“Rockein!” lehiaketan izena emateko epea berriz zabalik

“Rockein!”  lehiaketan  izena  emateko  epea  berriz  zabalik
Talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein! lehiaketak izena emateko epea ireki du berriz, eta oraingoa ekainaren 24ra arte luzatuko da.

Zortzigarren urtez jarraian, Basauriko Udalak Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Rockein! musika lehiaketa iragarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari zein taldeei zuzendua. Ekainaren 24ra bitartean jasotzen diren proposamen berriak aurretik izena emandako 156 artistei batuko zaizkie.

Ikus-entzuleen saria hautatzeko online bozketak ekainaren 25ean hasiko dira. Finala iragan maiatzaren 22rako programatuta zegoen Basauriko Social Antzokian, “baina alarma-egoeraren ondorioz eta Covid-19aren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri gisa, atzeratu egin zen. Baldintza orokorrek publikoarentzat, artistentzat eta langileentzat erabateko segurtasun-bermea eskaintzen dutenean iragarriko du antolakuntzak data berria, baina litekeena da 2020aren azken hiruhilekoan  izatea”.

Irabazleak ondoko sari potoloa jasoko du: EP baten (gutxienez bost abesti) grabaketa, ekoizpena, masterizazioa eta diseinu grafikoa; bideoklip baten produkzioa eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera.

“Parte-hartze datuek ez dute azalpen handirik behar: Rockein! erreferente moduan kokatzen dute Euskal Herri mailako gisa honetako lehiaketen panoraman. Baina, horrekin batera, parte hartzen duten proiektuek gero eta maila hobea dutela ere nabarmendu nahi genuke. Sara Zozayarena dugu horren adibiderik garbiena: etorkizun handiko artista, dagoeneko zeresana eman duena. Rockeinek MAZ Basaurirekin, grabaketa estudioekin, komunikabideekin eta beste hainbat erakunderekin dituen aliantzei esker, talentua duten artistei profesionalizazioranzko bidea irekitzen laguntzen die”, azaldu dute antolatzaileek.

Parte hartzeko baldintza orokorrak: gutxienez taldeko kideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaioa izatea edo bertan bizitzea, eta taldekideek 16 urtetik gora izatea. Abestiak originalak izango dira eta musika estilo guztiak onartzen dira.

Sari printzipalaz gain, Tokiko talderik onenaren, Euskarazko talderik onenaren eta Publikoaren saria ere banatuko dira.

Datu guztiak Rockein! lehiaketan dituzue.

Iruzkinak

Tentu cookie-ak erabiltzen ditu esperientzia onena eskaintzeko

Oinarrizkoak

Erabiltzailearen eta errendimenduaren analisiak