Atlantikaldia 2024: egitaraua
Datos del evento
Organizado por
kultura.errenteria.eus/
Cuando
Del 19/09/2024 al 22/09/2024
Atlantikaldia Kultur Topagune eta Musika Jaialdiak bere 11. edizioa ospatuko du aurten irailaren 19tik 22ra, Errenterian. ‘Artxipelagoa’ da 2024ko edizio honen leloa. Hala adierazi dute gaur Lekuonan egin den prentsaurrekoan Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Mercedes Garcia eta Lourdes Dominguez ‘50 céntimos poéticos’ elkarteko kideek. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendariak eta Esti Parada Atlantikaldiako komunikazio teknikariak jaialdiaren aurkezpena egin dute astearte honetan, Lekuona Fabrikan. Hamaikagarren edizio honetako egitaraua osatuko duten lehenengo artisten aurrerapena egin dute, webgune eraberritua aurkeztearekin batera. Atlantikaldia Errenteriako Udalak antolatzen duen kultur topagune eta musika jaialdia da, aniztasunari gorazarre egiten dion festa. Irailaren 19tik 22ra egingo da, ‘Artxipelagoa’ lelopean: “Hamaika urte betetzen ditu aurten jaialdiak. Hamaika hitzaren esanahia zenbaki hutsetik haratago doa euskaraz: hamaika aniztasuna da; eta hain justu, hori da Atlantikaldiaren erroa. Hamaika emanaldi, hamaika sorkuntza, hamaika harreman, hamaika emozio… Gure unibertsora eramatean, artxipelago bat datorkigu burura: irla txiki ezberdinez osatutako eremu bat” esan du Aizpea Otaegi alkateak. Aurtengo jaialdiak, aurreko urteetan bezala, lau plaza nagusi hartuko ditu: Lehendakari Agirre plaza, Herriko plaza, Panier orubea eta Foru plaza, nahiz eta ibaian eta herrian zehar ere ekimenak egingo diren. Jaialdiaren artxipelagoa osatuko duten guneak izango dira hauek, hurrenez hurren: oholtza nagusia izango den ‘Itsasargi Nagusia’; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen ‘Herriko Plaza’; ‘Kalekaia’ artista urbanoentzako espazioa; eta ‘Herrixka’ jarduera parte hartzaileetarako gunea. ‘Herrixka’, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin. Karteleko lehen izenakEkitaldiak askotarikoak eta bereziak izango dira, kulturen arteko elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatuz, bakoitzak bere nortasuna mantenduz eta elkarrekin osotasunean funtzionatuz: musika eta dantza emanaldiak, literatura, gastronomia, haur nahiz helduentzako tailerrak…Maite Gartzia kultura zinegotziak, programazioa osatu eta aberasteko eragileek egin dituzten proposamenak eskertu nahi izan ditu: “Herriko eragileen inplikazioa oso garrantzitsua da jaialdiarentzat; izan ere, herritarrek helarazten dizkiguten ekarpenek asko baitute gure herriaren izaera eta balioetatik, eta Atlantikaldiak horren guztiaren isla behar du izan”. Bestalde, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendariak azaldu duenez, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua Atlantikaldiarekin konprometituta dago, eta urrats bat gehiago ematea erabaki du: “Lehen aldiz, Gazteriatik, Atlantikaldiarekin elkarlanean arituko gara, gazteen kultura eta haurrentzako eta familientzako espazioak sustatzeko”. Jaialdiaren lantaldea, bideragarri jo dituen proposamenekin diziplina askotariko egitaraua osatzen ari da orain, baina bitartean, oholtzetara igoko diren lehen artista konfirmatuen izenak aurreratu ditu Esti Parada komunikazio arduradunak: ostegunean Cocanha + Julen Achiary eta Bele arituko dira; ostiralean Esanezin, Francisco El Hombre eta Bichos Raros; eta larunbatean Sol Band, La Otra, Iseo & Dodosound eta La Txama. “Atlantikaldiaren balioekin bat egiten dute artistak izango ditugu aurten oholtza gainean. Saiatu gara nazioarteko eta bertako artisten artean dibertsitatea bilatzen, eta emakumezko artistei ere oholtzan euren tokia bermatzen. Kulturaren munduan emakumezkoek merezi duten papera aitortzeko erakusleiho aparta gara, eta eredu izaten jarraitu nahi dugu zentzu horretan”, azaldu du Paradak. Halaber, jaialdiak hasieratik egin duen sorkuntzaren aldeko apustuari jarraiki, ez dira faltako ‘Itsas Elkarrizketak’: jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek eta egitarau osoa irailean emango dira ezagutzera. Hau horrela, antolakuntzak irailaren 19tik 22ra arteko datak gordetzera dei egin die herritarrei eta Atlantikaldiaren berri guztiak sare sozialen nahiz web gunearen bidez jarraitzera, izan ere, horiek izango baitira programazioaren informazioa emateko bideak. Gainera, webgune eraberritua estreinatu dute, diseinu erakargarriago eta irisgarriago batekin, jaialdia iristen den momentuan egitaraua denon eskura izatea erraztuko duena. Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, urtez urte, jaialdiari eskaintzen dion babesagatik.
Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.