KONGRESUA Mondragon Unibertsitateko ikertzaile, doktoregai eta ikasleek beren aurrerapenak aurkeztu dituzte CASEIB 2025 kongresuan
Zaragozan egin zen Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartearen Urteko Biltzarra, azaroaren amaieran. Kongresuaren aurtengo leloak zioen “Berrikuntza teknologia osasunerako eta bizi-kalitaterako” 2025·12·15
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ordezkari ugari izan ziren Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartearen Urteko XLIII. Kongresuan. Zehazki, Biomedikuntza arloko hainbat irakasle-ikertzaile izan ziren, doktoretza-programako ikasleekin eta Teknologia Biomedikoetako Masterreko ikasleekin batera.
Hauek izan ziren kongresuan aurkeztu zituzten lanak: Zauri kronikoak tratatzeko belaunaldi berriko apositu bioaktibo bat
- Egilea: Lorea Buruaga, irakasle eta ikertzailea
Poster-formatuko komunikazio honetan, zauri kronikoak tratatzeko belaunaldi berriko apositu bioaktibo baten garapena aurkeztu zuen, arreta berezia jarriz erantzun zelularra modulatzeko eta ehunen birsorkuntza bultzatzeko duen gaitasunean.
Ikerketa ALOPRP3D IV proiektuaren barruan egin da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatzen du, Osasunari buruzko Ikerketa eta Garapen Proiektuak izeneko 2024ko deialdiaren barruan. Lana hainbat erakundeen artean eraman da aurrera: Biobizkaia/Osakidetza – Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren, BCMaterials-en eta EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saila hain zuzen ere. Hasierako emaitzek erakusten dute aposituak baduela ahalmena zauriaren mikroingurunea hobetzeko eta orbaintze-prozesua bizkortzeko. Adina iragartzeko tresna automatikoa, irudi ez-inbaditzaileetan oinarritua
- Egilea: Garazi Zuazo, Doktorego Programako ikaslea
Ikerketa honetan, adina iragartzeko tresna automatiko bat aurkeztu zen, koherentzia optikoko tomografiako (OCT) irudi ez-inbaditzaileetan oinarritua. Tresna hori ikaskuntza sakoneko ereduetan oinarrituta dago, eta 517 kontrol-subjektutatik 1180 OCT bolumenekin entrenatu dira. Zehazki, ikaskuntza sakoneko arkitekturak erabili dira, B-scans sarrera indibidualtzat hartzen dituztenak (2D-ko irudiak), baita irudi bolumetrikoak ere (3D-ko irudiak). Proposatutako sistema gai izan da 3. 07 urteko batez besteko errore absolutua duten subjektuen adina iragartzeko, literaturan argitaratutako beste sistema batzuk hobetuz. Behe-maiztasuneko oszilazio sistemikoek garun-sareetan duten eragina
- Egilea: Ibai Azpeitia, Teknologia Biomedikoen Masterreko ikaslea
Ibaik Ganteko Unibertsitatean eginiko Gradu Amaierako Lana aurkeztu zuen. Behe-maiztasuneko oszilazio sistemikoek (sLFO) ekintza-sare somato-kognitiboetan eta atsedenean dauden garun-sareetan duten eragina aztertzen oinarritu zen bere lana. Lan horretan frogatu zuen sLFOek bariantza handia azaltzen dutela erresonantzia magnetiko funtzionalaren seinaleetan, eta garuneko materia grisean % 14. 5era artekoa dela. Aurkikuntza horiek faktore fisiologiko hori kontrolatzearen garrantzia azpimarratzen dute, garunaren konektibitatearen interpretazio zehatza egiteko. Lan ona talde! Jarraitu bide honetan lanean eta soluzio berriak topatzen gure osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko!
Mondragon Unibertsitateko ikertzaile, doktoregai eta ikasleek beren aurrerapenak aurkeztu dituzte CASEIB 2025 kongresuan

Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.