"Basterretxea Irunen (1957-1975)"
Gertaeraren datuak
Antolatu du
.irun.org
Non
Menchu Gal Museoa
Noiz
23/07/2024-etik 20/10/2024-era
Artistaren mendeurrenaren harira antolatu diren ekitaldien artean, Irungo Udalak, Basterretxearen familiarekin lankidetzan, erakusketa bat inauguratuko du laister. Erakusketa horretan Irunen egon zen bitartean artistak egindako lana ikusiko da, besteak beste, Arantzazuko zirriborroak, collageak eta argazkiak, etxe-tailerrari buruzko dokumental bat, garaiko erliebe eta eskultura hautatu batzuk, eta Equipo 57arekin lotura duten pintura abstraktu batzuk. Erakusketaz gain, Irungo Udala jarduera-programa erakargarri batean ari da lanean, eta helburua da artista ezagutzea eta hiriari egin zion ekarpena balioestea. Aurten, hiriko bizilagunek hainbat proposamen gozatu ahal izango dituzte, hala nola bisita gidatuak, tailerrak edo proiekzioak. Laster emango dugu horien berri. Néstor BasterretxeaNestor Basterretxeak 1942. urtean ekin zion bere ibilbide artistikoari, Buenos Aireseko publizitate-estudio batean diseinatzaile gisa. Hiri horretan ezagutu zuen Jorge Oteiza, 1948an. 1952an Arantzazuko basilikako kriptarako horma-irudiak sortzeko lehiaketa irabazi zuen. Urtebete geroago, lan hori egiten ari zela, bere hamaika horma-irudi ezabatu egin zituzten gauetik goizera, frantziskotarren aginduz. 1956an, Irunera etorri zen Jorge Oteizarekin batera. Hiri honetako Frantzia hiribidean etxebizitza bat eta estudioak eraikitzen hasi ziren. 1958an Equipo 57 taldeko kide izan zen. Hirurogeiko hamarkadan hasi zen haren artea balioesten. Haren heldutasun formal eta esperimentala argi islatu zen Madrilgo Nebli Aretoko erakusketan. 1961ean, Espainiak hautatu zuen eskultore bakarra izan zen Sao Pauloko (Brasil) VI. Bienalean parte hartzeko. 1963an hasi zen zinemagintzan. Operación H filmazioan eta Alquezar eta Pelotari film laburretan parte hartu zuen. 1968an "Ama Lur" zinta filmatu zuen. 1966an, Gaur taldeko kide izan zen Amable Arias, Chillida, Oteiza, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Sistiaga eta Zumetarekin batera. 1969an, bere lehen obra publiko handia (iturri bat) jarri zuen Irungo Nafarroa hiribidean. Hamarkada horretan hasi zen diseinu industrialean ere, eta altzari modernoen Biok enpresa sortu zuen beste bazkide batzuekin batera. 1970eko hamarkadaren hasieran Irun utzi eta Hondarribian kokatu zen. 1972tik 1975era Euskal Serie Kosmogonikoa sortu zuen. 1974an eta 1975ean, Estela Discoideas seriea sortu zuen. 1980tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren arte-aholkulari bihurtu zen. 1983an, Eusko Legebiltzarreko Bilkura Aretoan dagoen zuhaitz-eskultura egin zuen. 1984an, Arantzazuko kriptako horma-irudiak margotu zituen. 1993an, bere obra arkitektoniko handiena Beasaingo Arriarango presan jarri zuen. 2003an, erakusketa bat aurkeztu zuen San Telmon, bere arkitektura imajinarioko proiektuekin. 2005ean, Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria eta Humanitateetako Eusko Ikaskuntza saria jaso zituen. 2008an, EHUk zilarrezko intsignia eman zion arteari egindako ekarpenagatik. Urte horretan bertan, bere Serie Kosmogonikoa eman zion Bilboko Arte Ederren Museoari. 2013an, Bilboko Arte Ederren Museoak haren lanari buruzko atzera begirako erakusketa handiena eskaini zion: “Nestor Basterretxea, forma eta unibertsoa” .
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.