Bihartik aurrera, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Bihartik aurrera, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak
Azaroaren 1etik 24ra bitartean luzatuko dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketen 42. edizioa Azpeitian.

Biharko saioan lan berri bat ikusteko aukera izango da: Miñan. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana eskainiko du Azpeitian, Bilboko Arriaga Antzokian estreinaldia egin ostean. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa, eta Artedramak antzerkira egokitua. Piezan Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktoreak arituko dira.
Arzallusek kaleratu duen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar, Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei  tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Elkarrizketa horretan sortutako harremanaren emaitza da Arzallusen eleberria.
Anaia desagertuaren atzetik hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia horren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.
Lanaren egokitzapena Timberlake Wertenbaker adituaren ardura izan da, eta zuzendari lanetan Ander Lipus aritu da.

Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean, Sanagustin kulturgunean eta kalean izango dira aurtengo emanaldiak, eta, berrikuntza gisa, San Martin egoitzan ere bai.
Antzerki jaialdi horren barruan Txalo Saria emango zaio Pedro Otaegieri, azaroaren 2an, Sanagustin kulturgunean egingo den ekitaldian.

Egun guztietako proposamenak zertan diren jakiteko: Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak