DKEtxean: Donostia Kulturak sortutako eduki digitalak

DKEtxean: Donostia Kulturak sortutako eduki digitalak

Gertaeraren datuak

Antolatu du

donostiakultura.eus

Noiz

13/03/2020-etik 30/05/2020-era

Donostia Kulturak eduki digital berriak bultzatuko ditu DKEtxean agendatik. Lehendik iragarritako online zerbitzu eta edukiez gainera, Donostia Kulturak bere eduki digitalak sortuko ditu orain ikuskizunen, literaturaren eta ilustrazioaren arloan, eta klik batean eskainiko dizkie herritarrei etxealdi-itxialdiak iraun bitartean. Literatur eskaintza joan den astelehenean hasi zen, martxoaren 30ean, ipuin-kontalari batek jardun baitzuen Ipuinaren orduan. Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen da, gehienetan euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatuko baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan emango da. Ipuinaren ordu birtual horretarako, honako kontalari hauek izango ditugu: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta, zeina koordinazioaz ere arduratuko baita. San Telmo Museoko piezarik nabarmenenak beren erakusleiho eta hormetatik irtengo dira, eta interesa duten etxeetara joango. Horretarako, museoak erakusketa iraunkorreko XX lanik behinenak hautatu ditu, eta ikus-entzule birtualen aurrean emango dira azalpenak, xehetasun handienez. Apirilaren 1ean ekingo zaio jarduera horri, "Argizaiola" piezarekin hain zuzen ere. Astero, gure bildumako pieza bat aztertuko dugu, azalpenak, material gehigarria eta adituen iruzkinak emanez. Asteko pieza santelmosueoa. eus-en izango da, asteazkenetan, 10:00etan (eta, hortik aurrera, beste edozein unetan ere ikusi ahal izango da, jakina). Apirilaren 2an, Antzokian Etxean programa estreinatuko dute, zeinak agenda berri bat irekiko baitu ostegunetik igandera bitarte (gune eszenikoetan jende gehien izaten den egunetan, alegia), 19:00etan. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizun edota sorkari berri orain arte erakutsi gabeen zatitxoak eskainiko dituzte formatu honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak… izango dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa gozatu ahal izango dira Donostia Kulturako kanaletatik. Lehen asterako (bihartik igandera, hots, apirilaren 5era), Tessa Andonegi, Aizpea Goenaga, Iker Lauroba eta Sergio Nguemaren emanaldiak izango ditugu. Hurrengo astean, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura. eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola  Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Bernardo Atxaga, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela. Gainera, Larrotxene Bideok ikus-entzunezko zenbait formatu emango ditu bere Youtube kanaletik eta beste plataforma batzuetatik, bideozaleen parte hartzea eta sormena sustatzeko. Zenbait bideotutorial argitaratu eta zuzeneko saioak antolatuko dira astero, ikasleen galderei erantzun eta zalantzak argitzeko. Horrez gainera, narrazio digitaleko formatu berriekin zerikusia duten gaiei buruzko mikro-magazin bat sortuko da, eta Larrotxene Bideotik sustaturiko film labur batzuk emango dira zuzenean. Emisio horiek gai jakin baten inguruan izango dira, eta ikus-entzuleek beren iruzkinak egin ahal izango dituzte idatziz, zuzenean. Azkenik, gogoratu beharra dago DKETXEAN osatzen dutela, halaber, Bestaldek, DK Irratiak, Filmin plataformaren Giza Eskubideen Zinemaldiaren eskaintzak, San Telmo Museoak –zeinak Antton Elizegiren erakusketa (hemen ikus daiteke: https://youtu. be/g_-gMVTi94E) eta Second Canvas eskaintzen baititu–, Donostiako Liburutegien Sarearen literatur solasaldi birtualak…  Hori guztia duzue eskura donostiakultura. eus-etik. #DKEtxean programa honekin, Donostia Kulturak beste pauso bat ematen du kultur arloko online eskaintzari dagokionez, etxealdi honetarako espresuki sortutako arte-ekoizpena eskainiz. Helburua hemengo sortzaileen aldeko apustuan sakontzea da, eta horrekin batera herritarrek kultur ekoizpen biziez gozatzen jarrai dezaten laguntzea. Azken buruan, gure kultur inguruak ekinean jarrai dezala.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak