"Euskararen Etxea, plazara"

"Euskararen Etxea, plazara"

Datos del evento

Organizado por

bizkaia.eus

Donde

UPV-EHUren Bizkaiko Campusa

Cuando

Del 26/09/2024 al 04/12/2024

Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltariak bere bidea abiatuko du Leioan kokatutako UPV-EHUren Bizkaiko Campusean. Bertan izango da ikusgai abenduaren 4ra arte. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, EHUKulturaren laguntzarekin, erakusketa hau antolatu dute irailaren 26an, Hizkuntzen Europako Eguna dela eta. Erakusketa Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentro berriaren lagin bat da, zentroko edukietatik abiatuta ondu baita. Zentro berria 2023ko otsailean inauguratu zen, eta Kirmen Uribe idazleak, 2009ko Literatura Sari Nazionala jaso zuenak, eta Patxi Baztarrika soziolinguistak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere, elkarlaneko proiektua baita Euskararen Interpretazio Zentro berritua. "EUSKARAREN ETXEA, PLAZARA" ERAKUSKETAEuskararen Etxea, plazara erakusketaren bidez, Euskararen Etxeak bere hormak gainditu eta Interpretazio Zentro berriaren edukien lagin txiki bat aurkeztu nahi du, eta herritarrak bere egoitzara hurbiltzera gonbidatu nahi ditu, bisita esperimentala eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgildu daitezen. Euskararen Etxea, plazara erakusketaren helburua da euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela ere nabarmentzea. Horretarako, erakusketak askotariko edukiak biltzen ditu, besteak beste, euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten duten datuak, euskararen historia josi duten pertsonaia eta gertaerak, euskararen etorkizunerako erronkak edo euskal kulturaren aberastasuna eta kalitatea islatzen duten edukiak. Horrekin batera, erakusketak egingo duen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeekin lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateak emandako euskarari buruzko hainbat datujaso ditu erakusketak, eta Leioako Campusean dagoen tartean, hezkuntza-komunitateak euskara nola bizi duen erakutsiko du. Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte bisitariek euskararekin duten harremana aztertzea xede duen harien jolas baten bitartez, bai eta galdera irekien bidez. Azkenik, erakusketak lekua egin dio Gaitu adimen artifizialari euskara irakasteko proiektuari. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako egitasmoa da,  2023an sortua, Common Voice proiektuaren parte gisa. EUSKARAREN INTERPRETAZIO ZENTRO BERRIA, ZENTRO BIZIAEuropako hizkuntza zirraragarrienetako bat, hots, euskara, ardatz duen zentro ireki, dinamiko eta parte-hartzailea da Euskararen Interpretazio Zentroa. Euskara da oraindik bizirik dirauen Europako hizkuntza indigena bakarrenetakoa eta oso balio espezifikoei lotutako historia luzea du. Erakusketak ez du arreta hizkuntzan jartzen, pertsonengan baizik. Hizkuntzak hiztunen ezpainetan baino ez dira bizi eta existitzen. Erabilera eta transmisioa dira hizkuntzen iraupenaren gakoak, horregatik zentro honek espazio garrantzitsua eskaintzen die euskara bizi duten pertsonen testigantzei. Eta proposatzen duen begirada ere berritzailea da, etorkizunaz hitz egiten baitu. Etengabe aldatzen ari den erakusketa da, hizkuntzaren bizi-indarrari buruzko datu berriekin elikatzen delako. Euskararen beraren ezaugarrietan oinarritzen da erakusketa. Hala, erakusketa askotarikoa eta inklusiboa da, dibertigarria, bizia, gaztea, istorioz josia eta kulturaz bustia. Tamainaz txikia bada ere, euskara nola, mundu txikiz osatutako mundua aldarrikatzen du, txikia, dinamikoa, aldagarria eta eraldatzailea baita. EUSKARAREN ETXEABilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxea 2004an sortu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean. Gaur egun Azkue Fundazioak kudeatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiak lagapenean emanda. Bilboko San Inazio auzoan kokatua, Euskararen Etxeak euskararen bizindarra erakutsi nahi du, euskara aspaldiko hizkuntza izanagatik ere, gaztea eta zirraragarria baita. Eraikitzen ari den hizkuntza da euskara. Halaber, Euskararen Etxeak, erreferentziazko lekua izan nahi du euskara biziberritzen ari diren entitateentzat, baina baita gizartearentzat ere. Erreferentzialtasun horretara iristeko, Euskararen Etxeak hiru zerbitzu eskaintzen ditu: coworking gune bat, aretoak lagatzeko zerbitzua eta Euskararen Interpretazio Zentroa; Euskararen Etxea, plazara erakusketa, hain zuzen, Euskararen Interpretazio Zentrotik abiatutako ekimena da, euskararen bizitasuna eta aniztasuna ahalik eta leku gehienetara irits daitezen. www. euskararenetxea. eus

Comentarios

Tentu usa cookies para ofrecerte la mejor experiencia

Básicas

Analíticas de usuario y rendimiento