Bizkaia Aretoan duzue ikusgai Gradu Amaierako Lanen XI. erakusketa, urtarrilaren 10era arte. Makina bat ikaslek hartu dute parte aipaturiko mostra horretan.
Erakusketarako prestatu den katalogoan hauxe irakurri dugu: “Erakusketa hitzaren azpian zer dagoen asmatzea ez da lan zaila, erakusteko ariketa egiten duen ekimentzat hartzen baitugu erakusketa. Beraz, galdetu beharko genuke zer den Arte Ederrak 24 izenburupean erakutsi nahi dena, nork erakusten duen eta nori erakutsi nahi zaion.
Gainera, nola erakutsi behar dugun ere galdera egokia izango litzateke. Hain zuzen, artea da sarritan erakusketa hitzarekin lotzen dena. Edozein gauza erakutsi daiteke, baina badirudi arte jardunari estu lotutako ariketa dela erakusketarena. Hala da, esku artean daukazun katalogoaren kasuan. Arte Ederren Fakultatean ikasketak amaitzeko derrigorrezkoa den Gradu Amaierako Lanaren erakusketan zaude. Beraz, ez da artelanen ohiko erakusketa bat, lan akademikoen emaitza baizik.
Zehaztasun hori egin ondoren, Bizkaia Aretoko geletan zer ikusiko dugun argi izango dugu: unibertsitatean ohikoak diren hausnarketa teorikoekin batera, lan praktikoak topatuko ditugu. Artea, Sorkuntza eta Diseinua eta Zaintza eta Zaharberritze gradutan lau urtetan izena emanda egon diren ikasleek egindako lanak, beraz. Ikasketen lau urteko emaitza modu askotan ospatu daiteke, fakultate eta eskola askotan graduazio ekitaldi berdintsuak egiten dituzte: paperezko titulu banaketak. Baina, Arte Ederren Fakultatearen berezitasuna erakusketa bat antolatzean datza. Erakusketa baino ekitaldi egokiagorik ez dago arte fakultate baten graduazioa ospatzeko. Kontutan izan behar dugu, beste ikasketa batzuekin alderatuta, buru hausnarketa ahaztu gabe, Arte Ederretan alderdi sentsorialak garrantzi handia duela eta hori abantaila da gizarteari komunikatu behar diogunean zer egiten dugun ikasketa zentroan”.
Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko
Oinarrizkoak
Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.