Zinemateka Azkuna Zentroa: "MANGATIK ZINEMARA: JAPONIAKO ZINEMA GARAIKIDEKO II. ZIKLOA"

Zinemateka Azkuna Zentroa: "MANGATIK ZINEMARA: JAPONIAKO ZINEMA GARAIKIDEKO II. ZIKLOA"

Datos del evento

Organizado por

azkunazentroa.eus

Donde

AZ Azkuna Zentroa

Cuando

Del 08/10/2024 al 28/11/2024

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko Zinematekak "Mangatik Zinemara. Japoniar Zinema Garaikidearen Zikloa" programaren bigarren emanaldia antolatu du, mangatik egokitutako live action filmak ardatz harturik. Zazpi izenburu aukeratu dira ziklo honetarako, Japonia Fundazioarekin lankidetzan, azken hamarkadetako ikus-entzunezkoen japoniar ekoizpenaren erakusgarri. Lan horietako batzuk Tokioko Japan Foundation erakundearen artxiboetatik datoz eta ez dira orain arte Europako zinemetan erakutsi.

Zinema bitarteko ezin hobea da gizarte batera hurbiltzeko, gizarte bat ezagutzeko. Kasu honetan, aukera emango digu Japoniako gizarte garaikidea, hango kezkak, pertsonarteko harremanak, eguneroko bizitza… ezagutzeko. Hain zuzen ere, ziklo honetako filmek xehetasun eta historia txikiak erakutsiko dizkigute pertsonaien erlazioen bidez, ingurune konplexuak oinarri harturik, kasu batzuetan. Klasiko handi bat proiektatuko da programari hasiera emateko: “Shurayukihime” (Lady Snowblood) (1973), Toshiya Fujita zuzendariarena. Historiako live action onenetakotzat hartua da thriller hau; Kazuo Koikek idatzitako manga bat du oinarri, eta Quentin Tarantinok Kill Bill filma sortzeko erabilitako inspirazio-iturri nagusia izan zen.

Zikloko filmen zuzendarien artean japoniar zinemako sona handiko egileak daude, hala nola Hirokazu Koreeda japoniar zuzendaria, “Umimachi Diary” (Gure arreba txikia) lanaren sortzailea (2015). Cannesko Jaialdiko Urrezko Palmondoa irabazteko lehiatu zen film hori, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. Familia baten erretratua da, Akimi Yoshida mangakari kritikaren aitortza ekarri dion izen bereko mangan oinarritua.

Susumu Mitsunakak berriki aurkeztutako “Gekijôban Haikyu!!” (Gomi Suteba no Kessen) (2024) ere proiektatuko da. Duela hamar urte baino gehiago hasitako “Haikyuu!!”  (La batalla del basurero) telesailaren zinemarako egokitzapena da, eta boleibolari buruzko animazio-film bakarretakoa.

Azuma Morisaki ere ageri da programan; zehazki, haren “Pekorosu no haha ni ai ni iku”  (Pecoross’ Mother And Her Days) (2013) filma. Yuichi Okanoren manga autobiografiko batean oinarritua da, eta Japoniar gizarte gero eta zahartuagoko familia-egoera konplexuak ditu aztergai.

Telesail batean oinarritua da, halaber, “Machida-kun no sekai” (Almost a Miracle) (2019), Yuya Ishii zuzendariarena. Hain zuzen ere, Yuki Andoren Machida-kun no Sekai mangan (2015-2018) du jatorria, mundu-ikuskera antagonikoa duten bi neraberen arteko erlazioa ardatz duen traman.

Zikloaren programa bi lan hauekin amaituko da: Yuichi Fukudaren “Wotaku ni koi wa muzukash?” (Love is Hard for Otaku) (2020) komedia erromantikoa, erabateko otaku bat dela ezkutatu nahi duen pertsonaia baten lan-harremanak erakusten dituena, eta Kazuhito Nakaeren “Kin? Nani Tabeta?” (What Did You Eat Yesterday?) (2021), sukaldaritzarako zaletasuna duen bikote gau baten erlazioari buruzkoa. - Zinemateka Azkuna Zentroa: "Mangatik Zinemara. Japoniar Zinema Garaikidearen II. Zikloa" (pdf)

Comentarios

Tentu usa cookies para ofrecerte la mejor experiencia

Básicas

Analíticas de usuario y rendimiento