXV. Zinemaldia egin zen, «Herriaren Zinemaldia» esan zitzaiona; urte horretako abenduan, orduko Bilboko Unibertsitatearen Leioako campusean Euskal Herriko lehen jardunaldi feministak egin ziren; 1978ko ekainean, San Mamesko futbol zelaia bete egin zen euskararen aldeko Bai Euskarari jaialdia zela-eta. Trantsizioaren hasierako ziurgabetasun eta aukera testuinguruan, egoera berriaren eskakizunen zerbitzura jarri zen artea. Euskal Eskolako artistek herri-eskaeretarako eta, esparru politiko-administratibo berria zehaztu ahala, erakunde berrientzat sinbolo grafikoak sortzeko zeregina hartu zuten beren gain. Haien irudikapenak ere lurraldean barrena hedatuko ziren. Abstrakzio geometrikoaren hizkuntzaren jarraitzaile, forma eskultorikoak hain modu arrakastatsuan kokatu ziren paisaian, ezen laster ikusiko baitziren euskalduntasunaren elementu bereizgarri gisa, eta, hala, arteak identifikazio kolektiboko sinboloak sortzeko duen eraginkortasuna erakutsiko zuen. Trantsizio garaian Euskal Herriko artistek izandako inplikazioa ez zen mugatu errealitate berriak irudikatzeko irudiak ematera. Kultura-politika publikoen diseinuan ere aktiboki parte hartu zuten. Hala, arte-moduak gizarte-espazioaren barruan nola artikulatu daitezkeen pentsatzeari ekin zioten, ekintza-eremu mugatu batean arteak duen botere soziala eta politikoa zein den pentsatzeari. Subjektu kolektiboaren irudia goraipatzen den une batean, hura alde guztietan kaleetan barrena doazen gorputzen bilera gisa irudikatzen den une batean, praktika batzuek bide alternatiboak hartuko dituzte, estudioko esperimentazio isilera edota emakume-gorputz zehatz eta kokatuen bidez ekintzak burutzera bideratuak. Biak ala biak Artzek aipatzen zituen hodeiek eta sasiek mugatutako ekintza-eremu horren bertsio posible gisa aurkeztuko dira. Lehen bertsioan, Elena Asins-en pinturaren abstrakzio zorrotz eta estrukturala, arte kontzeptualaren eragin sakona duena. Bigarrenean, Ejercicios corporales, Esther Ferrerrek 1975ean grabatuko duen ekintza sorta, artista biluzik gela baten barruan hara eta hona dabilela erakusten duena. Azken minutuetan, artista eta kamera leihora doaz, Parisko zeruaren eta teilatuen bista batera zabalduz, ekintza-eremu mugatu horren beste ikuspegi batera. ILGORAPlenilunio en Fitero poema bisualean, 1981eko ekainaren 10eko gauean ilargia zerutik igarotzearen bi une jasotzen zituen Jorge Oteizak. Egun horretan bertan, Estatuko Aldizkari Ofizialak «Industria-birmoldatzeko neurriei buruzko lege-dekretua» argitaratu zuen. Hurrengo urteetan, neurri horiek ezartzeak eraldaketa sakonak eragingo zituen lurraldean. Zahartutako industria astun bat eraisteak euskal lurraldean, Nerbioi ibaiaren arroan bereziki, industriondoko aurrien paisaia bat sortuko zuen. Orduan berria eta gaur egun desagertua, paisaia horrek langabezia-tasa handiak, desilusioa orokortzea eta lurzoru kutsatuak ekarriko zituen. Eredu ekonomiko neoliberal berria ezartzearekin batera, mundua berrantolaketa baterantz zihoan, 1989an Berlingo harresiaren erorketarekin ziurtatua. Aro postmoderno gisa definitu zenaren hasierarekin, ideologien amaiera iragarri zen. Kanpo alderik gabeko mundu batean, kapitalismoaren logika gailendu zen gauza guztien gainean, kultura barne. Teorialari batzuek aldaketaren berri ematen zuten, eta kapitalismoaren fase berrian kulturak izango zuen zentralitate gatazkatsuaz ohartarazten zuten. Horretaz guztiaz ohartu gabe, ilargiak zerua zeharkatzen eta fase batetik bestera igarotzen jarraitzen zuen. Laurogeiko hamarkada postmodernoan, zeruko gorputza irudi errepikaria izango zen. Krepuskuluaren, gauaren eta haren distiren sinbolo, ilargiaren irudia azpikulturaren urratzearekin, hedonismoarekin, drogekin esperimentatzearekin eta genero-maskaradarekin lotuko zen. Baita heriotzarekin ere. «Hilen argi» da «ilargi»-rekin lotzen den etimologietako bat. Euskal Herrian, krisi ekonomikoarekin batera, komunikabideetan «euskal gatazka» izenez ezagutzen zenaren ondorioek iluntzen zuten paisaia. Une latza izan arren, egoera politikoa aldaketetara eta mugimenduetara zabaltzen zen. Lehen kultura-politikak aplikatzen hasi ziren. Ia azpiegiturarik ez zegoenez, lehendik zegoenetik abiatuko zen. Bilboko Arte Ederren Eskola zaharra Fakultate bihurtu zen. Punkaren nihilismoak eta erlatibismo postmodernoak markatutako une batean, fakultate horretatik ateratako artisten belaunaldi batek galdetzen zion bere buruari zer egin, nola erantzun une historikoaren beharrei banakako sortze-prozesu baten bidez. Batetik, bertako tradizioa jasotzen zuten, berezkoa, beraz, Oteizaren obra eta irudi modernoek gorpuzten zutena, biak boteretsuak eta magnetikoak. Bestetik, nazioarteko korronteak zeuden, urrutikoak eta kosmopolitak izanagatik besteak bezain berezkoak, ahaltsuak eta magnetikoak. Malenkoniaren eta urruntze ironikoaren artean, kide izateko nahiaren eta urruntzeko beharraren artean, artista horiek ingurune eskultorikotik erantzungo zioten jasotako tradizioari. 1983an sortu zen Bilbon EAE, Euskal Artisten Elkartea —eta, Vitoria-Gasteizen, AAdA, Asociación Alavesa de Artistas. EAEk artista talde bat biltzen zuen, Euskal Eskolaren eragina eta gizartean txertatzeko nahia agerian uzten zituen izen batekin. Estudioetara itzultzen eta merkatua loratzen ari zen une hartan, EAE aktibismo politikoaren keinuak eta moduak hartuz zihoan, artearen testuinguruan aplikatzeko eta ordezkari publikoek kulturapolitiketan parte har zezaten eskatzeko. Taldea 1985ean desegingo zen. Urte horretan bertan, Mitos y delitos erakusketak «Euskal Eskultura Berria» etiketa ekarri zuen. Ez ziren denak izen horrekin identifikatuko. Artisten konpromisoak beste era batzuk hartu zituen urte haietan, ekintza kolektiboaz gain. Batzuek aretoak zuzentzen zituzten, beste artista batzuen erakusketak antolatzen zituzten eta arteari buruz idazten zuten. Artisten lanari buruz bitartekari-lana eta gogoeta egingo zuen egitura eta irudirik ez zegoenez, beraiek hartzen zuten beren gain zeregina. Jarrera hori eredu izango zen hurrengo belaunaldirako, jada autogestioaren azpikulturamoduetan hazten ari zen belaunaldirako. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, ordura arte eztabaida publikotik kanpo geratutako gaiak garrantzia hartuz joan ziren. GIBak, odolaren bidez eta sexu-kontaktuaren bidez transmititzen zen birus batek, epidemia global bat eragin zuen, HIESaren krisia izenez ezagutuko zena abiaraziz. Taldeiruditerian, gaixotasuna praktika klandestinoekin, gauarekin, lotuko zen. Praktika horiek gorputz-eremura eramango zituzten lehen abangoardietako arteari lotutako zenbait ezaugarri: esperimentazioa, transgresioa eta ezarritako arauak urratzea. Historia pribatu eta pertsonaletatik haratago, gutxi izan ziren gaixotasunaren eta artearen arteko elkartzeak eta gurutzaketak. Horietako batek —Pepe Espaliú-ren Carrying, 1992ko irailean Donostiako kaleetan burutu zen ekintza kolektiboa—«gorputz gaixoa» jarri zuen eztabaidaren erdian, eta arteak bere une historikoko larrialdiei erantzuteko zuen ahalmena erakutsi zuen. LUR AZPIKO URAK, UR AZPIKO LURRAKUra lur azpian, lurra ur azpian. Hizkuntzak gauzen esanahiekin jolasteko, haiek aldatzeko eta zentzu berriak sortzeko aukera ematen du. Mundua alderantziz jartzea. Ordena alderantzikatzea. Ikusten dena aldatzea. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako argazki sail bat. Neska gazte bat erakusten du, pijama jantzita eta buruko ilea larru-arras moztuta duela, hozkailu baten barrura begira. Itziar Okarizen Variations sur la même t ‘aime (1991-1992) lanean, burua Lurraren itxuran aurkezten da, ilea kontinenteen eran eta azala ozeanoen itxuran. Ilea irudi gisa, azala atzealde gisa eta burua eskultura gisa. Artelanek hizkuntzarekin egiten dute lan, eta horregatik dira kultur ekintzak. Hala, desordena sortzen dute. Sortzen dituzten etenek, ordea, ezaugarri bitxi bat dute: sinbolikotasunaren eremua ez gainditzea, ibilera orokorretik at mantentzea eta ordena berririk ez ezartzea. Lehen hor ez zeuden irudikapen kritikoak dira. Okarizen lanak atzealdea eta irudia gainjartzeko bere