Zinebi Jaialdiaren 62. edizioak badu kartela

Zinebi  Jaialdiaren  62.  edizioak  badu  kartela
Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi-Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak badu aurtengo edizioaren kartela. Eider Corral diseinugile grafikoak pandemiak eraldatutako errealitateari buruzko lan bat egin du.

The New York Times Magazine aldizkariak zenbaki berezi bat atera zuen uda baino lehen, eta bertan adierazi zuen “errealitatea surrealista denean fikzioak bakarrik eman diezaiokeela zentzua”. Covid-19k eraldatutako errealitatearen sentsazio horrek inspiratuta, eta errealitatea eta fikzioa elkar hartuta aritu da egilea: “Bilboko kaleetara irten naiz, pertsonek hirian elkarrekin berriro nola egiten duten topo ikusteko”.

Azaroaren 13tik 20ra egingo den Zinebiren 62. edizioaren kartelean Bilboko La Salveko zubiko eguneroko errealitatearen zenbait irudi erabiltzen dira. Irudi horien bidez, “errealitatearen erregistro dokumentalarekin eta kontakizun batekin, irudi grafiko bat sortu du, close-up baliabidearen bidez birus-distopiako urte honi lotutako istorioak, fantasiak eta oroitzapenak iradokitzen dituena. ”

Eider Corral diseinugile grafikoa eta arte-zuzendaria da. Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gero, bere lehenbiziko ikerketa abiatu zuen, musikari eta kulturari lotutako proiektuak landuz. Bere diseinuetan arreta berezia jartzen du tipografian, “gurago dut iradoki, esan baino”.