Zine-zikloa: CÉLINE SCIAMMA
Datos del evento
Organizado por
tabakalera.eus
Donde
Tabakalera
Cuando
Del 06/07/2024 al 31/08/2024
Tabakalerak, Bilboko Institut Françaisekin lankidetzan, Céline Sciamma (Pontoise, Frantzia, 1980) zuzendari eta gidoilari frantses ezagunari eskainitako zine zikloa aurkezten du. Uztailean eta abuztuan, bere lehen pelikuletatik hasi eta elkarlan berrienetara arteko lan gehienak biltzen dituen programazioarekin, ziklo honek Sciammaren unibertso zinematografikoan murgiltzeko aukera paregabea eskainiko du, zinea bizitzarekin nahasten den lekua eta film bakoitza esperientzia bete-betea den unibertsoa. Céline Sciammak ibilbide bikaina egin du zinemaren eta telebistaren munduan, hainbat zuzendarirekin kolaboratuz zein bere proiektuak garatuz bai idazketan bai zuzendaritzan. Bere zineak male gazeri desafio egiten dio. Kontzeptu horrek errepresentazio kulturalak begirada maskulino batetik sortuak direla ematen du aditzera eta horrek objektu izatera murrizten dituela emakumeak sarritan, gizonen behar eta nahien arabera irudikatzen delako mundua. Sciamma 50/50 kolektiboko kide da sortu zenetik, Frantziako zinean genero-berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren alde lanean diharduena. Sciammak 2007an egin zuen debuta zine zuzendaritzan Naissance des pieuvres (Water Lilies) filmarekin; karrera amaierako bere proiektua izan zen La Fémis zine eskola ospetsuan. Filma Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard sailerako aukeratu zuten, eta opera prima onenaren Louis Delluc sari entzutetsua jaso zuen. Lan honekin, gainera, ziurtatuta geratu zen kritikak gertutik jarraitu beharreko zinegilea zela, bertan erakusten dituen gaiengatik eta heltzen dien moduagatik batez ere. Bere bigarren filmarekin, Tomboy (2011), gorantz jarraitu zuen Sciammak zinearen arloan, Berlingo Zinemaldiko Panorama sailean aurkeztu zenean. 2014an, (Girlhood) Bande de filles bere filmak Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldia inauguratzeko ohorea izan zuen. 2019an, Sciammaren ibilbidean mugarria, Portrait de la jeune fille en feu filma aurkeztu zuen. Kritikak gehien goraipatutako lanetako bat izan zen nazioarteko bere estreinaldian, Cannesko Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Epaimahaiak ez zuen zalantzarik egin filmari Gidoi Onenaren saria emateko garaian, bere emozio eta fintasunagatik. 2021ean, Petite maman Berlingo Zinemaldian lehiatu zen, eta bere belaunaldiko zinegile garrantzitsuenetako bat zela berresteko balio izan zion besteak beste. Gainera, Publikoaren Saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian. Sciammaren protagonistakSciammaren filmografia emakumezkoen pertsonaia gogoangarriz josita dago: bere lehen film luzeko Marie, Anne eta Floriannetik hasita Portrait de la jeune fille en feu filmeko Marianne margolari eta Héloïseraino. Bere filmek identitateari buruzko gaiak jorratzen dituzte batez ere, eta publikoarekin oihartzun emozionala izatea lortzen dute, beren pertsonaien barne-esplorazioaren bidez. Familia, sororitatea eta emakumeen sexualitatea behin eta berriro lantzen dituen kontzeptuak dira bere jardunean. Saioetarako sarrerak sarrerak. tabakalera. eus webgunean daude eskuragarri. Zine-zikloaren programa:Uztailak 6, larunbata, 19:00: Naissance des pieuvres (Water Lilies)Uztailak 13, larunbata, 19:00: TomboyUztailak 20, larunbata, 19:00: (Girlhood) Bande de filles (azpitituluak euskaraz eta ingelesez)Uztailak 27, larunbata, 19:00: Portrait de la jeune fille en feuAbuztuak 3, larunbata, 19:00: Petite mamanAbuztuak 24, larunbata, 19:00: Ma vie de Courgette, Claude Barras (azpitituluak euskaraz eta ingelesez)Abuztuak 31, larunbata, 19:00: Les Olympiades, Paris 13e, Jacques Audiard
Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.