Barrikako Udalak hezkuntzan laguntzeko sistema bat eskainiko die herritarrei

Barrikako Udalak buru-belarri jarraitzen du jarduerak antolatzen, konfinamendua arinagoa izan dadin herritarrentzat. Oraingoan, Udalak, Udal Liburutegiaren laguntzaz, txikienei eta haien hezkuntzari erreparatu die. Ez dagoenez aurrez aurreko eskolarik, Udalak hezkuntzan laguntzeko sistema berri bat jarri du barrikoztar guztien eskura.

Horren harira, Roberto Muñoz alkateak zera nabarmendu du: "Badakigu egoera ez dela erraza familientzat, eta uste dugu halako jarduera bat lagungarria izan daitekeela. Gure herriko gazteen hezkuntza oso garrantzitsua da, eta Udaleko kideok haiek babesten ahaleginduko gara".

Jarduera hau lehen hezkuntzako ikasleei zuzentzen zaie (6tik 12 urtera bitarteko haurrak); ekintzaren helburua, berriz, honako hau da: haurren senideei indartu beharrekoak iruditzen zaizkien jarduerak lantzea, hala nola irakurmena, arrazoiketa matematikoa, kalkulua… Kontsultak posta elektronikoz egin daitezke (liburutegia@barrika. eus helbidean), bai eta telefonoz ere (946775163 zenbakian), 10:00etatik 13:30era.

Udal Liburutegiko kideek azaldu dutenez "posible denean, eta, betiere, osasun-gomendioek horretarako bidea ematen badute, aurrez aurreko saioak antolatuko ditugu liburutegian, hartara, hezkuntzaren arloko laguntza-zerbitzu hobea eskaintzeko".