Athletic penaltietan pasa da final-zortzirenetara, estutasunetan jarri duen Logroñesen aurka (0-0; 3-4)
Athleticek penaltietara arte borrokatu behar izan du Logroñesen aurka larunbat honetan, Errege Kopako final-hamaseirenetan, garaipena eskuratu eta txapelketan aurrera egiteko (0-0; 3-4). Bi taldeetako bat ere ez da gola sartzeko gai izan, ez arauzko 90 minutuetan, ez luzapenean, eta lehia hamaika metroetatik erabaki behar izan da. Erasoa zuri-gorrien kontura joan da lehen minutuetatik, eta Djalo izan da jokalaririk arriskutsuena hegaletik. Bereak izan dira partidako lehen abagune argiak. Herrera, Serrano eta Berenguer ere animatu dira atearen bila, baina Athletici eraginkortasuna falta izan zaio azken metroetan, etxeko taldearen defentsa onari esker, sendo mantendu baitira arean eta kontrara irteten saiatu dira. Minutuek aurrera egin ahala Logroñes indarra hartuz joan du eta aurre egin dio Athletici, baina benetako arriskurik sortu gabe. Izan ere, behin bakarrik bota du Agirrezabalak babestutako atera. Bi taldeetako batek ere ez du aurkariari min egitea lortu eta zelaian eta markagailuan islatutako parekotasun horrekin joan dira aldageletara. Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da, Athletic nagusi izanda, baina markagailua irekitzeko modurik aurkitu gabe. Hala, Valverdek Williams anaiak eta Jaureguizar sartu ditu zelaira, Djalo, Herrera eta Serranoren ordez. Nico amesgaiztoa izan da defentsarentzat zelaia zapaldu duenetik, angelu guztietatik min egin nahian. Guruzetak aukera ona izan du atzera pasea jaso ondoren, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Euskaldunei denbora amaitzen ari zitzaien eta jokoaren gogortasunak egoera zailtzen zuen. Vivian eta Unai Gomez izan dira azken aldaketak, Nuñez eta Vesgaren ordez, azken minutuak jokatzeko. Ez da gola sartzeko modurik egon. Athleticek ez du tekla aurkitzen jakin, azken minutuetan ez du atera jaurti ere eta partida luzapenera joan da. Nicok bilatu du gehien gola luzapenaren hasieran, aurkariaren defentsa batek baino gehiago gainean zuela denbora guztian, jokaldirik sor ez zezan. Zuri-gorriek aurkariaren area zelatatzen zuten, baina nekea nabaritzen hasi da eta baloiak ez da erritmo berean ibili. Guruzetak izan du aukerarik onena burukada batekin, baina erdiratuegi atera zaio. Nicok neurketako azken aukera izan du jaurtiketa hozkatu batekin. Atezainak atzamar puntekin gelditu du jaurtiketa, eta lehia penaltietan erabaki da. Vivian, Yuri, Nico, Berenguer eta Unai Gomez arduratu dira hamaika metroetatik jaurtitzeaz. Nicok harmailetara jaurti du baloia, baina besteek sarera bidali dute. Logroñesen aldetik, Sarriegik kanpora jaurti du eta Agirrezabalak gelditu egin du Jardonen jaurtiketa. Horrela, Athletic final-zortzirenetara sailkatu da, uste baino estuasun gehiagorekin. Fitxa teknikoa:0 (3) - Union Deportiva Logroñes: Kike Royo; Beñat (Mateo, 105. min), Monreal, Eloy Moreno, Pol Arnau; Garrido, Bonilla (Gualda, 73. min), Pau Lopez (Sarriegui, 73. min), Facchin (Madrazo, 60. min), Riki (Aguero, 60. min); eta Najera (Estrecha, 87. min). 0 (4) - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Paredes, Nuñez (Vivian, 70. min), Adama; Besga (Unai Gomez, 80. min), Ander Herrera (Jauegizar, 60. min), Nico Serrano (Iñaki Williams, 60. min), Djalo (Nico Williams, 60. min), Berenguer; eta Guruzeta. Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera die Logroñeeko Bonilla eta Agüero eta Athleticeko Nuñez, Herrera, Adama, Iñaki williams eta Jaueguizar jokalariei eta Ernesto Valverde entrenatzaileari.
Iruzkinak
Hasi saioa iruzkin bat argitaratu ahal izateko.