"Kosmetai", Hodei Herrerosen erakusketa

"Kosmetai", Hodei Herrerosen erakusketa

Gertaeraren datuak

Antolatu du

www.vitoria-gasteiz.org

Non

Montehermoso Kulturunea

Noiz

18/04/2024-etik 19/05/2024-era

Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte ikasleentzako deialdiaren azken edizioan. Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia. Hautatutako proiektuak erakusketa programan txertatuz, Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean. Hodei Herreros (1997) artista gasteiztar-granadarraren Kosmetai erakusketan zenbait siluetak eta forma lauk hartzen dute erakusketa-espazioa, eta eskultura-bolumenak sortzen dituzte estrusio-, biraketa- eta mihiztadura-mugimenduetatik abiatuta. Proiektua kosmetika hitzaren etimologiaren berri izatean sortu zen, apaindu edo edertzeari zein ordena unibertsalari egiten baitio erreferentzia. Grezia zaharrean kosmetai zeritzen gorputza zaindu eta apaintzeaz arduratzen zirenei, baina baita estatuak eta arkitektura edertzen zituztenei ere. Alde estrukturalaren eta zentzu estetikoaren arteko harreman estu hori baliagarria zaio artistari bere buruari galdetzeko nola egin eskultura apaindurarekin, gorputzarekin edo femeninotasunarekin zerikusia duten keinuetatik, eskultura zerbait astun, industrial eta irmotzat hartzen duen ideiari kontrajarrita. Lanak egiteko arkuak, altzariak, moda-patroiak, gorputz-zatiak edo forma gestaltikoak (Rubinen Kopa) hartu ditu artistak oinarritzat, eta eguneroko materialak erabili, hala nola egurra, xaboia, makillajea edo depilatzeko argizaria. Hodei Herreros (Gasteiz, 1997)

Artista plastiko bat da. Arte Ederrak ikasi zituen Granadako Unibertsitatean, eta Ikerketa eta Sormena Artean masterra Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ekoizpenean, plastikotasuna instalazioen bidez lantzen du. Agertoki eta narratiba ez-linealak formaren eta irudiaren bidez sortzeko tresna bat da, hizkuntza erabili beharrean. Siluetatik, itzaletik eta gauzak zedarritzen dituen ingeradatik sortzen diren gainazal lauak erabiltzea interesatzen zaio bereziki, eskultura-formak egituratzeko. Alderdi kosmetikoa ere oso gogoan du, eta berak apainduraren eta egituraren arteko erlazioa dela ulertzen du, edertasunaren eta ordenaren arteko erlazioa. Izan ere, lotura horren jatorri etimologikoa grezierazko kosmetika hitza da. Eginkizun estrukturalaren eta estetikoaren arteko hasierako egoeran dauden elementuak erabiltzen ditu, eta osagarria denari funtsezko bihurtzen uzten dio.  

Haren lanak banaka eta modu kolektiboan erakutsi dira, besteak beste, Artnueve galerian (Murtzia, 2023 eta 2024), ARCO jaialdian (Madril, 2024), Intermediae Mataderon (Madril, 2024), Rekalde Aretoan (Bilbo, 2023), Spazio GIACOMQ (Bergamo, Italia, 2023), Gabiako Konde-kondesen Jauregian (Granada, 2022), CAC La Corachan (Malaga, 2022), Incógnita espazioan (Murtzia, 2022), Centro Párragan (Murtzia, 2022), Almirantearen Jauregian (Granada, 2020, 2021, 2022 eta 2023) eta Lavadero espazioan (Granada, 2021). Egonaldiak ere egin ditu; adibidez: JAI Jardun Artistikoentzako Institutuan (Tabakalera, Donostia; eta Artium Museoa, Gasteiz, 2023), A Secas programan (CAAC, Sevilla, 2023) eta alRason (El Valle, Granada, 2021). Eta sariak lortu ditu WE:NOW lehiaketan (Madril, 2022), esate baterako. Gaur egun, ALQUILER DE LOCAL tailerra kudeatzen du beste artista batzuekin batera, Bilbon. - “Kosmetai” erakusketaren Aktibazioa /Tailerra  Hodei Herreros artistaren eskutik Topaketa honetan, Hodeiri artista gisa iritsi den eskultura-puntura iristeko balio izan zaizkion erreferenteen, abiapuntuen, lekuen eta obren bidez pentsamendu kolektiboaren prozesuak aktibatuko dira eta partaideei erakusketa honetan sakontzeko eta modu hedatuan eta kritikoan esperimentatzeko aukera emango zaie.  

Eguna eta ordua: maiatzaren 11n, 11:00 -14:00 / 17:00-20:00
Hizkuntza: gaztelania
Tokia: Jovellanos aretoa (erakusketa-espazioan) 

Aldez aurretik izena eman behar da hemen edo 945161830 telefonora deituz. Katalogoa (pdf)

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak