Mundu bazterreko abesbatzak entzuteko egunak

Mundu bazterreko abesbatzak entzuteko egunak
Egun hauetan ahotsez beteriko musika entzuteko parada egongo da hainbat tokitan. Ezagunetan Tolosa izango da, bertan, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 55. Edizioa egingo baita urriaren 31tik azaroaren 3ra arte.

Aurten, Belgikatik, Danimarkatik, Frantziatik, Letoniatik, Lituaniatik Filipinetatik, Indonesiatik, Thailandiatik, Hego Koreatik edota Txinatik etorritako taldeak arituko dira bertan, eta guztira sei emanaldi antolatu dira Leidor Aretoan. Talde horiek euskal konpositoreen lanak interpretatuko dituzte lehiaketan. Polifoniako ahots nahasien kategorian, Valentin Zubiaurreren O quam suavis aukeratu dute, eta ahots berdinetan, Xabier Sarasolaren O sacrum convivium. Folkloren sailean, David Azurzaren Dantzantik eta Eva Ugalderen Hitzak entzungo dira. Haur abesbatzek Javier Bustoren Hegan abestia interpretatu beharko dute.

Beste aldetik, Mungiak Abesbatzen Nazioarteko Topaketaren 23. edizioa ospatuko du azaroaren 2, 9 eta 16an, bertako Andra Mari eta San Pedro elizan. Larunbatean, azaroaren 2an, Thailandiako Suanplu Chorus abesbatza herrian izango da Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan parte hartu ondoren, eta azaroaren 9an, Landarbasoko Dizdizka Errenteriako abesbatzaren txanda izango da; Oñatiko Hots Abesbatzak, berriz, azaroaren 16an emango dio amaiera programari.

Comentarios

Tentu usa cookies para ofrecerte la mejor experiencia

Básicas

Analíticas de usuario y rendimiento