2024ko San Fermin jaien ekitaldien egitarau ofiziala prest da, Iruñeko Udalak antolatutako 514 jarduerekin. Uztailaren 6tik 14ra bitartean, bi asteburu barne, ohiko entzierroak, kontzertuak, kaleko musika, su artifizialak, jotak, bertsolariak, familiendako, gazteendako eta nagusiendako guneak biltzen ditu. Berrikuntzen artean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra, Udaletxe plazara bueltatuko dena. - San Fermin 2024: egitarau osoa (pdf)Prest dago 2024ko sanferminetako kontzertuen programazioa Gazteluko plazarako eta Compañía plazarako. 28 proposamen guztira, tokiko talentuaren aldeko apustu argiarekin eta askotariko artista eta estiloekin, jaietako arratsaldeak eta gauak animatzeko. Programazioa gaur goizean aurkeztu dute Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Gómez alorreko zuzendariak.
Bi dira programaren gakoak: tokiko eszenaren ahalduntzea eta gaurkotasuna. Izaro, Zetak, El Drogas eta Gorka Urbizu, besteak beste, beren musika-generoetako aurpegi ezagunenetako batzuk dira, mugaz gaindi eta hemen edukiera handiko kontzertu-birak egin izan dituztenak, eta tokiko eta estatu mailako prentsan presentzia dutenak. Gaurkotasunari dagokionez, Gazteluko plazako hamabi proposamenetatik hamaikak abesti edo disko berriak kaleratu dituzte azken 8 hilabeteotan, eta horietatik bostek abesti berri horiek lehen aldiz Iruñean aurkeztuko dituzte.
Gazteluko plaza erreferentziazko agertokia da sanferminetan, eta bertako programazioa uztailaren 6an, larunbatarekin, irekiko du Izarok, jende ororendako proposamen batekin eta bere udako biran Iruñean geldialdi bat eginez. Izarok hainbat auditorium bete ditu, Baluarte, Kursaal edo Euskalduna kasu, eta bere arrakasta mugaz haraindikoa da. Las Palmasen, Madrilen eta Bartzelonan edukiera handiko aretoetan kontzertuak izateaz gain, Estatu Batuetan barnako bira txiki bat ere egin du.
San Fermín egunean, uztailaren 7an, igandearekin, gazteek Chill Mafia taldeaz gozatzeko aukera izanen dute, zeinak hainbat single aurkeztuko baititu aurreikusita dagoen disko berria argitaratu aurretik. Mendillorrikoak, beren musika-genero propioaren sortzaileak, hainbat jaialditan izan dira, Primavera Sound, Rototom eta Sonorama kasu, Bartzelonako Razzmatazz aretoan hiri-musika proposamen batekin eta Madrileko OchoyMedio aretoan sarrerak agortuta. Gaua Rotten XIII taldearekin partekatuko dute, egungo punk oi! musikaren erakusle nagusienetako bat. Taldeak Estatu osoan barnako birak egin ditu, aretoak eta jaialdiak betez, sare sozialetatik kanpo, ahoz ahokoari esker publiko gaztearekin sortu duten lotura naturalaren ondoriozko hazkundearen erakusgarri argia.
Uztailaren 8ko, asteleheneko, protagonista Zetak izanen da, Pello Reparaz Arbizuko musikari, konpositore eta ekoizlearen diziplina anitzeko proiektua. Taldea aski ezaguna da tokiko eszenan, hiru aldiz bete du Totem aretoa, bitan Bilboko Santana aretoa eta hainbat hiritako beste agertoki batzuetan ere izan da, hala nola Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Santiago de Compostelan.
Uztailaren 9an, asteartearekin, Gorka Urbizuren txanda izanen da eta Gazteluko plazara aurten argitaratutako azken diskoarekin eta BTXekin egindako azken biran Nafarroa Arena bitan bete ondoren helduko da. Interpreteak bere publikoarekin duen loturaren ondorioz ikusmin izugarria sortu da estatuan barna eginen duen birarekiko, Latinoamerikan barnako bira ere eginen du eta beharbada Europan barnakoa ere. Gorka Urbizu maila internazionalean ezagunenetakoa den nafarra da eta Melenasen ondoren igoko da taula gainera. Melenas Nafarroako musikaren ordezkariak dira undergroundean eta 2023an Estatu Batuetako KEXP eta NPR ospe handiko irratiek nabarmenenen artean kokatu dituzte, eta Chicago Wilco talde mitikoarendako 2023ko diskoetako bat izan da ere.
Uztailaren 10ean, asteazkenarekin, taula gainera igoko da Enrique Villarreal – El Drogas artista nafar mitikoa, belaunaldi askoren soinu-bandaren egilea eta egun musika-eszenaren gorenean jarraitzen duena. Hainbat ziklo eta jaialditako kartel-buru izan da, Viña Rocken, Azkenan, Sonoraman eta RockFesten kasu, eta duela gutxi Iruñeko Nafarroa Arenan ere aritu zen, sanferminetan aurkeztuko duen disko bihurtuko den kontzertu batean.
Uztailaren 11n, ostegunarekin, hitzordua bikoitza izanen da berriz ere, La Casa Azul eta Maruxak taldeekin. La Casa Azul taldea “Podría ser peor” edo “La Revolución Sexual” pop ereserkien sortzailea, Iruñera helduko da hitzez eta dantzaz beteriko ikuskizun batekin eta euskarri bisual benetan indartsuarekin. Haien aurretik agertokian izanen da Maruxak, jaiguneak gune libre bihurtzeko xedez 2019an Mendillorrin sortutako travesti-kolektiboa. Taldeak 5 urte daramatza beren ikuskizunekin Iruñerriko eszena dinamizatzen eta aurtengo festetan “Amore Bekatore” ikuskizuna aurkeztuko dute La Casa Azul taldearen emanaldia berotzeko.
Uztailaren 12an, ostiralarekin, plaza pop komertzialez eta irrati-formulaz beteko da Belén Aguileraren eskutik, gaztelaniazko poparen ahots indartsuenetako bat da eta bere abestiak pop-arrakasten zerrenda gehienen barruan daude. Artistak 2024ari hasiera eman zion “LOLITA” abestiarekin. Kanta horren bidez ahalduntze mezu indartsua bidali eta arrakasta-zerrendetan kokatu zen.
Uztailaren 13an, larunbatarekin, plazako azken bi kontzertuak eginen dira, Las Ninyas de Corro eta Foyoneren eskutik, zeinek diskoak plazaratu baitituzte aurten. Las Ninyas del Corro egungo hip-hoparen esparruko emakume-talde indartsuenetakoak dira. Bikotearen ezaugarri dira letra konprometituak, hausnarketarako gonbidapena egiten dutenak eta ahalduntzea, kritika eta, noski, beren bizipen pertsonalak jorratzen dituztenak. Finkatu zirenetik, ez diote utzi musika sortzeari eta penintsula guztian barna kontzertuak emateari. Zaleen fideltasunaren erakusgarri, haien zenbait kantak, “Salsa” kasu, milioi bat erreprodukzio baino gehiago izan dituzte YouTuben.
Malagako Foyone rap kantariak, gaztelaniazko raparen munduan gehien komentatutako merkaturatzeetako bat, Las Ninyas del Corro taldearen aurretik joko du. Foyone eszenako ikonoetako bat da, bere generoko jaialdi gehienetan presente dagoena eta aretoetan onduta eta abestietan eta txarteldegietan sendotasunez hazi den rap kantarietako bat. “Demoni” disko berria aurkeztera dator Iruñera. Disko horretan ekoizpen zaindua eta esperimentazioa dira nabarmen.
Munduko musika eta jazza gauez eta tokiko talentua Compañía plazanErreferentziazko beste agertoki bat Compañía plazakoa da, gero eta parte-hartze handiagoa du eta proposamen honengatik ez balitz gure mugetatik kanpo geldituko zen musika eta artistak ezagutzeko gune gisa finkatu da. Askotariko programazioa da estiloari dagokionez: reggaea, duba, country rocka, jazz klasikoa, gospel soula, cumbia, punka eta elektronika, Jamaikatik, Ingalaterratik, AEBtik, Beninetik, Mexikotik eta Argentinatik, besteak beste, datozen artisten eskutik. Horiei guztiei gure erkidegoko hainbat artista ere gehitu behar zaizkie, plazako arratsaldeei soinu banda jarriko dietenak askotariko estilotan, hala nola, trapa, reggaetoia, indiea, reggaea, afrobeata eta salsa, besteak beste.
Gaueko programazioak jazz klasikoaren figurak erakartzeko ildoari eutsiko dio, hala nola Champian Fulton piano-jotzailea eta Claire Martin abeslaria, bai eta Staples Jr Singers estilo bereko taldea ere, Mississippin sortutako gospel-souleko talde klasikoa. Jazzetik urrunago, Mad Professor –dub modernoaren erreferenteetako bat– igoko da taula gainera, besteak beste, Massive Attack, Beastie Boys, Jamiroquai eta KLF taldeekin kolaborazioak eta nahasketak egin dituena. Aurtengo jaietan reggae roots estiloko hiru bakarlari nagusiekin batera arituko da: Sandra Cross, Sister Audrey eta Amarra. Kontinente beretik baina estilo desberdinarekin, programak A Thousand Horses taldea ekarriko du, country rock berriaren buru diren Nashvilleko taldeetako bat. Plazako gauetan BIM (Benin International Musical) taldearen soinu afrikarrak eta Son Rompe Peraren cumbia/punka ere egonen dira entzungai.
Arratsaldeek tokiko talentua ardatz izaten jarraituko dute. Aurreko urteetan bezala, programazioak diskoak edo berriki –2023ko uztailetik 2024ko maiatzera bitarte– ekoitzitako abestiak aurkezten dituzten artistak barne hartuko ditu: Hofe x 4:40, The Titanians, Safu, Tremendo Piquete, Colectivo Ostatu eta Borla. Horri DJen proposamen batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola uztailaren 6ko elektronika saio klasikoa, iaz euriagatik bertan behera utzi behar izan zen kartelaren zati bat berreskuratuz, baita worldmusic soinuetan inspiratutako dantza-musikaren erreferenteetako bat ere, Sonido Tupinamba argentinarra, eta maKedaren afrobeat saioa uztailaren 11n. KONTZERTUAK
Gazteluko plazako agertokia- Uztailak 6, larunbata: Izaro
- Uztailak 7, igandea: Chill Mafia. Rotten XIII
- Uztailak 8, astelehena: Zetak
- Uztailak 9, asteartea: Gorka Urbizu. Melenas
- Uztailak 10, asteazkena: El Drogas
- Uztailak 11, osteguna: La Casa Azul. Maruxak
- Uztailak 12, ostirala: Belén Aguilera
- Uztailak 13, larunbata: Las Ninyas del Corro. FoyoneCompañía plazako agertokia- Uztailak 6, larunbata: Los Lazcoz + Pablo Cotton. Sonido Tupinamba
- Uztailak 7, igandea: Claire Martin Quartet. Borla
- Uztailak 8, astelehena: BIM (Benin International Musical). The Titanians
- Uztailak 9, asteartea: Champian Fulton Trio. Colectivo Ostatua
- Uztailak 10, asteazkena: Staples Jr. Singers. Tremendo Piquete
- Uztailak 11, osteguna: A Thousand Horses. maKeda
- Uztailak 12, ostirala: Mad Professor + Roots Daughters : Sandra Cross, Sister Audrey and
- Amarra. Hofe x 4:40
- Uztailak 13, larunbata: Son Rompe Pera. Safu
San Fermin 2024: egitaraua (uztailak 6-14 julio - Pamplona)
Datos del evento
Organizado por
.pamplona.es
Cuando
Del 06/07/2024 al 14/07/2024
Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.