bertsio berezia eskaintzen zuen urte beretan, munduaren itxura aldatuko zuten eraldaketa azkar eta sakonak hastapenetan zeuden. Aldaketak azkartuz zihoazen. Teknologia berriek planetako puntu guztiak elkarrekin lotzeko aukera ematen zuten. Teknologietarako sarbidea orokortu ez bazen ere, Internetek lurralde birtual bat marrazten zuen, zeinaren ingeradak mugarik gabe zabaltzen zirela baitziruditen. Eta, espazio digitala zabaltzearekin batera, lurralde fisikoa estutu egiten zela zirudien. Dena gero eta azkarrago eta gero eta gertuago, globalizazio-prozesuek tokian tokiko berezitasunak lausotzen zituzten. Ordura arte desberdinak eta urrutikoak ziren jendeak elkartzeko aukera ere ematen zuten. Mundu globalizatuan, kultura-itzulpena behar bat zen. Kapitalismo globalaren garaian —postindustriala, aurreratua, kognitiboa, finantzarioa… ere esaten zaio—, deslokalizazioa, tertziarizazioa edo prekarietatea bezalako kontzeptuak agertu ziren. Artisten lan egiteko moduak ere aldatzen ari ziren. Baita beren lan esparrua ere. Estudio bat koaderno batean edo ordenagailu batean sartzen zen. Artistak zeuden lekuan zegoen. Urte horietan, museo eta arte zentro berriak ugaldu egin ziren. Horietako batzuek modu zuzenean erantzungo zieten artisten behar berriei. Horren adibide Arteleku izango da, esperimentu berezia eta elkartrukerako lekua. Praktikaren eta diskurtsoaren arteko trukea, baina, batez ere, artisten artekoa. Hala, Donostiako arte zentroko lantegiek bertako eta beste leku batzuetako artistak elkartzea ahalbidetuko zuen. Baita belaunaldi bateko eta besteko artistak ere. Laurogeiko hamarkadan Euskal Eskultura Berriak erakutsi zuen bezala, emankorra izateko, belaunaldi baten eta aurrekoaren arteko elkarrizketak identifikazioaren eta kontra egitearen artean mugitu behar du, nahitaez. Laurogeita hamarreko hamarkadako belaunaldiaren haustura elementuetako bat kontzientzia esplizituki feminista batetik lan egingo zuten emakume-artistak agertzea izango da. Feminismoaren eta azpikulturaren esparru teorikoa eta haren tresnak —jabetzea, baliabideen ekonomia, «zerorrek egizu» (DIY)…— funtsezko erreferentziak izango dira artista horien praktiken eraikuntzan. Baita haien belaunaldiko gizon artistena ere. Baina, zalantzarik gabe, urte horietako etenaldiaren elementu nagusia globalizazio prozesuak izango dira. Euskal testuinguruan, Guggenheim Bilbao Museoaren inaugurazioa izango da globaltasunaren eta tokikoaren arteko tentsioaren adibide 1997an, «Bilbo efektuaren» eta hiri-eredu berri baten ikur. Paisaian agertu ziren eta globalizazioak sortutako eraldaketa prozesuak azkartzen lagundu zuten elementu berrietako bat izango zen eraikina. Homogeneizaziorako joera eta tokian tokikoari lotutako zeinuak desagertzeak eragindako antsietatea handitzen ziren unean, artistek zeinu horiek berak erabiliko zituzten lanerako. Aldatzen ari zen paisaia baten eta gero eta ezegonkorragoa zen zoru baten aurrean, mende aldaketaren tentsioak eta ziurgabetasunak esploratzeko bitarteko eraginkor gisa agertuko ziren artelanak. Desordenak eta etenak eragiteko. Errealitatea kritikoki irudikatzeko. Ordena hausteko. Kanpoan jartzeko. Hizkuntza-eragiketatik egiteko. Lur azpiko urak, ur azpiko lurrak. Museoaren bildumako lanez gainera, erakusketa honek azken urtean erakundearen funtsetan sartu diren gordailuak, dohaintzak eta erosketak biltzen ditu, eta baita Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatutako Gure Artea lehiaketako lan multzo garrantzitsu bat ere. Era berean, partikularren eta erakundeen lanak eta artxiboak ere biltzen ditu erakusketak, ondokoenak, esate baterako: Kutxa Fundazioa, Sancho el Sabio Fundazioa (Fundación Vital Fundazioa), Euskadiko Filmategia, Jorge Oteiza Fundazio-Museoa, Arteleku Artxiboa / Gipuzkoako Foru Aldundia, ASAC - Archivio Storico delle Arti Contemporanee (Fondazione La Biennale di Venezia), Euskal Herriko Unibertsitatea / Universidad del País Vasco eta «Maite Albiz» Emakumeen Dokumentazio Zentroa.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak