Udari, beste inoiz baino gehiago, musika eskatzen diogu, zuzeneko musika, bere aldaera guztietan entzuteko eta gozatzeko prest den musika. Eta Donostian, abuztuan, zuzeneko musikaz hitz egitea Musika Hamabostaldiaz hitz egitea da. Musika klasikoaz, bestelako musikaz, dantzaz eta beste hainbat diziplina artistikoz gozatzeko aukerarik onena; geroz eta publiko zabalagoarengana iristeko helburuz bere eskaintza berritzen duen jaialdia; horixe da Donostiako Musika Hamabostaldia, eta aurten abuztuaren 1etik 30era, hiriko areto eta kultur gune nagusietan ezezik, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko beste herri batzuetan ere present izango da. Sarreren salmenta orokorra maiatzaren 21ean, asteartean, abiatuko da, goizeko 11:30etan. Aurtengo edizioa osatzen duten kontzertu guztietarako sarrerak www. quincenamusical. eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira. Hamabostaldiaren Lagun izateak abantailak eta deskontuak dakartza sarrera solteak eta abonamenduak erosterakoan, % 25a arteko deskontua.
"BIDAIAK ETA EXOTISMOA": HAMABOSTALDIA DENBORAN ETA KULTURA EZBERDINETAN ZEHAR EGINDAKO BIDAIA GISA, MUSIKA PASAPORTETZAT HARTUTAIdeia erromantikoen eta industria-garapenaren arteko talkak XIX. mendeko kultur eremura ekarri zuenaren adibide ezin hobea da Carmen opera. Makina berriek bide eman zioten egun gu geu garenari, mekanizatutako gizarte bati alegia, eta mundua askoz ere txikiagoa egin zuten iruditeria exotikoari argi emango zioten kulturak mendebaldera hurbilduz eta bertan ezagutaraziz. Exotismoa eta bidaiaren ideia izango ditugu hain zuzen ere, aurten programazioa osatzen duten zikloak ehunduko dituen ildo tematikoa. Hala, Saint-Saënsekin Egiptora bidaiatuko dugu, Shostakovitxekin kosakoen herrrialdera, Prokofievekin desagertzear den Europa ekialdeko juduen mundura, Ravelekin mila eta bat gaueko ekialdera edo Stravisnkyrekin Errusiako mugakide diren bazter magikoetara. Hainbat bidaiariren abenturak ezagutuko ditugu, tartean Egeria galaikoarenak, Genovako Marco Polorenak, edo Krystof Harant konpositore, idazle eta matxino txekiarrarenak. Folia ezagutuko dugu, hainbat garai eta tokitako erritmoak kaleidoskopikoki uztartzen dituen dantza ikuskizuna; eta Arantzazuko Santutegira bueltatuko gara, kulturen elkartasun gune den Arantzazura, elkarlan berezi baten lekuko izateko: Antzinako instrumentuen berreskurapenean aditu den Abraham Cupeiro musikari eta ikertzaile galiziarra, Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran, Oreka TX eta Oiasso Cameratarekin ariko baita aurrenekoz, Hamabostaldirako propio sortutako proiektu batean. MUSIKA KORALA: OBRA BEREZIAK, ETA TOKIKO ETA NAZIOARTEKO ABESBATZAKMusika koralak gure lurraldean duen garrantzi handia Hamabostaldian ere nabarmena da, eta jaialdiaren bereizgarrietako bat izatera iritsi dela esan daiteke. Aurten bertako abesbatzekin batera, nazioarteko proiekzioa duten hainbat formazio izango dira Hamabostaldian, Bach Collegium Japan eta Cappella Mariana, besteak beste. Errepertorioari dagokionez, nabarmentzekoak dira Beethovenen Missa Solemnis, zailtasun ikaragarria duen obra, eszenatokietan guztiz ez-ohikoa dena, eta Marc Minkowski, William Christie edo Christopher Hogwood maisuen ikasle den Jérémie Rhorer-ek egun Europa osoko orkestrekin zuzentzen duena; eta Shostakovitxen Stepan Razinen ejekuzioa, errusiar konpositorearen errepertorioan ia ezezaguna bada ere, indar handiko lana dena. Biak dira, beraz, obra hauetaz zuzenean gozatzeko aukera paregabeak. NAZIOARTEKO IZARRAK: RICCARDO CHAILLY, IVAN FISCHER, GUSTAVO GIMENO, SOL GABETTA, PATRICIA KOPATCHINSKAJA, ALEXANDRA DOVGAN. . . Auditorioko Zikloa Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren bi kontzerturekin hasiko da aurten. Gustavo Gimeno zuzendari titularra izango da podiumean. Datorren urtean, Gimenok orkestra horri lotuta egoteari utziko dio, Errege Antzokiaren musika-zuzendaritza bere gain hartzeko. Zuzendaritza berri hau, 2020 urteaz geroztik duen Toronto Symphony Orchestraren musika-zuzendaritzarekin bateratuko du gainera. Lehenengo kontzertuak Bruce Liu pianistaren debuta dakar. 2021ean Chopin Piano Competition saria irabazi zuen, eta horrek rock izarraren statusa eman zion musika klasikoaren esparruan; gainera, orkestra-zuzendaritzako lehiaketa ospetsuenetako bat irabazi berri du Liuk, Mahler Conducting Contest izenekoa. Riccardo Chailly, musika-zuzendaritzako izar handienetako bat dena, hirugarren aldiz itzuliko da Hamabostaldira. Bere egungo orkestrarekin etorriko da oraingoan, Orchestra Filarmonica della Scala de Milan entzutetsuarekin. Munduko opera antzoki ospetsueneko orkestra da hauxe, eta 1982. urtean Claudio Abbado handiak abiarazi zuen jarduera sinfonikoan. Chaillyk bertan, Milango La Scalan, hasi zuen bere ibilbidea Claudio Abbadoren laguntzaile gisa. Ondoren, Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoko, Royal Concertgebouw Orchestrako, Leipzigeko Gewandhaus Orkestrako eta, 2015etik aurrera, Milango Orchestra Filarmonica della Scalako musika-zuzendaria izan da. Ivan Fischer eta bere Budapest Festival Orchestra, Hamabostaldian ohikoak direnak, hitzordu bikoitzarekin itzuliko dira; Lehenengo kontzertuan Patricia Kopatchinskaja ariko da orkestrarekin, eta moldaviar biolinista ezagunak hauxe izango du Hamabostaldian debuta. Grammy sari baten jabe den Kopatchinskaja, "indar adierazkor ezohikoa, argudiorik gabeko informaltasuna eta antzerkirako guraria dituen interpretea" bezala deskribatzen du The New York Times-ek. Masaaki Suzukik, duela bi urte, Hamabostaldiko Organo Zikloan hartu zuen parte. Aurten Bach Collegium Japan formazioaren gidari bezala dator gurera. Instrumentu originalak jotzen dituzten interpretez eta abesbatzaz osatutako talde barroko hau Suzuki berak sortu zuen 1990ean. Bach-en interprete bezala nazioarteko sona duen organista, klabezinista, orkestra zuzendaria eta musikologoa da Suzuki. Talde japoniar honek Hamabostaldian parte hartzen duen lehen aldia da. Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoak itxiko du aurtengo Hamabostaldia. 2015. urteaz geroztik orkestraren zuzendari titularra den Mikko Franck finlandiarrak zuzenduko du kontzertua, eta Sol Gabetta biolontxelista da bakarlaria. Biolontxelo-jotzaile franko-argentinar horren nazioarteko ibilbidea Artista Gazte Onenaren "Credit Suisse" saria irabazi zuenean hasi zen, eta Valery Gergieven zuzendaritzapean Vienako Orkestra Filarmonikoarekin emandako kontzertuak musikaren esparruko ate ugari ireki zizkion. Azkenik Alexandra Dovgan gazte prodijioak, pianoaren izar berritzat hartzen denak,Victoria Eugenia Antzokian eskainiko du Donostian eta Hamabostaldian ematen duen lehen errezitaldia. MUSIKA HAMABOSTALDIA DANTZA ERE BADAAurtengo edizioak hamar hitzordu baino gehiago izango ditu dantzarekin: Kursaalen, Mourad Merzoukik zuzendutako Compagnie Käfig frantziarrak Folia aurkeztuko du, barrokoaren eta kale-erritmoen arteko zuzeneko dantza eta musika muntaia; Victoria Eugenia Antzokian, Úrsula Lópezen Compañía de Flamenco taldeak Comedia sin título aurkeztuko du. Dantza eta flamenkoa Federico García Lorcaren berpizkundean; Tabakalera Dantzanen, Myriam Perez Cazabon, Hotel Col. lectiu Escènic, Javier Arozena eta Cía. Mal Pelo ariko dira; Inaugurazio Jardunaldian, Kresala Dantza Taldeak Eduardo Chillidaren omenezko muntaia estreinatuko du Haizearen Orrazian, eta DAB Dantza Konpainiak ere omenduko du Chillida Lekun eta Cristóbal Balenciaga Museoan egingo diren emanaldietan; eta Iván Vargas dantzariak Dúo Cassadó bikotearekin partekatuko du agertokia Senperen. EKOIZPEN PROPIOA: CARMEN EDO HAURRENTZAKO EGIA ALA GERUZA OPERAK, DANTZA GARAIKIDEKO SORKUNTZA-EGONALDIA ETA BI OBRA MUSIKALEN ENKARGUAKJaialdiaren beste oinarrietako bat sortzaile eta interpreteei laguntza ematea da, proiektu berriak ekoitzik euren lanean sakon dezaten. Edizio honetan kapitulu horrek garrantzi berezia hartzen du, Bizeten Carmen operaren bertsio berri batekin, eszena gerraosteko Espainiara eraman duen Emilio Lópezen proposamen eszenikotik abiatuta. Era berean, haurrentzako Egia ala geRuza opera estreinatuko da, Lewis Carrollen ("Alicia en el país de las maravillas", "A través del espejo") testuak oinarri dituena, Easo Abesbatzarekin lankidetzan eta Guillermo Amayaren zuzendaritza eszenikoaren pean. Halaber, Tabakalera Dantzan zikloa barne hartzen duen sorkuntza egoitza, kultura garaikideko zentroarekin lankidetzan, aurten Myriam Perez Cazabon koreografoak garatuko duena. Gainera, Garaikidearen zikloan Hamabostaldiak Fernando Buideri enkargatutako obra bat estreinatuko da eta Organo zikloan Carol Williamsi enkargatutako beste bat. 9 OBRA ETA IKUSKIZUNEN ERABATEKO ESTREINALDIASorkuntza berria sustatzeko konpromisoa, era berean, 9 ikuskizun eta pieza musikalen erabateko estreinaldian islatzen da. Lehenengoei dagokienez, Carmen operaren ekoizpen berria (Kursaal Auditorioa); Egia ala geRuza haurrentzako opera (Haurren Hamabostaldia); Myriam Perez Cazabonen koreografia Sofia Martínez konpositorearekin lankidetzan; eta Kresala Dantza Taldearen Hiru ikuskizuna, Eduardo Chillidaren omenez (Inaugurazio Jardunaldia). Erabateko estreinaldian entzun ahal izango diren partiturak honako hauek dira: A Reverence to San Sebastian, bere egileak, Carol Williamsek, Organoko Zikloan interpretatuko duena). Eta Musika Garaikideko Zikloan, Félix Ibarrondoren Glass eta J. J. Peña Aguayoren Palladium Motus estreinatuko dira, Spanish Brassek interpretatuko duena; Fernando Buideren obra, Abraham Cupeiro eta Ensemble Música Práctica interpretatuz; eta Ziyi Taoren Notspur (Pablo Sorozabalen Harizko Laukoterako Nazioarteko XVII. Konposizio Lehiaketaren irabazlea), Cikada String Quartetek interpretatuko duena. HAMABOSTALDIKO BESTE ZIKLOEK 60 KONTZERTU BILTZEN DITUZTE ETA EDUARDO CHILLIDARI ETA NÉSTOR BASTERRETXEARI OMENALDIAK BARNE HARTUKO DITUZTEHamabostaldiko ziklo espezializatuetan, publikoak proposamen paregabeak aurkituko ditu, tipologia eta formatu askotarikoak, garai eta estilo guztietako errepertorioak biltzen dituztenak: ganbera- eta antzina-musika San Telmo Museoan, proiekziodun kontzertu bat edo Pepe Viyuela aktorearen presentzia barne; dantza garaikidea Tabakalera Dantzan-en; organo-musika Gipuzkoako organo erromantiko handietan; talentu gazteak Miramarren, familia osoarentzako proposamenak Haur Hamabostaldian, musika garaikidea Kursaalen eta Musika Aitzaki hitzorduak Abraham Cupeiro Arantzazun eta beste batzuk Chillida Lekun, Cristóbal Balenciaga Museoan, Hondarribian, Zumaian, Senperen eta Arabako hainbat herritan. Eduardo Chillidaren eta Néstor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena hizpide izango dugu. Biek kartel bana sortu zuten Musika Hamabostaldirako (1996an eta 2003an), eta jaialdiko hainbat hitzordutan izango ditugu gogoan: Kresala Dantza Taldeak (Inaugurazio Jardunaldia), Karol Mossakowskik (Organo Zikloa) eta DAB Dantza Konpainiak (Hamabostaldi Ibiltaria) Eduardo Chillida omenduko dute; eta Néstor Basterretxea Hondarribian oroituko dute omenaldi-kontzertu batean, "Néstor Basterretxea, erroen modernitatea" dokumentalaren proiekzioa oinarri izango duena, eta Sussane Kajula eta Veli Kajularen eskutik organo eta akordeoi kontzertu batean (Organo Zikloa). ESKAINTZA IRISGARRIA
Hamabostaldiaren konpromisorik handiena berau sostengatzen duten herritarrekiko da. Horregatik, bere ahalegin handienetako bat edizio bakoitzean biltzen duen eskaintza anitza eta kalitate handiagokoa irisgarria izatea da. Prezio oso lehiakorrak izateaz gain, Kursaaleko ziklo sinfonikorako sarrerak 11,60 eurotik gora, Hamabostaldiaren eskaintzaren zati bat doakoa da. Doan izango dira Inaugurazio Eguneko kontzertuak (Kursaal Auditorioko kontzertua izan ezik), organo zikloko kontzertu guztiak eta Tabakalera Dantzan eta Hamabostaldi Ibiltariko hitzordu batzuk. Gainera, 30 urtetik beherakoek Ordu Gaztea baliatu dezakete: 3 euroko sarrerak erosi ahal izango dituzte Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian (abuztuaren 26ko "Egia ala geRuza" haurrentzako kontzerturako izan ezik), eguneko ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, dagozkien leihatiletan. Leihatilan sarrerak izatearen baldintzapean eta adina egiaztatu ondoren. 30 urtetik gorako langabeek ere sustapen horretan parte hartu ahal izango dute, Izena Emateko Aldien Ziurtagiri eguneratua aurkeztuta.
Donostiako Musika Hamabostaldia 2024: egitaraua
Datos del evento
Organizado por
Donostiako Musika Hamabostaldia
Cuando
Del 01/08/2024 al 30/08/2024
Comentarios
Inicia sesión para poder comentar.